Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Jule Goikoetxea Mentxaka
ERRADIKALAK
4. Zergatik naiz heterosexuala?
ERROAK, ERRAIAK, TRIPAK ETA DARDARAK
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Jule Goikoetxea Mentxaka
ERRADIKALAK
4. Zergatik naiz heterosexuala?
ERROAK, ERRAIAK, TRIPAK ETA DARDARAK
9. Erasotuak
bea: Hala ere, lehiaketa honetan puntuazio altua eskuratzeak ere ez zaitu erasotua izatetik libratzen.
(bea atzealdera joango da, ane erdigunera.)
ane:
Doinua: Haizea dator ifarraldetik
Erasotuak izan gaitezke
beraz, ez gara libreak;
botere faltan behean kokatu
ohi gaitu piramideak.
Nork jartzen ditu joko-arauak,
markoak, irizpideak…
Nork uzten ditu jokotik kanpo
zureak eta nireak?
Argi ikusteko galbahetu nahi
ditugu adibideak
zenbateraino izan daitezkeen
konplize hedabideak.
(beak soka lotuko du panel batetik bestera eta egunkaria utziko dio aneri aulkiaren gainean. anek aulkia aurreratuko du eta bertan eseriko da. beak egunkari txatal bat zintzilikatuko du sokan aneren kopla bakoitzeko.)
ane (egunkaria irakurriz):
Doinua: Aharrausi egin du basoak
Maitasun erromantikoak
badauka nahi beste marketin
isilpeko hiltzaile
bihurtu dute San Valentin.
Lerroburu bat jarri dute
hain hausnartua, hain argia:
emakume batek du
gizonezkoen ausardia.
Andre mozorroa zeraman
gizon bat ei dute jipoitu.
Albiste bat nola hain
eduki transfoboz pozoitu.
Telesail latz bat egin nahia
kritikatzera gogor noa
parekatu dituzte
“La manada” eta pornoa.
Hiltzea delitua dela
irakurrita amiltzea,
baina abortua ez da
ez delitua, ez hiltzea.
Goizaldean deituz maitasun
kantekin zeharo mindua,
ez da inon aipatzen
zeukan urruntze agindua.
Harreman sexualak eduki
aizkora baten mehatxuen
pean, irakurri dut
beraz, bortxatu egin zuen.
Hamarrek ez abusatzeko
bakar baten mende jartzea
onartu omen zuen,
baina hori ez da onartzea.
Labana bat sartu ziola
mutilari, esanez prentsa
horrela kontatuta
ez dirudi autodefentsa.
Bikotearen eskuetan
nahiz zeloengatik in situ,
hilda agertzen direnak
beti norbaitek hiltzen ditu.
Lau egunetik behin andre bat
hiltzeak dakar samin asko
baina hedabideentzat
inoiz ez da egiturazko.
(Egunkaria itxi eta bearen eskuetatik azken egunkari txatala hartuko du anek.)
ane: Gizon bat atxilotu dute bere emazteari labanaz mihia mozten saiatzeagatik.
(Azken egunkari txatala sokan zintzilikatuko du. beak egunkari txatalak zintzilik dituen soka askatuko du eta ane soka horrekin inguratuko du bertsotan ari den bitartean.)
ane:
Doinua: Ai hori begi ederra
Mundua denez estutu
nahi gintuzkeen inbutu
pertsonak dira mamutu.
Labana esku batean hartu
eta ez dira damutu
nahi gintuzkete izutu
hilik ez bagaude mutu.
(beak aneri ahoa estaliko dio eskuarekin eta, ondorioz, anek bertsoa bukatu gabe utziko du.)
Gure nahi eta ezinen,
pasio, amorru, minen,
iraultza txikien, grinen…
Artean jardun genuen noizbait,
konplize izan al zinen?
Ahalik eta sorginen
deserosoen, gordinen…
erradikalak al ginen?
(Aurreko bertsoan zehar ane inguratzen duen soka askatuko du pixkanaka beak, eta bertso hau bukatzean lurrera botako du. ane eskuin aldera mugituko da, erdiko paneleko pertsiana ikus dadin.)
Indarrak ahots kordara
pizten zaigun bolborara
beldurren antipodara.
Nahiz eta batzuek agian entzun
gaitzaketen desgogara,
hau ez ote da froga ba?
Testigua denbora da
gara ta izango gara.
(beak pertsiana biraraziko du eta “Erradikalak ginen, gara eta izango gara” leloa agertuko da bertan idatzita. Publikoari bukatu dela sinetsarazi eta agurtu ondoren, berriro itzuliko dira bea eta ane. Lehenak bonbo bat izango du zintzilik eta bigarrenak, aldiz, panderotxo bat. Erregistroa guztiz aldatuta, irribarrez itzuliko dira.)