Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Jule Goikoetxea Mentxaka
ERRADIKALAK
4. Zergatik naiz heterosexuala?
ERROAK, ERRAIAK, TRIPAK ETA DARDARAK
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Jule Goikoetxea Mentxaka
ERRADIKALAK
4. Zergatik naiz heterosexuala?
ERROAK, ERRAIAK, TRIPAK ETA DARDARAK
2. Ama izatea(k)
bea: Ba gauzak horrela... Batzuetan lotsa ematen dit pedigridun euskaldun hauen aurrean euskaraz hitz egiteak. Eta nire konplexuak elikatzeko zer bururatuko eta... Bi ume edukitzea bururatu zitzaidan. Hauek, nola ez, pedigridun euskaldunak izateko hezi behar nituen. Nik dena euskaraz egiten diet, hauen aitak ere —euskaldun berria bera, duela hogei urtetik euskara ikasten—...
ane: Duela hogei urtetik eta euskaldun berria? Berria-ko langilea, euskarazko hainbat eta hainbat liburu idatzi dituena eta bertso-eskolan dabilena ere euskaldun berria al da oraindik?
bea (anerengana hurbilduz): Zer ari zara, Iñaki Petxarromani buruz?
ane: Adibidez.
bea: Bai, arrazoi duzu, honi buelta pare bat eman beharko zaizkio, ezta? Euskaldun berria… Noiz arte? Baina beno, lehengora itzuliz… Orduan nik umeei euskaraz, hauen aitak —euskaldun berri eterno horrek ere— dena euskaraz. Nire eta haurren aitaren artean ere beti… Beno, horrek ez dio axola, ez da gaurko gaia, umeei buruz ari ginen, ezta? ETB3 baino ez genien jartzen —Doraemonen master bat daukate honi esker, japoniar kultura ederki ezagutzen dute, euskal kultura baino askoz hobeto… Lehengo egunean aitari sushia eskatu zioten afaltzeko...— D ereduan matrikulatuak Euskal Eskola Publikoan… Zer gehiago egin daiteke? Ba oso gaizki goaz. Oso gustuko dute gazteleraz hitz egitea. Eta, orain, euskalgintzako sektan sartuagoa nagoela, ba maiz lotsarazten naute… Begira, adibidez, lehengo batean gure herriko plazan herrien arteko anaitasun festa horietako bat zegoen...
ane (bearen jarduna etenez): Edo ahizpatasun, ez?
bea: Hara, egia! (Publikoari zuzenduz, eta ane seinalatuz) Esan dizuet inoiz oso azkarra dela? Arrazoi duzu. Orain herriak zer dira, maskulinoak? Hori hartu egingo dizut, Ane, eta berriro hasiko naiz. Lehengoan gure herriko plazan herrien arteko ahizpatasun festa horietako bat zegoen. Gure aldetik gure onena jarri genuen, trikitixa (trikitixa eta pandero soinuak eta keinuak eginez) eta taloak (taloak egiten ari dela antzeztuz), eta besteek castellers-ak. Bai, noski, katalanak ziren. Norekin ahizpatuko gara bestela?
Hantxe agertu zen emakume eta gizon talde bat eta oinarri sendo bat osatu zuten aurrena. Ondoren, emakume eta gizon gehiago batu zitzaizkien dorrea egiten hasteko. Plazako guztiok dorreari begira geunden eta, bat-batean, han agertu zen txikitxo hori, kasko eta guzti. Oinarri sendora salto egin zuen eta gero dorrean gora igotzen hasi zen. Boing, boing, boing… (eskuekin goranzko saltoak irudikatuz) Eta halako batean irrintzia (irrintzi bat botako du), malkoak begietan, txikitxoak gailurra zapaldu zuen… Eta plazan isiltasun hunkigarri bat. Eta hortxe, isiltasun hunkigarri horren erdian, gure umeak: “¡Que se caiga, que se caiga!”.
Enee! Ingurura begiratu eta sektako jende pila bat gure inguruan; begiekin “Zer heziketa klase ematen diozue haur horri?” galdetuz bezala. Eta orduan ni umearengana hurbildu, lepotik heldu eta: “Euskaraz, e, mesedez, euskaraz!”. Zeren psikopata, tira, baina gutxienez euskalduna izan dadila...
Baina esan dizuet lehenago bi dauzkadala… Ba bestea ere ez da atzean geratzen. Korrika-k gure herritik igaro behar zuen eta badakizue nola izaten den: herri osoa fosforitoz jantzita, bizitza osoa korrika egiten bagenerama bezala. Goizaldeko ordu bietan pasatzen bada ere gu han haurrekin, haurrak izugarrizko logurarekin, baina gu han, zeren Korrika da, gurea da (ukabilarekin bularraldea kolpatuz) eta gaupasa egin behar bada gaupasa egingo dugu!
Halako batean, furgoneta gerturatzen ari zela ikusi genuen urrutian eta umeak, emozio bizian: “¡Eeeh, que vienen los corredores!”. Eta nik ondotik: “Euskaraz, e, euskaraz, eta corredores y corredoras!”. Gazteleraz eta matxista? Hori bai ezetz!
ane eta bea (biek batera, irmo eta indarrez): ez ezetz da!
(Isiltasun tarte bat.)
bea: Amatasuna… Frente gehiegi dira…
(ane aurrera, albo batera, kantura. beak bitartean zapia erantziko du eta beso artean hartuko du, kulunkatuz bezala. Pozik hasiko da, baina bertsoz bertso bidaia bat egingo du emozio desberdinetan barrena: pozetik nekera, etsipenera, tristurara, amorrura… Azken bertsoaren amaieran, zapia askatuko du lurrera eror dadin.)
ane:
Doinua: Haurtxo txikia negarrez dago
Bizi-esperientzia zoragarria
zirraren ongizatea,
hankak zabalduz ireki diot
zorionari atea
ez zait inporta albo kalteak
azalean jasatea
inoiz gertatu zaidan onena
baita ama izatea.
Gurea oso zintzoa dela
derrigor zait esatea
begi-zuloak tapatu nahian
bisitatzen dut parkea
ume txiki bat bilakatu zait
nire eskaparatea
beti irrifar egin beharra
baita ama izatea.
Txikitxoaren zilborrak soilik
dauka zentralitatea
negar intziri sarkor bihurtu
daitekeelako bakea
nekagarri da oso bi orduz
behin bularra ematea
gauetan lorik ez egitea
baita ama izatea.
Ahaztu ametsak, nahiak, desirak,
nire sexualitatea,
jaio zenetik definigaitz zait
zer den intimitatea,
ama soilik naiz, bilakatu zait
muga identitatea,
ni izatea alboratzea
baita ama izatea.
Gatazka maila oso altua
kontraesanen katea,
denok ezberdin bizi dugunez
zilegi da debatea,
kontrajartzean mito handi bat
ta errealitatea,
damua onartzen ez den hautua
baita ama izatea.
(Isiltasun tarte bat. ane eta bea geldirik, publikoari begira.)
bea (berriro mugitzen hasiz): Laburbilduz, umeak molestoak dira, behin edukiz gero maitatu, hori ere bai, baina oso molestoak dira, erleak bezala (eskuekin erleak uxatzeko keinua eginez). Munduak eta humanitateak aurrera egiteko beharrezkoak ditugu, baina molestoak dira. Humanitateak… Beno, hau beste baterako utziko dugu. Oraingoz hemen gaude, humanitatea hemen dago eta mundua humanitatea bezain anitza da…
(bea atzera joango da zapia bionboko pertxan zintzilikatzera.)