Erradikalak
Erradikalak
Beatriz Egizabal Ollokiegi
Ane Labaka Mayoz
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larraņaga
Barruko argazkiak: Cesar Marcos
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
152 orrialde
978-84-17051-89-1
Beatriz Egizabal Ollokiegi
1971, Lasarte-Oria
 
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2021, saiakera
 

 

8. Ea nor feministago

 

ane: Beno, lehiaketa bat egin dezakegu feministagoa nor den erabakitzeko. (anek hiru gutun-azal more aterako ditu) Tori, hiru gutun-azal dauzkazu aukeran. Aukeratu bat.

 

bea (urduri): Ai ene, lehiaketa bat? Hemen? Orain? (Pausa txiki baten ondoren gutun-azal bat hautatuz) Hauxe!

 

ane: Primeran. (Gutun-azaletik irakurriz) Lehenengo gutun-azala: Feminismoan irakurri beharreko autoreak eta hauen obraren ezagutza. 1A galdera: Nork idatzi zuen Bigarren sexua?

 

bea: Hori erraza da. Simone de Beauvoir-ek.

 

ane: Ados, oso ondo. Orain esan letraz letra.

 

bea: Simone?

 

ane (zorrotz): Beauvoir.

 

bea: Ahh… Be, bu, o, e, bu, eaiou, rrrrrr...

 

ane: 1B: Norekin atera zuen selfie bat ia Euskal Herri osoak duela hiru urte inguru? Pista: selfiean beti Fermin Muguruza agertzen zen.

 

bea (kantuan): Nola da Fermin? Nola da? Gure erritmora. (Pausa txiki bat) Badakit! Angela Davis.

 

ane: Bikain. Orain laburbildu esaldi batean bere obra.

 

bea: Ferminena? (anek serio begiratuko dio) A, ez, bestearena, ezta? Jo, ba ilea kizkur-kizkurra dauka, mikrofono baten antzera…

 

ane: 1C: Zein da gai minutu batean Euskal Estatu Feministaren oinarriak azaltzeko, bere ileko kizkur bat zorabiatzen duen bitartean?

 

bea (kizkur bat kiribiltzen duen bitartean): A bai, badakit! Jule Goikoetxea!

 

ane: Oso ondo. Eta zer ekarpen egin dio Juleren teoriak feminismoari?

 

bea (emozioz): Ai, Jule. Nire laguna da… Nik den-dena irakurtzen diot… Eta, begira, nire irakurketa ulermen maila pila bat hobetu dut berari esker. Orain, batzuetan, bi paragrafo jarraian ulertzen dizkiot. Baina, beno, egia da ideia interesgarri asko plazaratu dituela… Adibidez, “Bakea ez da existitzen, feminismoa bai”.

 

ane (irakurriz): Bigarren gutun-azala: Glosario feminista amona Rosariok esplikatuta. 2A: Heteropatriarkatu kapitalista.

 

bea: Hori amona Rosariok inork baino hobeto azaltzen zuen. Goizero, gosaltzen ari ginela esaten zidan: maitea, kontuz ibili, e? Gizona beti agintzen eta dirua kentzen. Gero jarri diozue heteropatriarkatu kapitalista izen hori baina aurretik ere existitzen zen…

 

ane: 2B: Queer.

 

bea: Queer! Hori ere ederki azaltzen zuen amona Rosariok. Goizero, gosaltzen ari ginela esaten zidan: laztana, pasa neskqueer, mesedez! (aneri ez dio ateraldiak graziarik egingo) Ai, Ane, barkatu. Ez jarri horrela… Amona Rosariok ez zekien ezer queer teoriari buruz eta, egia esan, nik ere ez… Hori galdetu Judith Butler-i… Berak oso ondo esplikatzen du; Oteiza bezain argia eta ulergarria da.

 

        Aizu, eta zergatik dauka Judith Butlerrek nik baino zilegitasun handiagoa queer teoriaz hitz egiteko? Feminismoa ez al da mugimendu horizontala? Ez al gara guztiok berdinak? Zergatik, orduan? Berak asmatu eta aztertu duelako queer teoria? Milaka ordu pasa dituelako hori ikertzen? Unibertsitatean egon delako? Ikasketa ugari dauzkalako? Hori klasista da!

 

ane: Orduan, zuk Stephen Hawkingek adina zilegitasun daukazu zulo beltzei buruz hitz egiteko, ezta?

 

bea: Astrofisika ere horizontala da?

 

(anek ez dio erantzungo eta aurrera egingo du.)

 

ane: 2C: Feminazi.

 

bea (harro): Eskerrik asko!

 

ane: 2D: Matxirulo.

 

bea: Sutara! (Pausa txiki bat) Zer? Ez begiratu horrela! Honek puntuak emango ditu lehiaketa honetan, ezta? Ane, eta orain glosarioarekin ari garela errimategia ere errepasa genezake… Horrela saio batera joan eta gai hau egokitzen bazaizu, ba… entrenatu egingo dugu, badaezpada ere. Ea zenbat hitz bilatzen ditugun feminista hitzarekin errimatzen dutenak.

 

ane: Feminista.

 

bea: Transfeminista.

 

ane: Antimilitarista.

 

bea: Antiespezista, animalista, beganista…

 

ane: Beganista? Antikapazitista.

 

bea: Ekologista.

 

ane: Feminista sozialista.

 

bea: Feminista marxista.

 

ane: Internazionalista.

 

bea: Antikolonialista, antiinperialista.

 

ane: Antiarrazista.

 

bea (pentsakor): Mmm… Tenista, pianista, elektrizista…

 

ane: Lista!

 

bea: Eskerrik asko!

 

(Pausa txiki bat.)

 

bea (gutun-azalak eskuetan hartuz): Ane, jendeak ikusi du zein den nire maila eta… Zer iruditzen orain alderantziz saiatzen bagara eta galderak nik egiten badizkizut? Nik ere aurkezle izan nahi dut. Ea, ba, aukeratu gutun-azal bat… (anek hirugarrena hautatuko du) Primeran. (gutun-azaletik irakurriz) Kir-kir galderak. Kir-kir, kir-kir... (gaztelerazko “cri-cri” esamoldeari erreferentzia eginez, kilkerraren onomatopeia erantzun argirik eza adierazteko) 3A galdera: Hasteko, bertsotan existitzen den doinurik feministenean kantatzeko honakoa da gaia: Zein dira zure pribilegioak?

 

ane:

                Doinua: Baneza eta banitu

        Ez eski batzuk aldapan,

        ezta etxetxo bat Jakan,

        ez udara bat hamakan,

        ez mila euro soldatan.

        Baina hilean behin psikologoan

        aldian behin osteopatan

        dirua xahutuz gero armairuan

        ahazten diren arropatan.

        Erreparatuz pribilegio

        hitzak dakarkidan talkan

        egia esan bizitza osoan

        ez dut ezer izan faltan.

       

        Furgoneta bat jabetzan,

        pisutxo bat oinordetzan,

        jana soberan despentsan

        eta zenbat kontraesan.

        Karrera oso bat eta bi master

        galdetu ezkero prentsan,

        hiru hileko bidaia Kuban,

        iraultzaileen senez han.

        Badakit dena eskura izan

        dudala gozatu nezan

        baina ez zaidazu pribilegiodun

        pertsona naizela esan.

 

        Zauria ez dadin zorna

        ez diskurtsorik adorna

        hitz zurien erreforma

        bihurtuko baita horma.

        Menderakuntzak ere hartu ahal

        dituenez mila forma

        soilik besteak seinalatuta

        ezin da ezer transforma.

        Nire ezpain gorri, nire ile luze,

        gona eta plataforma

        ez dut normala izan nahi baina

        gertuegi daukat norma.

 

bea (txaloka): Jo, Ane. Zeinen ondo egin duzun… Berez kir-kir galdera bat zen…

 

(anek beari gutun-azala lapurtuko dio eskuetatik eta bertatik irakurriko du.)

 

ane: Kir-kir galderekin jarraituz... 3B galdera: Prostituzioa.

 

bea: O… Zer eztabaida interesgarria, bai, andrea! Asko pozten nau oraintxe galdera hori egin izanak… Puf, ba, zera… Batek esango dizu… Eta besteak erantzungo dio… Eta, noski, nik argi daukat… Kontua da… Klaro nik, beno zuk … Edo… Puff.

 

(beak egurrezko kilkerra aterako du poltsikotik eta kir-kir, kir-kir…)

 

ane: 3C, edo 3-: Feminista ona ala euskalduna.

 

bea: Galdetzea ere… Barkatu, Ane, baina kontrajarriak al dira? Feminista euskalduna bazara ez zara ona? Baina ona zer zentzutan? Zintzoa? Behar den modukoa? Feminista eta zintzoa ezinezkoa da, ezta? (Poltsikotik kilkerra atera eta kir-kir, kir-kir...)

 

ane: 3E: Zis eta trans.

 

bea: Hara, badakit! Hori biologia molekularra da. Zuk molekula bat badaukazu eta hidroxidoa modu jakin batean badago zis izango da, adibidez, mantekilla. Eta mantekilla zer da? Zurruna, zabaltzeko zaila... Baina hidroxido hori optikoki aldatu —ez dakit zehazki nola— eta trans bihurtzen da, adibidez, margarina. Margarina malguagoa da, zabaltzeko errazagoa, fluidoagoa... (Pausa txiki baten ondoren) Zuk ez didazu zehazki honi buruz galdetu, ezta? (Poltsikotik kilkerra atera eta kir-kir, kir-kir...)

 

ane: 3F: Ahizpatasuna vs. Bua, tipa feminista hori ez dut aguantatzen.

 

bea: Ane, zertan ari zara? Mesedez, e! Tipa feminista hori ez baduzu aguantatzen ba tipa hori ez da feminista eta kito, ezta? (anek serio begiratuko dio) Hori zer? Gaizki? Ezin da esan? Zuri ez zaizu gertatzen? Ya, niri ere ez, sekula ez… (Poltsikotik kilkerra atera eta gogorik gabe bezala kir-kir, kir-kir...) Ba omen dago hau gertatzen ez zaion feminista bat, ehuneko ehunean koherentea den feminista! Eta bere zain gaude gu… Oraindik ez da gu ikustera etorri, baina etorriko da… Eta orduan izendatuko dugu gure Jainkosa!

 

ane (lehor): Jainkosa?

 

bea: Ai, Ane, zer pragmatika zaren… Beno ba, lehendakaria…