Erradikalak
Erradikalak
Beatriz Egizabal Ollokiegi
Ane Labaka Mayoz
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larraņaga
Barruko argazkiak: Cesar Marcos
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
152 orrialde
978-84-17051-89-1
Beatriz Egizabal Ollokiegi
1971, Lasarte-Oria
 
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2021, saiakera
 

 

1. Bigarren aldi bat

 

(Hasieran ane bakarrik agertuko da oholtzan, bea pertsianaren atzealdean egongo baita ezkutatuta.)

 

        ane:

                Doinua: Beste bateko inularretan

        Arratsalde on behin tiratako

        soka hura ezin eten

        agian lehen hartan etxera

        deseroso joan zineten.

        Gure ideietan zabaldu dira

        beste hainbeste erreten

        eta bertatik nahi zuten forman

        utzi diegu irteten.

        Nahiz eta berez aulki banatan

        geldi-geldirik zaudeten

        ea hitz hauek ziurtasunei

        hozka egiten dieten

        konfort gunetik ahulgunera

        ea mugitzen zareten.

 

(beak pertsianaren zirrikitutik aterako du burua bertsoaren amaierako errepikapena egiteko.)

 

        Hautsi ditugu kaiolak eta

        erantzi dugu kortsea

        ea ulergarri zaizuen gure

        esan ezinen morsea.

        Zilegi denez sorkuntzarentzat

        plaza duinak lortzea

        plazer hutsa da gure bidean

        Bilboraino* etortzea.

        Ez genuke nahi egia absolutuz

        guztia orokortzea,

        ez eszeptiko agertu eta

        ez indarrak agortzea,

        baizik zalantzak azaleratuz

        zuei kilimak sortzea.

 

*Herri bakoitzean herri horren izena aipatuko du.

 

(bea panelen atzealdetik aurrealdera aterako da txaloka. ane eseri egingo da.)

 

bea (aulkirik altuenean esertzen saiatzen ari den bitartean...): Ane, uste dut aulkiz nahastu zarela… Hau zurea izango da, ezta? (Behin esertzea lortutakoan) Bua, Ane, ez zintudan sekula perspektiba honetatik ikusi… Goialdean ere kizkurrak dauzkazu… Bazenekien? (anek erantzuten ez diola ikusita…) Beno, berdin dio... Ene, Ane… hemen gaude gure obraren bigarren zatiarekin… Lehenengoa nahiko txukuna atera zitzaigun, ezta? Guk duina egin nahi genuen eta halaxe egin genuen. Edo hori esaten ziguten aurpegira behintzat, bizkarrera zer esango ote zuten ez dago jakiterik… Ehun saio baino gehiago Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan... Eta jendea gustura, oso gustura. Eta jendea deseroso, batzuk oso deseroso. Barreak, negarrak, hotzikarak… Beno, egia esan, umiltasun osoz... (pausa txiki bat eginez) kristorena egin genuen, Ane! Kristorena! Nik zehazki artistikoki goia jo nuela uste dut... Eta aurrekoarekin goia jo banuen, orain…?

 

(Aulkiaren altuera erregulatuko du palankaren bidez, beherantz jaitsita.)