Erradikalak
Erradikalak
Beatriz Egizabal Ollokiegi
Ane Labaka Mayoz
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larraņaga
Barruko argazkiak: Cesar Marcos
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
152 orrialde
978-84-17051-89-1
Beatriz Egizabal Ollokiegi
1971, Lasarte-Oria
 
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2021, saiakera
 

 

5. M8

 

bea: Ai, M8, Ane… Gogoratzen? Gogoratzen greba egin genueneko hura?

 

ane (eskuak belarrietan, kasko modura): Egun on, Euskal Herria! Egun on, irrati entzule maiteak! Gaurkoan martxoaren zortzia da eta bide emango diogu kaleko zuzeneko konexioari…

 

bea (eskuan mikrofonoa izango balu bezala): Egun on, Ane! Goizeko zazpi eta erdiak dira eta kaleak esnatzen ari dira pixkanaka, oraingoz egun lasaia dirudi… Begira, lehenengo amantala zintzilikatu dute balkoi batean. Beste bat eta beste bat… Lau, bost… Eraikin osoa amantalez josi da bat-batean, iraultza usaintzen da kaleetan. (Pausa txiki bat) Bederatziak dira eta dendek ere ez dute ireki kontsumo grebarekin bat egin dutelako —edo, agian, kasualitatez, dendari gehienak emakumeak direlako?—.

 

ane: Lantokietako asanbladen emaitzak ezagutuko ditugu jarraian… Zaharren egoitza?

 

bea: Greban!

 

ane: Ikastetxeak?

 

bea: Greban!

 

ane: Institutuak?

 

bea: Greban!

 

ane: Osasun zentroak?

 

bea: Greban!

 

ane: Kutxa?

 

bea (zalantzakor): E… Greban.

 

ane: Iberdrola?

 

bea (zalantzakor, baxuago): E… Greban.

 

ane: Ajuria-Enea?

 

bea: Tira, Ajuria-Eneak baimena eman du grebarako...

 

ane: Arkauti?

 

bea: Arkauti zerbitzu minimoetan dago: grebalariak identifikatzen bakarrik.

 

(Pausa txiki baten ondoren kontakizun epikoa hasiko da.)

 

        Eguerdiko hamabiak dira eta herriko plazan gaude, zutabe desberdinak elkartuko diren tokian. Hor dator lehenengo zutabea institututik zuzenean, neska gazte promesa uholdeak besoko moreak soinean eta aurpegiak pintatuta, ozen oihukatuz “Planto! Patriarkatuari sua!”. Batukada kolpe indartsuak entzuten dira urrunean. Eta hor dator bigarren zutabea ere. Txilibituak entzun ditzakegu... Jaizkibel konpainia da —Gora Jaizkibel!—. (Atzerantz begiratuko du) Ai, ez, barkatu, pentsionistak dira eta asko eta asko dira. Zuek zarete gure etorkizuna eta borrokarako grina kutsatzen diguzue! Gora zuek! Segi borrokan! (Mikrofonotik kanpora) Kaixo, amona! Zer guapa zauden, segi zure eskubideak aldarrikatzen… A, baina ez ahaztu biharko kroketak, e, amona, bazkaria daukat eta… Bai, bai, orain egin lasai protesta eta gauean etxerakoan prestatuko dizkidazu… Primeran! Musu! (Berriro ere mikrofonoa eskuetan hartuta) Beste zutabe bat ikus daiteke urrutian, parketik dator zuzenean. Ez gazte, ez pentsionista... emakume “normalez” osatutakoa da zutabe hau —beno, normalak… besteak—. Alai, pozik, ausart datoz, pauso irmoak emanez. Besteetan ez bezala, beraien buruekin soilik arduratuta, elkar zainduz baina beste inor zaindu beharrik gabe. Pankartak, kartelak, aldarriak, oihuak… Milaka esku zerurantz goratuta feminismoaren ikurra marrazten: Gora borroka feminista!

 

        Ui, eta emakume asterisko guztiak hemen badaude… Non daude, norekin daude zaindu beharreko haur eta adinekoak? Ei, hor dator gizon jatorrez osatutako zutabea, gizartea zaintzen beraien galduta nago aurpegiarekin: “Eta nik zer egin behar dut gaur? Greba edo asuntos propios?” Begira, gizon jator batek hitza hartu nahi du —nola ez—… “Antton, ezta? Zer daukazu kontatzeko?”, “Ea, ba ni zuekin a sako, e, nik beti esan dut emakumeak gu baino askoz hobeak zaretela, langileagoak, jatorragoak, txukunagoak… Ni beti feminismoaren alde, baina gauza batzuk ez ditut ulertzen… Zergatik ezin dut parte hartu gaur goizeko kalejiran? Beti izan da nire ametsa kalejiran parte hartzea eta… Ez dakit. Eta gero manifan zergatik ezin dut pankartan joan, nik ez dut gustuko atzealdean joatea… Nik uste mugimendu feministak ez duela honi buruz pentsatu eta niri ez zait ondo iruditzen”, “Oso ondo, Antton. Iritsiko zaio zure mezua mugimendu feministari eta ziur nago Euskal Herriko mugimendu feministak bere estrategia osoa aldatuko duela zuri ez zaizulako ondo iruditzen. Aupa, Antton!”.

 

        Badakizu, Ane, ona, ona, baina gizona… Eta hau ez dugu guk asmatu. Anek esaldi zoragarriak egin ditzake baina honakoa nire birramonak ere esaten zuen aspaldi… Aspalditik dator, beraz. Ez da, batzuk tematzen diren eran, moda kontua.