Erradikalak
Erradikalak
Beatriz Egizabal Ollokiegi
Ane Labaka Mayoz
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larraņaga
Barruko argazkiak: Cesar Marcos
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
152 orrialde
978-84-17051-89-1
Beatriz Egizabal Ollokiegi
1971, Lasarte-Oria
 
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2021, saiakera
 

 

3. Eskerrak anitzak garen

 

ane:

                Doinua: Norbere mundu intimo

        Besteentzako daukagu

        guretzat adina mimo

        inor ez da arrazista

        inor ez da misogino…

        Errespetu, enpatia

        ta beste hainbat termino

        darabiltzagu ahotan,

        egunean bi, minimo…

        Elkarbizitza bihurtu

        beharko genuke himno

        anitz, aberats, emankor,

        ez al dira sinonimo?

 

(bea bukaera errepikatzerakoan aurreratu. Errepikapena bukatzean, ane bere aulkiaren atzera.)

 

bea: Euskal gizartea anitza da eta gehiengoak, areto honetan ez dauden gutxi batzuk kenduta, aniztasun hau altxortzat dugu, noski. Zer polita aniztasuna… Denetarik arlo guztietan, ideologia aniztasuna, sexu aniztasuna, kolore aniztasuna, aniztasun funtzionala, kultur aniztasuna... Aniztasunaren aniztasuna, anitza den aniztasunaren aniztasuna… (Silabaka markatuz) a-niz-ta-su-na. Hortxe dago gaur egungo gizartea ulertzeko tresna…

 

        Aniztasunaren alde gaude eta horren adierazle da hemen gaudenon aniztasuna. Hemen gaude zuriak eta beltz… (publikoari begiratuz). Beno, zuriak eta guztiz zuriak ez garenak. Hemen gaude heterosexualak, bollerak, marikak eta bisexualak… Ea ba, egin dezatela txistu bollerek, marikek eta bisexualek! Ai ez, barkatu, hauen sexualitatea gauza pribatua da eta ez dute zertan agerian utzi, horretarako gaude heterosexualak, gure sexualitatea agerian uzteko nonahi eta noiznahi. Eta hemen gaude aspalditik sexu harremanik izan gabe ia zer garen ere ez dakigunak…

 

        Klaseari dagokionez hemen gaude goi mailakoak… A, ez direla etorri? Opera omen zegoen nonbait eta… Tira, hemen gaude behe mailakoak edo prekarioak… Hauek Lanbideko ilaran daudela? Beno, baina etorri nahi zuten... A, orduan nortzuk gaude? Klase ertainekoak. Eta zer da klase ertaina? Anitza. Egon zaitezke goian goi mailakoekin mugan edo behean prekarioekin muga-mugan… Batzuetan hilabetearen arabera muga zeharkatuz, udaran hondartzako txiringito-an lan egin eta… (eskuekin adieraziko du behe mailatik ertainerako jauzia.)

 

        Eta ideologiari erreparatzen badiogu? Politikoki bagaude publikoki ezkertiarrak garenak (ezker ukabila altxatuko du), bagaude ere sozialdemokrazia edo zentroa deritzon horretakoak (bi besoak gurutze, erdia seinalatuko du) eta bagaude, sekretuan baina bagaude, eskuindarrak. Hauen keinua ez dut egingo... Eta bagaude baita ere geure burua ezkertiartzat izanik gero praktika eta pentsaera nahiko eskuindarrak ditugunak… Laburbilduz, dena nahasiz eta orokortuz nahiko… Guk uste dugu Euskal Herria oso (ezker ukabila altxatuz) baina gero praktikan… (Gorputza eskuinerantz okertuko du gero eta gehiago).

 

        Joder, ba igual ez gara uste genuen bezain anitzak… Ai, itxaron, bai, aurkitu dut aniztasuna. Jarri zuen arreta oinetakoetan. Begira, lehen ilaran bakarrik, sandaliak, alde batetik, eta mendiko botak, bestetik —Euskal Herrian ezin da jakin—, eta tarteko beste zapata batzuk ere ikusten ditut. Eskerrak hor aniztasuna dagoen. Hala ere, Quechua gehiegi ikusten ditut. Beraz, aniztasuna bai ala ez, egiten dugun sailkapenaren araberakoa izango da. (Seriotasunez) Badakizue, aniztasuna bai baina berdinen arteko aniztasuna… Ez gaitezen gehiegi liatu.

 

ane (besoak aulkiaren atzealdean bermatuta, bea ondoko aulkian eserita begira):

                Doinua: Norbere mundu intimo

        Ezberdina seinalatuz

        bihurtzen dugu nabarmen

        gure inguruan eraikiz

        horrenbeste horma garden.

        Hormen barruan nor gauden

        hain argi geratu da lehen

        marjenetako besteek

        ba al dute nahiko ahalmen?

        Aniztasuna batzuetan

        hitz polit huts bat nola den

        hipokritak gara baina

        eskerrak anitzak garen.

 

(beak ere bukaera errepikatuko du entzuleei begira. Bukatzean, ane eseri egingo da.)

 

bea: Anitzak bai, baina… Gure kultura bizitzeko era oinarri eta eredutzat hartuta epaitzen ditugu gainerako kultura guztiak. Aniztasun festak ospatzen ditugu; “Arrozaren festak” izenekoak. Zer metafora ederra! Oinarri komun bat hartuta, arroza, gero horri osagai desberdinak gehituz plater desberdinak prestatzen dira. Eta hor ikusten ditugu arrozari anana edo kilkerrak botatzen eta denak gozoak —tira, etxeko arroza bezalakorik ez dago, hori ere egia da—. Eta hor ikusten ditugu jantzi alaiak eta kapela koloretsuak soinean dituztela —gero inauterietarako ideiak hartzeko balio digutenak—. Eta hor ikusten ditugu kultura desberdinetako kantu eta dantzak. Horiei esker jakin dugu guk ere gorputzeko zenbait gihar mugi genitzakeela. Eta pentsatzen dugu, zer politak dantzak, eta zer xelebreak. Zeren, klaro, norbait erdi-zaldiz jantzita ardo baso baten gainean dantzan aritzea normala bada ba gainerako guztia da xelebrea. Beraz, kultura desberdinak onartzen ditugu eta badakigu horrek aberastu egiten gaituela. Baina gauza bat da kultura eta bestea elkarbizitza. Eta hor marra gorri batzuk daude. Badaude balore unibertsal batzuk, guk ezarri ditugunak... Nork erabakitzen du unibertsala zer den? Ba guk geuk, ezta? Zerbaitetarako gara unibertsoaren zentroa...

 

        Eta ez dakit jakingo duzuen baina badira emakumeak gutxiesten dituzten kulturak (ahotsarekin misterio kutsua emanez). Beraien gorputzak, janzkerak, portaerak eta bizitzak kontrolatu eta desobedienteak zigortzen dituzten kulturak, beldurraren bitartez ordena ezarriz. Ene! Nola liteke hori? Gure kultura oinarri eta eredutzat hartuta berdintasunaren alde egotea da egokiena. Berdintasunaren alde baina, era berean, sistema heteropatriarkala mantenduz hitzez eta ekintzez. Beraz, gure kultura eredu eta oinarritzat hartuta… Matxistak bai, noski, baina zibilizatuak!

 

(bea atzeko arbelera marraztera.)

 

ane (oholtzaren erdian, besteei buruzko bertsoak aurrera begira kantatuko ditu; autokritikakoak, aldiz, publikoari bizkarra emanda):

                Doinua: Lili bat ikusi dut (Galerianoaren kantua)

 

(Aurrez)

 

        Kultura urrutiko

        edo urrunduak,

        matxismoaren molde

        zaharretan leunduak…

        Gu bezalako asko

        behar du munduak

        emakume jakintsu,

        aske, ahaldunduak.

 

(Bizkarrez)

 

        Besteei zuzentzean

        zorrotz zakur soa,

        sinistuegi ez al

        dugu gezurtxoa?

        Gure kontra jarriko

        dut errekurtsoa

        zein ongi ikasita

        dugun diskurtsoa.

 

(Aurrez)

 

        Nola gerta liteke

        herri urrunetan,

        ezkutuan daudela;

        txoko ilunetan.

        Hemen hain garrantzitsu

        diren jardunetan

        emakumeak gaude

        boteregunetan.

 

(Bizkarrez)

 

        Autokritika eginez

        onartu dezadan

        iluntasuna ez da

        bihurtu iragan

        gizon ahots ozenak

        zeudelako traban

        isilik egon ginen

        azken asanbladan.

 

(Aurrez)

 

        Emakumeak nola

        tratatzen dituzten

        nahieran janzten ere

        ez diete uzten…

        Gu ausartu ohi gara

        hondartzan biluzten

        gutxi estaliz baina

        gutxi erakusten.

 

(Bizkarrez)

 

        Zer da anorexia,

        zer da bulimia?

        Edertasun kanon bat

        zorrotz ipinia,

        nahiz dena eranzteak

        ez eragin ia

        depilazioa da

        gure burkinia.

 

(Aurrez)

 

        Botereak ekartzen

        du izurritea

        elitearen kontra

        doan elitea

        gure betebeharra

        da eragitea

        zapalkuntza guztien

        aurka egitea.

 

(Bizkarrez)

 

        Kantatu dut guztia

        baneki bezala

        zapaldu ohi dudanak

        zuzendu nazala;

        ez dut urritasunik,

        ez naiz transexuala

        ta gainera zuria

        da nire azala.

 

(bea aurrera joango da, ane esertzera.)