Erradikalak
Erradikalak
Beatriz Egizabal Ollokiegi
Ane Labaka Mayoz
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larraņaga
Barruko argazkiak: Cesar Marcos
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
152 orrialde
978-84-17051-89-1
Beatriz Egizabal Ollokiegi
1971, Lasarte-Oria
 
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2021, saiakera
 

 

2. NGP

 

bea: Ba al dago bigarren zati onik? Ai ama, zergatik sartu ote gara bigarren honetan?

 

ane (serio): Oraindik gazteak garelako eta ateak irekitzen jarraitu behar dugulako...

 

bea (irribarrez): Gazteak? Eskerrik asko, Ane, zure detaileagatik eta ni ere gaztetasun horretan sartzeagatik, baina beno, ni gazte, gazte… profesionala, izatekotan. Zu bai, ordea. (Zirkuko aurkezleen gisa, zutitzen den bitartean) Zu bai neska, zu bai gaztea, zu bai promesa… Zu bai neska gazte promesa! ngp! N neska, G gazte, P promesa… Eta, Ane, zer da zuretzat promesa izatea, beno, eta neska, eta gaztea…? Eta neska gazte promesa? Nahi duzun doinu eta neurrian… Neska gazte promesaren balada…

 

ane (eserita):

                Doinua: Hogei bat urte baino gehiago

        Neska gaztea eta promesa

        bota duzu abisua,

        nire azalean bizi izan nuen,

        nintzen ume mukizua…

        Hainbeste begi, hainbeste foku,

        sentituz garrantzitsua

        dena ez da paradisua.

        Espektatibak bete beharrak

        sorrarazten du izua

        etiketape hau zer ote den

        zalantzak piztu dit sua;

        aukera edo pisua?

 

(Aulkitik altxatu, pauso bat aurrera.)

 

        Bertso-sistema honen antzeko

        da erleen abaraska

        erregina izan nahian norbere

        lekua hartzen goaz ta.

        Neska gazteak leku bakarra

        dauka ta zenbat gatazka

        inbidiek harramazka.

        Nahiz une batez mihi puntarekin

        ia zerua miazka

        gero arrastaka ibil zaitezke

        lur lokaztuan lauhazka

        horixe da arra-kasta.

 

(Pauso bat ezkerraldera.)

 

        Autosuntsipen iturri ohi da

        norbere barne epaia

        beste neska bat sartu orduko

        akabo zure garaia

        pendulu forman eraiki dute

        bertso saioen paisaia

        ez da aldatzen portzentajea.

        Ez dira aski teknika fina,

        diskurtsoa nahiz kuraia,

        iritsiezin bihurtzen duena

        behetik goranzko talaia

        da kristalezko sabaia.

 

(bea txaloka hasiko da.)

 

bea: Hala da, bai. Ez da aldatzen portzentaia…

 

ane: Eta zu, Bea, nondik atera zara bat-batean?

 

bea: Ni? Zergatik? A, beno, bai… Aurrekoa bukatzerakoan batzuetan gerturatu eta galdetu izan didate: “Eta zu? Nondik atera zara? Ez zintudan ezagutzen…”. Eta nik erantzun izan diet: “Ja, nik zu ere ez… Zer ondo bizitzan zehar elkarrekin topo egin dugula”. (ane atzeko aulkian eseriko da) Gerora Anerekin hitz egin eta konturatu nintzen ez zirela horretaz ari; nire ibilbide artistikoari buruz ari ziren. Nonbait, ez ninduten neska gazte promesa bezala ikusten; ez neska, ez gazte, ez promesa. Emakume heldua nintzen —promesaren antitesia—… Ba, aizue, hogei urte baino gehiago daramatzat oholtza gainean. Beno, egia esan, hogei urte baino gehiago daramatzat oholtza sinbolikoetan… Umeengana iritsi eta esaten diet: “Eseri hemendik atzera”. Eta aurrean sortzen den espazio hori zer da? Oholtza. Ez dauka altuerarik baina… Oholtza da. Periferiako zirkuituak primeran ezagutzen ditut, kulturatik baino gizarte zerbitzuetatik deitu izan didate gehiago eta mila gairi buruzko ipuinak eskatu dizkidate. Ni nire etxean egon naiteke eta bat-batean telefonoa... (Telefonoaren soinua egingo du eta ondoren, elkarrizketa antzeztuz): “Bai, nor da?”, “Ipuin kontalaria?”, “Bai, ni naiz”, “Begira, ba jakingo duzun bezala ostiralean Zuhaitzaren Eguna da eta… Ba al daukazu zuhaitzen inguruko ipuinik?”, “Bai, noski, ez dut jakingo ba ostiralean zuhaitzaren eguna dela (publikoari begira buruarekin ezetz eginez)… Zenbat ipuin nahi dituzu?” (Berriro publikoari zuzenduko zaio) Ea, ez daukat zuhaitzen inguruko ipuinik baina aurretik ondo ezagutzen duzun ipuin batean sartzen duzu haritza, gaztainondoa, pagoa, pinua —beno, pinua eta eukaliptoa ez, horiek hobe ez sartu—… eta listo, badaukazu Zuhaitzaren Egunerako ipuina.

 

        (Telefonoaren soinua egin eta ondoren elkarrizketa antzeztuz): “Bai, nor da?”, “Ipuin kontalaria?”, “Bai, ni naiz”, “Begira, Babarrunaren Kofradiatik deitzen dizut. Larunbatean bazkaria daukagu (puzkerrarekin soinua egiten du ahoarekin) eta ipuin batzuk nahiko genituzke bazkalostean haurrak entretenitzeko (puzkerraren soinua). Ba al daukazu babarrunen inguruko ipuin saiorik?”, “Bai, noski, zer nahi dituzue, babarrun zuriak ala gorriak (puzkerraren soinua)?” (Berriro publikoari zuzenduko zaio) Ea, ez zait inoiz bururatu babarrunen inguruko ipuin saio bat osatzea… Baina berdin dio. Aurretik daukazun ipuin bati gehitzen diozu otordu bat… Eta zer izango dute protagonistek bazkaltzeko? Ba babarrunak eta listo, jendea gustura, eta hortik aurrera ipuin hori Babarrunen ipuina izatera igaroko da.

 

        (Telefonoaren soinua egin eta ondoren elkarrizketa antzeztuz): “Bai, nor da?”, “Ipuin kontalaria?”, “Bai, ni naiz”, “Ba al daukazu bakea sortzeko ipuinik?”… (Berriro publikoari zuzenduko zaio) Nola ez ditut izango ba? Nondik uste duzue atera dituztela ideiak Bakearen Artisauek? Nire ipuin saioetatik!

 

        Hala ere, hogei urte urte mordotxo bat dira, ezta? Agian norbait nire biografia idazten ariko da dagoeneko, edo omenaldi bat prestatzen... Jo, nolakoa izango litzateke? Zer esango luke jendeak nire omenaldian? Zuk ez duzu inoiz horretan pentsatu, Ane? Ez duzu inoiz pentsatu zer esango luketen zutaz, adibidez… (pausa txiki bat) zure hiletan? Zer jende joango litzatekeen… Ez duzu inoiz horretan pentsatu?

 

ane (lehor): Ez.

 

bea: Ja, klaro, ngp zarenez.

 

(bea aurrean kokatuko da, besoak gurutze.)