Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Jule Goikoetxea Mentxaka
ERRADIKALAK
4. Zergatik naiz heterosexuala?
ERROAK, ERRAIAK, TRIPAK ETA DARDARAK
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Jule Goikoetxea Mentxaka
ERRADIKALAK
4. Zergatik naiz heterosexuala?
ERROAK, ERRAIAK, TRIPAK ETA DARDARAK
7. Unibertso patriarkala
bea: Eta aurrekoa gutxi izango ez balitz, gehitu honi guztiari neoliberalismoaren eta indibidualismoaren ideiak: (entzule bat seinalatuz) zu denerako gai zara, ni nahi dudana izango naiz, (ane seinalatuz) ez baduzu lortu nahikoa saiatu ez zaren seinale, zure etorkizuna zure esku dago… Dena da ni, zu…. Ez dago gu, ez dago zuek. Ez dago kolektiboa. Badirudi arazoa pertsonala dela, autolaguntza liburu batekin konpon zitekeena. Mesedez… Beno, ba nik hau sinistu egin nuen eta horrexegatik erosi nuen El secreto izeneko liburua. Liburu hau adinaren arabera ezagutuko duzue edo ez, baina gure garaian bestseller bat izan zen. Noski, izenburu horrekin… Ea beste guztiek jakin behar duten sekretua eta zuk ez… Marketin estrategia bikaina, bai horixe!
Liburu horretan esaten duena, laburbilduz, hauxe da: zuk unibertsoari nahi duzun hori oso fuerte eskatzen badiozu, unibertsoak eman egingo dizu. Erraz eta sinple. Kontua zen nola eskatzen den oso fuerte… Ez omen zen garrasi egin behar, barrurantz eskatu behar omen zen, kontzentratuta (saiakera egingo du). Hau entseatu egin behar da, baina gero edozertarako balio du, e? Adibidez, aparkatzeko lekua nahi duzula? Ba irudikatu libre nahiko zenukeen toki hori eta irudi hori oso-oso fuerte bidali unibertsoari. Unibertsoak, noski, ez dauka beste ezertxo ere egiteko eta aparkalekua libre utziko du zuretzat. Honek izugarri lasaitu ditu udalak. Orain aparkatzeko lekurik ez dagoelako kexatuz gero, honakoa erantzungo baitizute: ez diozu unibertsoari behar den moduan eskatu, saiatu berriro… Honek edozertarako balio du: aberats bihurtzeko… Edozertarako. Kontua da ni liburua irakurtzen ari nintzen bitartean lanean nengoela —kasualitatez— eta nire nagusia esplotatzaile bat zela —hau ere kasualitatez—. Nazkatuta nengoenez, unibertsoari nagusiari behingoz pare bat gauza aurpegiratzeko adorea eskatu nion. Behin eta berriro irudikatu nuen oso fuerte, eta egun batean nagusia hurreratu zitzaigun lankideoi, beti bezala gu umiliatzera, eta bat-batean, sentitu egin nuen. Sentitu egin nuen unibertsoaren indarra eta horrela oihukatu nion: “Esplotatzaile nazkagarri bat zara! Eta, bide batez, matxista… Nahikoa da! Hau ez dugu gehiago jasango!”. Ez dakizue zeinen gustura geratu nintzen….
Baina badirudi nagusiak ere El secreto irakurrita zeukala —berea luxuzko edizioa izango zen, gainera— eta oso-oso fuerte eskatu ziola unibertsoari ni esplotatzen eta umiliatzen jarraitzeko indarra. Eta, klaro, nonbait unibertsoak kasu handiagoa egin zion berari… Ni kaleratua izan nintzen, salaketa eta guzti, eta orduantxe jabetu nintzen unibertsoa ere patriarkala dela.
Sinetsarazi digute arazoa pertsonala dela eta ez egitura perbertso batek sostengatzen duena. Gainera, behin sistemaren iruzurra deskubrituta, ez da nahikoa. Gerora, deseraikitzen joan behar baita eremuz eremu.
ane: Eremuz eremu… hain zuzen ere, hori da intersekzionalitatea, ezta?
bea: Ttak! Esan dizuet azkarra dela? Inter… nazionalista. Insert coin... Intersek… Inter… (ez zaio hitza ateratzen) Jo, Ane. Niri gero eta zailagoa egiten zait feminista izateko behar den hiztegia, ezagutu behar diren kontzeptuak, terminoak…. Deseraiki behar dela ulertu dut, baina noraino? Hutsuneraino? Hutsunea? Hara, ea gure Oteiza feminista zen eta hau dena esplikatu nahi izan zuen eskulturaren bitartez, eta gaixoari inork ez dion ezertxo ere ulertu… Ez, ezta? Zapalkuntzak metatu egiten direla ikasita, niri oso zaila egiten zait asmatzea nork duen zeri buruz hitz egiteko autoritatea. Gauza askotarako nik ez daukat, ezta? Zuria naiz, klase ertainekoa —beno, hilabetearen arabera—, europarra… Eta saiatzen naiz feminista-feminista izan nahian… Ni guztia irakurtzen saiatzen naiz, guztia zalantzan jartzen… Baina beti hurbiltzen zaizu listoren bat —Antton— eta aurpegiratzen dizu: “Zuk uste duzu feminista zarela, baina nik ezagutzen dut beste bat zu baino askoz ere feministagoa dena”… (Anttoni iseka eginez) Zu baino askoz feministagoa dena, zi bini iskiz fiministigii dini, ņiņiņiņi…