Erradikalak
Erradikalak
Beatriz Egizabal Ollokiegi
Ane Labaka Mayoz
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larraņaga
Barruko argazkiak: Cesar Marcos
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
152 orrialde
978-84-17051-89-1
Beatriz Egizabal Ollokiegi
1971, Lasarte-Oria
 
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2021, saiakera
 

 

5. Biolentzia

 

ane:

                Doinua: Bizkorra ez naiz baina badaukat

        Mutilazio behartu horri

        zor zaio obedientzia

        marra gorrien inposatzaile

        hezkuntza, prentsa, zientzia…

        Arauetatik urruntzen dena

        da berriro irentsia

        sinboliko nahiz fisikoa da

        erasoen esentzia

        zigortuz diferentzia

        nahiz ta gorpuztu izan ditugun

        milaka esperientzia

        bertso batean laburbildu al

        daiteke biolentzia?

 

(ane penatuta eseriko da, eskuak burura eramanez.)

 

bea (kezkatuta): Ane, zer gertatzen zaizu?

 

ane: Ba ez zaidala bertso batean kabitzen… Ez zait bertso batean kabitzen biolentzia zer den.

 

bea: Biolentzia, normala… Zeren klaro, bertso bat kantatzea ez da kantatzea eta listo… Hor arau batzuk daude. Nik betidanik izan dut jakin-mina… Zer daukazue hemen (burua kolpatuko dio atzamarrarekin)? Nola sortzen duzue bertso bat?

 

ane: Nik lehenik eta behin adierazi nahi dudan ideia zein den pentsatzen dut eta saiatzen naiz hori bukaera batean biltzen. Gero oinak pentsatzen ditut. Eta behin bukaera eta oinak izanda bertsoa hasten dut goitik behera, neurriaren arabera, hamar-zortzi edo zazpi-sei silaba neurtuz.

 

bea (guztiz harrituta): Ajam. Hori da zortziko txikia edo hori, ezta?

 

ane: Edo handia, hori da.

 

bea: Ba badaude arauak, bai. Eta zergatik ez duzu kortsea kentzen? Metaforikoki. Beno, nahi baduzu bestela ere bai, e… Total. Ahaztu neurriak eta doinuak eta bota… Zer da zuretzat biolentzia?

 

(ane zalantzati agertuko da, baina azkenerako zutitu eta erdigunean kokatuko da.)

 

ane (serio): Niretzat biolentzia da… (Besoak gurutzatuta) Ez etorri etxera bakarrik, entzun? Arriskutsua izan daiteke.

 

bea (atzealdetik): Etxera? Eta etxe barruan?

 

ane (poltsikoetatik bi tirita ateraz eta banaka erakutsiz): Eta biolentzia da tirita normala eta neskentzako tirita. Eta biolentzia da hezkuntzan hezkidetza planak hautazkoak izatea. Eta biolentzia da (kantuan) “Burua galtzen ari naiz, inor ez bezala maite zaitudalako, benetan…”

 

(bea kantuan hurreratuko zaio aneri, denak emanda ariko da anek begiratu eta kantatzeari utziko dion arte.)

 

bea: Joe, eske batzuetan biolentzia sartzen dute doinu hain dantzagarrietan eta… (Pausa baten ondoren) Nik ere badaukat zer esana. Testuliburuetan historia emakumeak aipatu gabe kontatzea biolentzia da. Eta emakumeak zaintzaile hobeak dira naturaz, esentzian. Hori entzun behar izatea ere biolentzia da.

 

ane (atzealdetik): Eta zuk, umeak noizko? Arroza pasatuko zaizu…

 

bea: Athleticeko neskek liga irabazi eta prentsaurrekora komunikabiderik ez agertzea biolentzia da. Eta gero entzutea: gaur justu ezin da gabarra atera, marea gora marea behera...

 

ane: Zer egiten du zu bezalako neska batek gauean bakarrik? Hori entzun behar izatea ere biolentzia da. Eta biolentzia da asteburuero norbaitekin dabilen mutilari “puto amoa” deitzea eta neskari “puta” bakarrik.

 

(anek buelta emango du, beak goitik behera begiratu eta ipurdia ukituko dio.)

 

ane (oihuka): Aski da!

 

bea: Jesus, neska, zer jenio txarra! Zer zaude, hilerokoarekin? Ez da hainbesterako, ez exajeratu.

 

ane: Exajeratzen ari garela esatea ere biolentzia da.

 

(Buruberokiak jantzi eta aurrera egingo dute gero eta tonu ozenagoan, gero eta amorru gehiagorekin.)

 

ane: Biolentzia da autodefentsan ari garenean ere biolentziarako eskubidea ukatzea.

 

bea: Kaletik beldurrez ibiltzea normaltzat jotzea biolentzia da.

 

ane (atzealdetik, besoak gurutzatuta): Ez etorri etxera bakarrik, entzun? Arriskutsua izan daiteke. (Pausa txiki baten ondoren aurrera egingo du, gorputzarekin beari bultza egin eta bere lekua hartzeko) Eta biolentzia da... (publikoari zuzenduz, oihuka) Feminazi! Malfollada!

 

bea (eskuekin gorputza estutuz): 90-60-90 neurria biolentzia da.

 

ane: Eta biolentzia da... hau! (“Mujer de hoy” aldizkariko azal bat erakutsiko du)

 

bea: Abortu eskubidea oraindik ere borrokatu behar izatea biolentzia da.

 

ane (atzealdetik, aurrez aipatutako esaldi beraren indargarri gisara): Eta zuk, umeak noizko? Arroza pasatuko zaizu. (Aurrerantz joango da eta handik jarraituko du) Eztabaida politikoetan emakumerik ez agertzea biolentzia da. (beak aneri ahoa estaliko dio eskuaz)

 

bea: Eta biolentzia da emakume adituen izenak ezezagunak izatea. Saiatu gara, baina ez dugu emakume aditurik topatu… Hori gezurra eta biolentzia da.

 

(Elkarri gero eta bortitzago bultza eginez, gero eta erritmo azkarragoan.)

 

ane: Biolentzia da bikoitza egin behar izatea erdia bakarrik lortzeko.

 

bea: Heteronormatibitatea biolentzia da.

 

ane: Biolentzia da bakea deitzea emakumeak jipoituak eta erailak diren garaiari.

 

bea: San Ferminetan bost gizonek neska gazte bat bortxatzeko zilegitasuna sentitu zuten.

 

ane (hankak gurutzatuta): Emakumezko epaile batek bortxaketa bat salatu zuen emakumeari ea hankak ondo itxi zituen galdetu zion.

 

bea (atzealdetik): Eske salaketa faltsu pila bat dago… (Pausa txiki baten ondoren aurrera eginez) Espainiar estatuan zortzi orduz behin emakume bat bortxatua izaten da.

 

ane (beari aurpegia laztanduz): Ez badiozu osabari musu bat ematen ez dizut gozokirik emango... (Berriro erdigunea hartuz) Europar Batasunean emakumeen ia erdiak indarkeria psikologikoa pairatzen du bere bikotekidearengandik.

 

bea (atzealdetik, kantuan): Zu gabe, burua galtzen ari naiz… (Berriro erdigunea hartuz) Pobrezia jasaten dutenen % 70 emakumeak dira. Antsiolitikoen % 90 emakumeek kontsumitzen dute.

 

ane: Emakume gazteetan biolentzia matxista da heriotza kausa nagusia.

 

ane eta bea (biek batera, gorputzak elkarrengana bultzatuz, irmo): Patriarkatua biolentzia da!

 

(Isiltasun tarte baten ondoren bea erritmoa markatzen hasiko da hankarekin lurra joz.)

 

ane (errezitatuz):

        Beldurrak sortzen du lurrikara,

        muga, kontrola, mina, dardara,

        debekatuak izan zaizkigu

        plazera eta algara

        gure barruak eraiki ditu

        horrenbeste barrikada

        deseraikiz begirada

        hau dena entzun ondoren ere

        erradikalak al gara?

 

(Biek batera kantatuko dute bukaerako errepikapena eta publikoari begira geratuko dira, emanaldia bukatu dela adieraziz bezala. Buruberokiak erantzi, pertxa banatan kokatu eta elkarri begira geratuko dira gero. beak dantzari ekin eta anek jarraituko dio, irribarrez.)