Erradikalak
Erradikalak
Beatriz Egizabal Ollokiegi
Ane Labaka Mayoz
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larrañaga
Barruko argazkiak: Cesar Marcos
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
152 orrialde
978-84-17051-89-1
Beatriz Egizabal Ollokiegi
1971, Lasarte-Oria
 
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2021, saiakera
 

 

1. Ez naiz bertsozalea

 

(ane eta bea beltzez jantzita agertuko dira oholtzara. Bakoitza hankadun mikrofono baten parean kokatuko da. Bertsolarien erritua hasiko da orduan; mikrofonoa altuera egokian jarri, besoak atzera eta aurrera mugitu...)

 

ane:

                Doinua: Trumoia ortzi beltzean hoska

        Selektiboa da miopia

        zer da zuzena, zer egokia?

        Zuek zarete gaur gertatuko

        denaren babes kopia,

        oholtzan hitzez adierazia,

        gorputzez iradokia…

        jantzi buruberokia

        gozatu gure kontraesanen

        aurreneko geltokia.

 

(Biak elkarri begira geratuko dira, deseroso samar. bea bere bertsoa gogoratu nahian baina ezinean, azkenik berriro ere aneri emango dio hitza keinu bidez.)

 

ane: Hanka sartzeko ere adorez

        dena hutsune, dena zulo beltz

        argitu nahirik diskurtso jantzi

        ta ideia transgresorez.

        Inkoherente hutsak gara gu

        onartu dezagun, nor ez?

        mihiak dakartzagu morez

        gure buruak guztiz biluztu

        nahi genituzke umorez.

 

        (bea oso urduri jarriko da berriro bere txanda delako. anerengana gerturatuko da.)

 

bea (ia xuxurlan): Nola zen doinua?

 

(anek baxu-baxu kantatuko dio. bea doinua errepasatzen hasiko da ahapeka, baina zailtasunak izango ditu. Hainbat saiakera egin ondoren, berriro zuzenduko da anerengana.)

 

bea: “Pasaiako herritik”ek balio du?

ane: Bai, aurrera! Bota nahi duzun doinuan!

 

bea (mantso, kostata, bertso neurriarekin bat egiten ez duenetan silabak luzatuz eta moztuz):

                Doinua: Pasaiako herritik

        Lasarte*ko herritik

        dator miopia

        zuek zarete gure

        hipermetropia,

        kontatutzera noa…

 

                        *Herri bakoitzean herri horren izena aipatuko du.

 

(Etsi egingo du, kantatzeari utziz.)

 

bea: Ba ez, ez dakit bertsotan. Eta are gehiago, ez da leku egokiena aitorpen hau egiteko baina, tira, ni ez naiz oso bertsozalea. Ezta kontrakoa ere baina... Zalea ez dena zer da? Jarraian kontatuko dizuet bertsolaritzarekin lotutako nire ibilbidea. (ane atzera esertzera) Nire lehen harremana ikastolan izan nuen, bertsolariak euskarako liburuetan agertzen baitziren. Niretzako zuri-beltzezko gizon zahar txapeldunak ziren eta, egia esan, ez zitzaizkidan oso erakargarriak egiten.

 

        Bertso batzuk ikastera behartu gintuzten: Iparragirreren (kantuan) “Zibilak esan naute”, “Pasaiako herritik”, Orioko balearena… eta beste asko. Gehienak abesti bihurtuta irakatsi zizkiguten eta ni ez nintzen abestiak eta bertsoak bereizteko gai.

 

        Baina Euskal Herrian gaude eta denborak aurrera egiten du —beno, beste lekuetan ere aurrera egiten du denborak—, eta berriro egin nuen topo bertsolaritzarekin. Zortzigarren maila bukatu —zortzigarren maila, bai, gaur egungo DBH 2— eta afaria egiten zen. Lehenengo afaria guraso eta heldurik gabe… uauu! Joateko baimena lortu behar nuen. “Afaria daukat”. (Ahotsa aldatuz) “Afaria? Zer afari?”. (Berriro lehengo ahotsarekin) “Ikasturte bukaerakoa… Hurrengo urtean ez gara denok elkarrekin egongo eta...”. “Beno, tira, segi, baina hamabietarako etxean...”. (Haserre) “Zeer? Hamabietarako etxean? Barkatu baina ni ez naiz Marierrauskin, e?”. Eta hor atera nuen nire munizio dialektiko guztia… Azkenean, bi orduko negoziaketa gogor baten ostean, lortu nuen: hamabiak eta laurdenetarako etxera.

 

        Eta iritsi zen afaria. Ni izugarrizko gogoarekin lagunekin hitz egiteko. Goizean elkarrekin egonak ginen baina orduan ez zegoen ez whatsappik ez ezer, eta ordu asko igarotzen genituen lagunen berri izan gabe… Horregatik, afarian gauza asko kontatzeko beharra nuen. Gustura ari nintzen hizketan, eta entzuten —egia esan, gehiago hizketan entzuten baino—, eta, bat-batean, han agertu ziren bertsolariak. Bertsolariak baino sasibertsozale lotsagabeak. Guztiak mutilak, hori ere bai. Benetan? Orain isildu egin behar dut hauek entzuteko? Bazuten meritua, hori ez dut ukatuko baina... “Noizbait bukatuko dute” pentsatu nuen. Baina hamaikak, hamaikak eta laurden, hamaikak eta erdi… Eta oraindik laralaralaralara kantuan. Ostia! Nik hamabiak eta laurdenetarako etxera joan behar nuen. Eta, hori gutxi balitz, une batean bertsolariak afarian geunden guztioi bertso bana kantatzen hasi ziren. Hau lotsa! Zer esan behar du nitaz ia ezagutzen ez nauen norbaitek? Ba esperientzia horrek ere ez zuen gehiegi lagundu nire bertsozaletasunean.

 

        Baina badakizue, Euskal Herrian gaude eta denborak aurrera egiten du —beste lekuetan ere bai— eta berriro egin nuen bertsolaritzarekin topo. Nahi ala ez nahi, Euskal Herrian beti egiten da bertsolaritzarekin topo. Kasu honetan, zehatzago, bertsolariekin... Beste bertsolari mota bat agertu zen nire bizitzan; makarragoak, gazteak… Jon Maia, Unai Iturriaga…

 

ane (zorrotz): Gazteak? Jon Maia eta Unai Iturriaga?

 

bea: Bai, noski... (Zalantzati) Beno, nire adinekoak… (Berean jarraituz) Guapoagoak…

 

ane (zorrotz): Guapoak?

 

bea: Orduan guapoak eta orain.… Nola esaten da? Heldu interesanteak. Garai hartan gehiago zaletu nintzen, igande eguerdietan aje eta guzti Hitzetik hortzera ikusten hasteraino. Ezin esan, hala ere, bertsozale bilakatu nintzenik.

 

        Honekin batera beste aldaketa bat ere iritsi zen; Maialen Lujanbio. Hau ere guapa, gaztea eta… neska. Profil berri bat. Eta, nahiz eta orain badakidan ez zela lehenengo emakume bertsolaria izan, niretzat hala izan zen. Oraindik ere feminismoaren bidean hasi berria izango nintzen ni orduan eta ziurrenik garai hartan Maialenek berak ere ez zuen feminismoa gehiegi ezagutuko. Baina bera ikusi eta “Aupa, neska!” ateratzen zitzaidan barru-barrutik —orain sororitatea deitzen omen zaio horri…—. Maialenen ondoren emakume gehiago bihurtu ziren plazandre eta horrek panorama asko aldatu zuen. Ez emakumeak zirelako bakarrik, ez, baizik eta feministak zirelako, eta askok konplexurik gabe hartzen zutelako publikoki feministatzat beraien burua. Hau haize freskoa! Eta orduan bai, zaletzen hasi nintzen; gaiei heltzeko era, eszenatokiko presentzia, diskurtsoa… Niri erakargarriagoa egiten zitzaidan. Eta ez neskentzako bertsolaritza egiten zutelako, ez, ordura artekoa gizonezkoentzako —eta soilik gizonezkoentzako— bertsolaritza izan zelako baizik.

 

        Baina beno, gaur egun bai… Gaur egun punta-puntako bertsolariak ezagutzen ditut: Uxue Alberdi, Alaia Martin, Onintza Enbeita, Amaia Agirre, Rosi Lazkano, Saioa Alkaiza, Nerea Elustondo, Maider Arregi, Miren Artetxe, Miren Amuriza, (pausa bat egin ondoren, txalo joz) Ane Labaka… Eta beraiekin batera ibiltzen diren beste bi ere bai… Nola dira? A bai, bat Maddalen Arzallusen anaia…

 

ane: Amets, ezta?

 

bea: Mmmm… Bai. Amets Arzallus. Eta bestea, e, e... Egaña?

 

ane: Bai, Andoni Egaña.

 

bea: Hori da. Andoni Egaña.

 

(ane zutitu egingo da kantatzera.)

 

ane:

                Doinua: Itsasoa laino dago

        Izen batzuk

        bota antsiz,

        konbikzioz,

        militantziz,

        bakoitzari

        bat erantsiz

        mito zahar

        bat erantziz.

        Definituz

        elegantziz,

        jakin-minez,

        ignorantziz,

        definituz

        elegantziz,

        erreala

        alderantziz.

 

        Bertso-eskolan

        zenbat ume

        ez hain aske,

        hain immune,

        plazan dena

        da hutsune,

        maldan gora,

        bihurgune…

        Gizona da

        erdigune,

        saioz saio

        unez une,

        gizona da

        erdigune,

        baina zenbat

        emakume!

 

        Tabladuek,

        mila laukik,

        mikro batek,

        zazpi aulkik,

        sortu ziren

        lehen gautik

        zenbat ote

        dute arautik?

        Ikusten da

        oholtza lautik

        zenbat garen

        zehatz gaurtik

        ikusten da

        oholtza lautik

        bi seitik, bat

        soilik lautik.

 

        (Bakoitzak bere hankadun mikrofonoak alboratu.)

 

bea: Zuk aipatu duzun lautik bat horietako bati jarraika joan nintzen ni nire lehenengo bertso saio ordaindura. Lasarten bertan izan zen, gure herrian, txapelketako final laurden bat edo… Horrela esaten duzue, ezta? Uxue Alberdi zegoen bertsolarien artean, eta ni Uxue ikustera. Beno, besteak ikustera ere bai. Lagun batekin joan nintzen. Ni konplexuz beteta, herriko pedigridun euskaldunek ez baininduten inoiz bertso giroan ikusi eta han nengoen, bat-batean, txapelketako saio batean... Atean sarrerak hartzen sektako guruak zeuden. Ni burumakur sartu nintzen. Nire laguna, ordea, ez da konplexu gehiegi dituen horietakoa eta sartzerakoan galdezka hasi zitzaien: Zenbat irauten du honek? Deskantsua egoten al da? Zigarrito, pixa, badakizu... Une horretan lurrikara batek irentsi izan banindu ni pozik, baina ez zen lurrikararik izan… Bai, ordea, sektakoen barreak eta adar jotzeak.

 

        Ordutik, egon naiz bertso saio gehiagotan; bertso saio bereziak deitzen diren horietan —zeren, klaro, bertso-saio normalak eta bereziak daude—. Bertso-afari literarioak, bertso-tramak, “Ez da kasualitatea” izeneko bertso-saio musikatu feministak —ez da kasualitatea, ez—… Eta oso flipantea da. Euskal nortasunerako egindako ikuskizunak dira. Hau barne lana, hau errespetua pentsatzen ari denarekiko, zer kontzentrazio maila —kontzentrazioan jarritako energia guztia biltzeko gai izango bagina, akabo Euskal Herrian energia arazoak, Goienerrekin hitzarmen bat sinatu beharko luke Bertsozale Elkarteak...—. Zer isiltasun uneak... Berdin dio elkarte, taberna edo areto batean izan, isilune zirraragarriak bizitzen dira. Nik ezagutzen ditudan batzuk bertso-saioetan bakarrik egoten dira isilik. Une batzuetan bertsolarien burmuin hotsak entzun daitezke (soinua eginez) eta bertsoa kantatzen ari diren bitartean ere entzuleek bost zentzumenak horretan; hitz bat galtzen badut ea usaindu dezakedan behintzat. Eta gero txaloak eta bibak, hauek ere nahiko euskal erara; sutsuak baina erre gabe. Eta entzule guztiak dena ulertu izan balute bezala… Hau ez da egia, ezta? Batzuetan ez dituzue ulertzen, ezta?

 

ane (atzealdean eserita dagoela):

                Doinua: Itsaso hori dago zatarra (azken bi puntuak)

        ...Ulermenaren antipodetan

        hautsi dadila anfora,

        pitzadura hau baita lurraren

        zauri baten metafora.

 

bea: Ene, Ane… Anfora, metafora… Diasfora… Zauri baten metafora. Zeinen argi azaltzen duen dena. Meta-metafora bat da, ezta? Ba ez, ez da ezer ulertu… Ez duelako ezer esan. Ezta, Ane?

 

(anek buruarekin baiezko keinua egingo du.)

 

bea (harriduraz): Bai? Ba nik ez dut ezertxo ere ulertu. Norbaitek ulertu badu esplika diezadala bukaeran... (Pentsakor) Anfora, metafora… Baina bueno, orain ulermenaz ari garela bertsozaletasuna euskalgintzarekin lotu nahiko nuke. Niretzat euskararen arloan pedigria duten horien taldea sekta antzeko bat izan da beti. Hain euskara polita, hain euskara jatorra, hain ahoskera garbia, (azentuak markatuz) azentuak euskarak eskatzen duen tokian jarriaz, esaldien ordena hain euskalduna….

 

ane: Etorri naiz oraintxe Lasartetik.

 

bea (haserre): Mesedez, Ane. lasartetik etorri naiz oraintxe.

 

ane: Ari zara botatzen dena.

 

bea (haserre): Ane, hori ez da zuzena. dena ari zara botatzen. “Objetu”… Ai, barkatu, “objektu” zuzena beti hasieran.

ane: Borratzen du ondo?

 

bea: Mesedez, nahikoa da! Horrek min ematen dit belarrietan… Hori erdara da… Gaztelerazko “¿Borra bien?”. Ondo borratzen (azpimarra eginez) al du? Zertarako daukagu partikula galdetzailea, e? Ba erabili!

 

        Honengatik guztiagatik, batzuetan zaila egiten zait euskaraz aritzea… Baina Euskal Herrian badago fenomeno kurioso bat; berdin dio zuk zenbat dakizun euskaraz, beti egongo baita zuk baino gutxiago dakien norbait. Eta, noski, nik baino gutxiago dakienik ere bada, eta batzuetan hurreratzen zaizu horrelakoren bat eta... (elkarrizketa antzeztuz) “Tú, zu… Euskara?”, “Ea euskaraz badakidan? Bai...”, “Pues, itzuliko hau?”, “Bai, noski, zenbat da? Liburu oso bat itzultzeko agian ez...”, “No, ez, frase bat”, “A, oso ondo, esaldi bat bada arazorik ez. Bota!”, “No es no”, “Ez da ez”...

 

ane (beak esandakoa zuzenduz): Ez, ez da ez da ez.

 

bea (harriduraz): Nola ezetz?

 

ane: Ezetz.

 

bea: Ezetz zer? Ezetz da ez, ez da ez, ezetz da...

 

ane (pazientzia galtzen hasita): Ez, ezetz!

 

bea (eztabaida etenez): Ostia!

 

ane eta bea (biak batera, irmo eta indarrez): ez ezetz da!

 

(Isiltasun tarte bat.)