Erradikalak
Erradikalak
Beatriz Egizabal Ollokiegi
Ane Labaka Mayoz
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larraņaga
Barruko argazkiak: Cesar Marcos
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
152 orrialde
978-84-17051-89-1
Beatriz Egizabal Ollokiegi
1971, Lasarte-Oria
 
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2021, saiakera
 

 

4. Zergatik naiz heterosexuala?

 

bea: Beno Ane, zenbat gauza! Agian une egokia izan daiteke burutik gorputzera pasatzeko… Eta azaletik harago, mamira… Ni ere kutsatu nauzu horrenbeste metaforarekin... Sexuaz, sexuaz hitz egin nahi dut.

 

        Sexua, sexualitatea… Zer esango dut ba nik horri buruz? Hain da atsegina gorputzen arteko jolasa... Ferekak, azala azalaren kontra, normalean sentitzen ez ditugun terminal nerbioso horiek dantzan, atseginezko hotzikarak, auhen basatiak suabe batzuetan, ozen besteetan… Beno, ozenak galtzen joan dira egungo eraikuntzei esker… Noizko pareta insonorizatuak? Beste gorputz batekin bat egitea... Beno, bat, bat… metafora batzuek distortsioa baino ez dute sortzen.

 

        Gainera, gaur egun, sexu askatasunaren aroan... gu askeak gara. Gure amonen garaian akaso beste gauza bat izango zen… baina gaur egun informazio pila daukagu, tabu gutxiago, zientziak eta bestelakoek erakutsi dizkigute sexuaren onurak... Lehen sexurako desira debekatzen zen eta orain, aldiz, ia debekatuta dago sexurako gogorik ez izatea. Hau aldea! Zer askeak garen! Zer ondo ezagutzen ditugun gure desirak, barru-barrutik datozenak… Izan zaitezke heterosexuala edo homosexuala… Monosexuala ere bai (masturbatzeko keinua eginez atzamarrekin), itsu geratuko ote zaren beldurrik izan gabe… Eta hau ba norberaren araberakoa da. Gutako bakoitza askea da sexu harremanak norekin izango dituen aukeratzeko. Beraz, dena ondo, ez dago askoz gehiago gehitzeko. Sexua konplizitate uneak dira, gorputzaz gain beste zerbait dago jokoan… Erakarpen indar bat, desio bat, konfiantza bat… erotismoa. Erotikoak izan daitezke gorputz biluziak, erotikoa izan daiteke usain bat, abesti bat, bertso bat nahiz esaldi bat... edo hitz bat (pausa bat pentsatzeko). Ai, Ane, zu hitzen malabarista izaki... Bota hitz bat.

 

ane (belarrira): Xuxurlatu.

 

bea (kitzikatzen hasita, gorputza laztanduz, hitzekin zentzurik gabeko kate bat osatuz): Xu-xur-la-tu. Xuxur-latu. Olatu. Xurf. Xurf-olatu. (Eskuekin olatuak adieraziz) Zer ondo, Ane. Segi horrela. Gehiago nahi dut. Eman, eman!

 

ane: Miazkatu.

 

bea (gero eta kitzikatuago): Uau! Mi-az-ka-tu. Miazkatu. Miazzkatu. Miaz-katu. Miauzz (eskuarekin atzaparka)-katu. Oso ondo, Ane. Eta orain, hitzak elkartuz eman iezadazu bertso oso bat!

 

(anek tarte bat hartuko du pentsatzeko, bea bitartean txaketa eranzten.)

 

ane:

                Doinua: Zelaia ikusi dut

        Hozka bihurri, laztan

        nahiz atximurretan

        mihiak hotzikarak

        ia hezurretan

        goiko ezpainak beheko

        ezpain zimurretan

        iceberg bat sortu zait

        titi muturretan.

 

(Errepikapenean anek ere txaketa erantziko du. bea gero eta gertuago, gero eta jolastiago.)

 

bea (larrituta): Ene! Ai ama, Ane, barkatu, ez dakit zer gertatu den. Kontrola galdu dut, aber, honek ezin du aitzakia izan, badakit. Ezin da kontrola galdu... Ai Ane, hau lotsa… Baina aber, lasai, nik emakumeak ez ditut gustuko… Beno, aber, emakumeak ez ditut gustuko… Nire lagun minenak emakumeak dira, konplizitate gehien emakumeekin daukat, nire biziraupen sarea emakumez osatuta dago, elkarrizketa interesgarrienak emakumeekin izaten ditut, kalean noanean askoz ere emakume polit gehiago ikusten ditut gizonak baino —adin batetik aurrera, batez ere—, parrandarako ere nahiago ditut emakumeak; barre gehiago, dantza gehiago… Baina gero oheratzeko aukeratu ditut besteak; nire lagun onenak ez direnak, konplizitate gehiegi sorrarazten ez didatenak, nire biziraupen sarean ba bat edo bi kenduta ez daudenak, elkarrizketa interesgarri gehiegi eskaintzen ez dizkidatenak, hain politak iruditzen ez zaizkidanak, parrandan dantza egiten ez dutenak… Eta ustez dantzan ari direnean ere nire espazioa inbaditzen dutenak. (Eskuekin uxatzeko keinua eginez) Alde hemendik!

 

(Pausa txiki baten ondoren.)

 

        Ea… Kontuz hausnarketak ahoz gora egitearekin… Zuek entzun duzue nik esandakoa, ezta? Kontua da nik ere entzun dudala eta… Klaro, esan dudanari kasu eginez ba akaso gizonak ere horrela espezie bezala, klase sozial bezala… ba ez ditut oso gustuko. Hala ere, nire sexualitatea askatasunean aukeratu dut. Ni oso askea naiz… (Pausa bat egingo du, zalantzati) Beno, agian desioa ere kolonizatuta daukat… Mutilatuta (atzamarrekin hitz-joko bat dela adieraziz). Ane, zergatik naiz heterosexuala?

 

(Galdera egin eta bea atzera joango da txaketak pertxetan zintzilikatzera.)