Erradikalak
Erradikalak
Beatriz Egizabal Ollokiegi
Ane Labaka Mayoz
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larrañaga
Barruko argazkiak: Cesar Marcos
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
152 orrialde
978-84-17051-89-1
Beatriz Egizabal Ollokiegi
1971, Lasarte-Oria
 
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2021, saiakera
 

 

3. Alua eta eskandalua

 

ane (aulkitik):

                Doinua: Aita izena

        Bertso honetan azaldu nahi dut

        dizudan begirunea

        gogoan baitut zure ipuinek

        zeramaten perfumea.

        Hain zinen ona, hain langilea,

        jatorra eta xumea

        beti aldean sudur gorri bat

        zeraman emakumea

        ezingo dugu bete zuk gugan

        utzitako hutsunea.

       

bea (hunkituta): Zer polita! Jada lasai hilko naiz… Begira, loreak! (Usaintzeko keinua eginez) Plastikozkoak? Beno, bat-batean gertatu da eta ez zuten denborarik izango… Ai, izeba Kontxi... Etorri zara, zer ondo hor zaudela… Ee, baina itxaron, ni hilko al naiz izeba Kontxi baino lehen? Bizitza osoa marmarka “ni banoa, ni banoa” eta orain ni hemen eta bera hor? Eta Leire… zu ere etorri zara. Orduan listo, gure artekoa konponduta, ezta? Leire, zertara dator irribarre hori? Hori bai ezetz. Nire hiletara barre egitera ez etorri, malkoren bat edo bota, neska… (Berriro ere usaintzeko keinua eginez) Eta lore usainik ez, baina intsentsu usain hau? Ba ni ez naiz inoiz oso intsentsu zalea izan… Eta ahots hori? (Harriduraz eta haserre) Apaiza? Zer egiten du apaizak nire hiletan? Nik argi eta garbi esan nuen hileta laikoa nahi nuela; la-i-ko-a. (Oihu eginez) Dios!

 

(Besoak gurutzatzeari utzi eta pauso bat emango du aurrera, hilkutxatik irtengo balitz bezala.)

 

        Beno, berpiztu egingo naiz bestela ezingo baitut jarraitu… Ai, bizitzaren bukaera… Eta bertara iristeko bidea ere nahiko xelebrea da. Zeure buruarekin ondoen zaudela suposatzen den unean zure gorputza deterioratzen hasten da. Hori zertara dator? Nire kasuan ere hala izaten ari da. Egun eguzkitsu batean ohartu nintzen. (anek marko gorria hartuko du atzeko paneletik eta aurpegiaren parean jarriko dio) Lanerako begiak margotzen ditut eta horretan ari nintzen. Noizbait begiak margotu dituenak badaki nola izaten den hau, goiko marra margotu nuen aurrena eta ondoren azalari beherantz egin nion tira beheko marra margotu ahal izateko. Orduan, atzamarra kendu eta (larrituta) azala zintzilik gelditu zitzaidan. Goiko marra begiratu eta goikoa ere ez zen ageri... Betazalak ere erori egiten dira… (Markoari begira) Non dago nire azalaren elastizidadea?

 

ane:

                Doinua: Nehoiz ez da senditzen

        Deterioratzen hasiz

        bilakatu hauts ia

        nola senti daiteke

        gorputz bat hain hautsia?

        Nahiz berez naturala den

        emandako jauzia

        lotsen, beldurren iturri

        da haragi jausia.

        Ikusarazi behar

        genukeenez auzia

        azalduko al didazu

        zer den menopausia?

 

bea: Ispilutxo, ispilutxo... Nor da erresumako ederrena? Menopausia. Horretaz ere badakit zerbait... Beno, horretan ere lehenengo mailan nago: “menopausia-berri”-an. Premenopausika edo esaten zaion horretan. Eta bizitza osoan pre-post tarte horretan bizi garela ohartu naiz. Preadoleszente-postadoleszente, premenstrual-preobulatzen-obulatzen-postobulatzen, aurrehilerokoa-posthilerokoa —hilabete osoa hormonen menpe—, gero prepartoa-postpartoa… Eta orduan noiz gaude “normal”? Zein da egoera normala? Nor naiz ni? Nolakoa naiz ni pre-post aurrizkirik gabe?

 

ane (aurrera begira):

                Doinua: Nehoiz ez da senditzen

        Neska gazte indartsu,

        otseme edo orein

        bat izan nahian sarri

        nekatzen da edozein.

        Daukana eta ez daukana

        aldea badago, zein?

        Zuk bidean aurrerantza

        egin duzu behinik behin.

        Estigma bat zutenez

        gizarte hontan erein

        ni ere zikin sentitzen

        naiz hilabetean behin.

 

(Bertso bukaeran bea eskuekin eusten ari den ispilura begiratuko du.)

 

bea: Jo, zeinen gaztea zaren, Ane, hilerokoa hilero… Nork ez luke hartuko zure gaztetasuna… Beno, zintzoki, ez didazu inbidia gehiegi ematen... Beno, zuk zehazki bai; hizkuntzarekin egiten dituzun marabilla horiek, zer azkarra zaren, zer maja eta guapa… Baina bestela, gaztetasunak orokorrean pereza apur bat ematen dit. Alde batetik, ez duzu zeure burua gehiegi ezagutzen. Heldutasunean… (pausa bat publikoari begira) Ados. Agian heldutasunean ere ez, baina ordurako argi izaten duzu behintzat zer ez duzun nahi eta hori asko da.

 

        Bestalde, presio sozialak eragin gutxiago dauka zugan… Gogoan dut behin euria ari zuela eta ni kaputxadun txamarra batekin nindoala baina ezin nuela inondik inora jantzi nerabea nintzelako. Nahiago nuen goitik behera busti kaputxa jantzi baino… Eta lehengo egunean, aldiz, zirimiri tonto bat hasi zen, ni aterkirik eta kaputxarik gabe, eta esan nuen: “Ez, ez, ni aterpean geratuko naiz, bestela zistitis bat edo, auskalo…”. Baina ez zuen atertzen eta ezin nuen egun osoa bertan igaro… Orduan nire zorroan begiratzen hasi nintzen eta hara, plastikozko poltsa! Ba plastikozko poltsa buruan eta ibili munduan. Hori da askatasunaren hasiera. Inongo lotsarik gabe, gainera. Gora buruan plastikozko poltsak daramatzaten señorak!

 

ane eta bea: gora!

 

bea: Emakumearen gorputzeko prozesu fisiologiko guztiak dira dramoi bat: hilerokoa jaistea, ez jaistea; bularrak haztea, ez haztea; ilea —beno ilea orokorrean da dramoi bat—; aldakak zabaltzea, ez zabaltzea; umeak goiz izatea, berandu, umerik ez izatea… Dena da dramoi bat.

 

ane (aurrera begira):

                Doinua: Nehoiz ez da senditzen

        Hormonak ziklikoki

        dabiltzan aldartean

        nola egin leku bat

        egungo gizartean?

        Autoezagutzari buruz

        hitz egin bitartean

        ez inon irudikatu,

        ez marraztu artean…

        Ez dakigu ze munstro

        dugun beheko partean

        ispilu bat jarri arte

        norbere hankartean.

 

(beak ispilua hankartean jarriko du, ane esertzera joango da.)

 

bea: Beheko partea, Ane? Benetan? Alu-zinantea! Zenbat aldiz aipatu da “alua” hitza bertsotan? Bertsoetatik kanpo ere hor ibiltzen gara: potota, pototina, zerako zera… Egin froga eta sartu elkarrizketa arrunt batean alua hitza… Alua aipatu eta eskandalua. (Hankarteko markoari begiratuko dio eta larritu egingo da.) Ene, nik hau aspaldi ikusi gabe eta aldatuta dago! Gertuago bezala ikusten dut. Zuk, Ane, ikusi al duzu inoiz zure alua? Eta zurea ez den beste aluren bat?

 

ane (lehor): Zuk ez?

 

bea (harrituta): Hara, Ane, orain zer zara, lesbiana, ala? Lesbianek abantaila dute horretan; alu asko ikusi dituzte. Beno, lesbiana promiskuek. Besteek beraiena eta beste bat… (Berriro hankarteko markora begiratuz) Ane, nik normala daukat? Eroria bezala ikusten dut… Eske lehengoan entzun nuen aluak ere erortzeko joera daukala… Zoru pelbikoa ere erori egiten omen da… Hara! Zoru etikoaren antzera; hori ere erori egiten da. Baina badago ariketa bat zoru pelbikoa eroria ote daukazun jakiteko… Eta horri buruz ari garenez, egin egingo dugu, ados? Imajinatu igogailu bat daukazula hankartean… (anek ez dio kasurik egingo) Zuk ere bai, e, Ane. Orain ezetz uste duzu baina ez dakizu bizitzak zer ezusteko dauzkan zuretzat gordeta…

 

(Azkenik ane altxatuko da, konbentzimendu handiegirik gabe, eta bearen ondoan kokatuko da kidea imitatuz.)

 

        Saiatu zoru pelbikoa beheko solairutik lehengora igotzen. Bagoaz, ados? (Markoa jarriko du aluaren parean eta hemendik aurrerako goranzko eta beheranzko mugimendu guztiak markoarekin egingo ditu) Ateak ixten, cierre de puertas… Gorantz, subiendo… Plin. Lehenengo solairua. Oso ondo, lehenengo solairuraino igo gara eta inortxo ez da ezertaz konturatu. Goazen orain bigarren solairura, handik bista hobeak egongo dira eta. Ateak ixten, cierre de puertas… Gorantz, subiendo… Plin. Bigarren solairua. (Larritasun aurpegiarekin) Ikusten duzuen bezala hau edozein lekutan egin daiteke; zuek ez zarete ezertaz ohartu eta gu bigarren pisuan gaude… Oso ondo, baina bertigo pixka bat ere ematen du, beraz, itzul gaitezen beherantz. Ateak ixten, cierre de puertas… Beherantz, bajando… Iritsi gara behera. Orain, pentsa sotora jaitsi behar duzula. Zerbait ahaztuta edo zerbaiten bila edo… Auskalo. Ateak ixten, cierre de puertas… Beherantz, bajando… Ui. (Markoa geldirik) Sotora jaitsi ezin baduzu... hasieratik sotoan zeunden seinale. Eta horrek zer esan nahi du? Ba hemendik gutxira doministiku egin eta pixak ihes egingo dizula. Hala ere, lasai, zoru pelbikoa indartu daiteke. Nahiz izanez gero, igogailuarena egin dezakezu behin eta berriro baina bada beste modu dibertigarriago bat ere: sexua. Beno sexua, sexua… Orgasmoak —beti ez baita gauza bera—. Orgasmo on batek ganbararaino eraman zaitzake. Orduan badakizue, masturbatu egunean bitan edo, gutxienez. Lasaitu kirolarekin eta hartu denbora atzamarrekin! Zoru pelbikoaren osasunaren izenean, e, gero gustatzen bazaizue ba aurrera…

 

(beak berriro ere markoa hankartean kokatuko du.)

 

        Aizu, Ane, eta aluan ileak edukitzea normala al da? Hau ikusita ba bai, eta elezahar batek ere baietz dio, baina nik ikusi ditudanek ez dute ilerik. Nik ikusi ditudanek… argazkietan eta... Demagun baietz, hor ileak edukitzea normala dela. Eta ileak edukitzea normala bada... noraino? Hau da: zer da alua, zer da inglea eta zer da belauna? Zerk bereizten ditu? Zenbat ile eduki behar da gero dena kentzeko? Eta kentzera joatean galdetuko dizute… Zer kendu behar duzu, línea de bikini? (Larrituta) Línea? Ba línea, línea… Nik bost erreiko autopista daukat. Eta orain bikiniarekin ari garela, bide batez, zenbat urterekin edo/eta zenbat kilorekin pasatu behar da bikinitik bainujantzira Egokitasun Santuaren izenean erridikulurik ez egiteko? (Ilusioz, poza adieraziz) Ai hondartza, gozamena, lasaitasuna, askatasuna…

 

(bea atzera markoa zintzilikatzera joango da, ane aurrera pergaminoa eskuetan duela.)

 

ane (irakurtzen): Hauek dira hondartzako plan zoragarria tortura bilakatzen duten arau inplizituak… (Pausa txiki bat) Ileak besazpian?

 

bea: Tira.

 

ane: Ileak hanketan?

 

bea: Hobe ezetz.

 

ane: Ileak ingleetan?

 

bea: Ez.

 

ane: Tripa zintzilik?

 

bea (tripa sartzen): Ez. Hondartzan beti bigarren solairuan...

 

ane: Guztiz estalita?

 

bea: Ez.

 

ane: Kulerotan?

 

bea: Ez.

 

ane: Kulerorik gabe?

 

bea: Ez. Beno, nudista batean bazaude bai… Baina orain zalantza bat sortu zait. Nudistara joaten bazara, erantzi eta ipurdi zuri-zuria agertzen bazaizu… Uzten dizute bertan geratzen edo ohartzen dira intrusa bat zarela?

 

ane (berearekin jarraituz): Tanpoiaren soka agerian?

 

bea (nazka aurpegiarekin): Ez.

 

ane: Konpresa eta bere hegoak?

 

bea (nazka aurpegiarekin): Ez.

 

ane: Toplessa?

 

bea: Toplessa titi tamainaren arabera.

 

 

ane: Plantxa?

 

bea: Ez. Zertarako erakutsiko duzu?

 

ane: Titi eroriak?

 

bea: Titi eroriak ere ez. Zertarako erakutsi?

 

ane: Titi nabarmenki operatuak eta tenteegiak?

 

bea: Titi nabarmenki operatuak eta tenteegiak? Ez. Hori artifiziala da eta gu naturaltasunaren alde gaude… Aizu, Ane, eta orain tamainarekin ari garela, beste zalantza bat daukat. Zein da titi tamaina egokia hondartzan palan jolastu ahal izateko? Jolasten ari zarela titi batek masaila kolpatzen badizu… Jolasten jarrai dezakezu, edo agian ez…?

 

ane (berearekin jarraituz): Eguzkitako krema?

 

bea: Bai, noski. Berrogeita hamar gutxienez, osasunaren izenean. Azala ondo babestuta, baina zuriegi ere ez. Zuriegi ez, baina solariuma ez dadila nabaritu… Hori artifiziala da. Beltzarana bai baina… Zu, Ane, egon zara hondartzan azken urteetan? Pentsatzen dut baietz… Eta ikusiko zenituen beltzak hondartzan, ezta? Zer beltzak diren, e! Beltzegiak, akaso? (aneri begira) Ja, hau esatea ez dago ondo, ezta? Pentsatzea tira, baina… (Etsipenez) Ai hondartza, gozamena, lasaitasuna, askatasuna…

 

(ane pergaminoa uztera atzera joango da.)