Erradikalak
Erradikalak
Beatriz Egizabal Ollokiegi
Ane Labaka Mayoz
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larraņaga
Barruko argazkiak: Cesar Marcos
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
152 orrialde
978-84-17051-89-1
Beatriz Egizabal Ollokiegi
1971, Lasarte-Oria
 
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2021, saiakera
 

 

4. Merkatu kapitalista

 

bea: Krema aipatu duzu eta… Zuk, Ane, kremarik erabiltzen al duzu?

 

ane: Lehortzen zaidanean, bai.

 

bea: Zu ere lubrikanteekin, Ane?

 

ane: Hidratantea.

 

bea: Bai, bai, nik ere bai. Nik orain arte hidratantea. Dutxatu eta gero, goizetan aurpegian… Aurrekoan krema hidratantea erostera joan nintzen betiko dendara eta ordaintzerakoan hala esan zidan dendariak: “Eta seruma?”, “Seruma?” “Bai, seruma. Ez duzu serumik erabiltzen? Ba oso-oso garrantzitsua da. Serumak poroak zabaltzen ditu ondoren emango duzun krema barruraino sar dadin. Badakizu daukagula dermis, epidermis, subdermis, intradermis…”, “A, bai, horregatik ikusten dut nik kalean zehar jendea krema aurpegian irristaka duela, poroak itxita izango dituelako… Beno, ba eman iezadazu serum pote bat orduan…”, “Oso ondo, hogeita hamar euro”, “Jo...” (ordaintzeko keinua egingo du eskuarekin), “Eta gaueko krema? Ez al duzu gaueko krema ematen? Ba hau ere oso-oso garrantzitsua da, adin batetik aurrera, batez ere. Azala gauez elikatzen da eta elikagaia behar du… Ez zaizu inoiz gertatu goizean esnatu, ispiluan begiratu eta aurpegi txarra izatea?”, “Beno, ba orain esaten duzula, bai…”, “Noski, azala gosetuta daukazulako...”, “Benetan? Beno, ba miserableak ere ez gara izango… Elikatu egin behar bada elikatu egingo dugu… Eman pote bat”, “Tori, berrogei euro”, “Berrogei euro? Hurrengoan agian jatetxe batera eramango dut eta merkeago aterako zait...” (Pausa txiki bat.) Azkenerako dendatik hiru poterekin atera nintzen eta orain, ba zalantza batzuk ditut... Badira egunak esnatu eta pijama erantzi gabe igarotzen dituzunak. Gero iluntzean prestatzen hasten zara, afari bat daukazulako edo kontzertu bat edo… Eta hor, hor zer krema eman behar dut? Iluntzen ari da baina nik orduantxe hasiko dut eguna… Beno, ba azkenean erabakitzen duzu zer krema eman, egiten dituzu egin beharrekoak eta bazatoz etxera bueltan… Eguzki izpiak begietan, txoritxoen kantuak… eta portalera iristean mendi buelta egitera doan betiko bizilagun sano horrekin gurutzatzen zara: “Egun on!” berak, eta zuk (ahots urratuz) “Egun on!”. Orduan, nik hor zer krema eman behar dut? Ni ohera noa, beraz, elikatzeko ordua da baina egunsentia da… Ane, gaupasa egiten duzunean zer krema arraio eman behar da?

 

ane: Gaupasa egiten baduzu ez duzu kremarik emango, ezta?

 

bea: Ez duzu emango zuk, ngp zarenez, baina nik bai. Beno, pentsatzen jarrita... Urteak dira gaupasarik egiten ez dudala. Kalean, e, etxean bai… Umeak botaka edo… Baina hor nahikoa krema izaten dut bestela ere… Batzuetan badirudi ez dauden lekuan ere arazoak topatzen ditudala. Maja, eta lehengoan ez dakizu zer tragedia, hau sustoa! Lanera nindoan eta lehenik eta behin seruma eman nuen poroak ondo zabaltzeko… Bat-batean poro guztiak zabalik, hura zen hura korrontea! Eta orduan krema eman nuen. Baina krema uzterakoan ohartu nintzen potean “gaua” jartzen zuela. Gauekoa zen krema eman nuen goizeko zortzietan. Hura larritasuna! Azala jaten has zitekeen eta akaso lo geratuko nintekeen edozein lekutan, azalak burmuinari mezu kontrajarriak emango zizkiolako… Lanera deitu nuen baja eskatzeko baina esan zidaten ez zela baja eskatzeko motiboa… Eta azkenean dendara joan nintzen estu eta larri. Dendariari gertatutakoa azaldu nion eta hala erantzun zidan: “Eskerrak etorri zaren. Azalari ziklo bital osoa aldatu diozu eta bere onera etortzeko sei hilabete inguruko tratamendua beharko duzu orain, baina zortea izan duzu... Atzo bertan krema berri bat iritsi zitzaigun eta krema hori emanda bi egun barrurako arazoa konponduta izango duzu”, “Ai, eskerrak! Eman iezadazu, mesedez!”, “Tori, laurogeita hamar euro”.

 

        (Pausa txiki bat.) Eskerrak sistema kapitalista batean bizi garen. Pentsa zer litzatekeen tragedia hau sistema sozialista batean... Gaur egungo sistema sozialista batean, adibidez… (aneri begira, adibiderik topatu ezinda) Beno, ba gaur egungo sistema sozialista batean, imajinatu... Igual merkatuan krema bakarra legoke azal mota guztientzat, edo igual kremarik ez eta olioarekin konformatuko ginateke… Kroketak frijitu eta... (aurpegian olioa zabalduz bezala) Hau nazka!

 

ane:

                Doinua: Hogeigarren urtera III

        Beste sistemekin ez

        gaitzazu erkatu

        segundoro birsortzen

        den patriarkatu

        hau barren-barrenean

        ziguten txertatu

        eta kapitala nahi

        dugu biderkatu.

        Noiz bilakatu ginen?

        Nola zen gertatu?

        Prezio oro ezin

        delako merkatu,

        Noiz bilakatu ginen?

        Nola zen gertatu?

        Gu merkantzia eta

        mundua merkatu.

 

        Distortsio bat bada

        gure begiradan

        erosi ezin denari

        diogun ikaran.

        Dena nola xahutzen

        dugun abiadan

        behin erabili, bota,

        bihurtu iragan.

        Konplizeak garela

        aitortu dezadan

        merkealdietan nor

        jartzen da ilaran?

        Konplizeak garela

        aitortu dezadan

        nork ez ditu erosten

        kamisetak Zaran?

 

        Zenbat umeren eta

        andreren ametsen

        aurka aritzen garen

        ez gara jabetzen.

        Beraien miseria

        jadanik merke zen

        baina saiatzen gara

        aldiro merketzen.

        Hiru euro ordainduz

        alaitu gaitezen

        etiketa bakoitza

        hastean aletzen

        hiru euro ordainduz

        alaitu gaitezen

        gaua lanean pasa

        dute Bangladeshen.

 

bea: Jo, Ane, zer gogorra… Ba lehengoan zuk esandako denda handi horietako bateko erakusleihoan ikusi nuen kamiseta bat, zuk esan bezala hiru eurotan, eta jartzen zuen: I’m feminist. Feminista eta poliglota, pentsatu nuen. Eta kontzientzia lausokoa. Zer ari da gertatzen? Diskurtsoa, leloak, ikonoak… lapurtzen ari dira. Orain “askatasuna” hitza edonoren ahotan entzun daiteke, eta palestino fosforitoak ikus daitezke... Eta Che-ren irudia duten kamisetak brilli-brilli… Che brilli-brilli, benetan? Ezkerrak honen inguruan zerbait esan beharko du, ezta? Maja, ez dakizu zer entzun dudan, esan didatenez ezkerra banatuta dago, zuk ba al zenekien? (ane harriduraz begira, isilik) Eta hori, noiztik? Ezkerreko zenbait mugimenduk diote feminismoak eta antzerako borrokek benetako borroka desitxuratzen eta atomizatzen omen dutela. Eta zein da benetako borroka? Zein da borroka nagusia? Diotenez, klase borroka. Klasea da borroka nagusia. Hori da, klaseA. Eta zer egingo dugu klaseB, klaseC, D… eta klaseZ-rekin? Hortxe dago arazoa, klaseak ere azpiklaseak dituela eta gu ez garela sekula klaseA hori izango… Ai, gizonezko zis, zuri, hetero, langile klasea… G-Z-Z-H-L-Klasea. GZZHLK. Ezin da esan, ezin da ahoskatu... Kontsonante gehiegi dira; dentso geratzen da. Ai, gizonezko zis, zuri, hetero, langile klasea… Bat-batean bigarren lerrora, eta zer? Ez zaudete eroso? Kuxin bat nahi? Eta M8a datorrenean koltxoneta, ezta?