Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Jule Goikoetxea Mentxaka
ERRADIKALAK
4. Zergatik naiz heterosexuala?
ERROAK, ERRAIAK, TRIPAK ETA DARDARAK
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Jule Goikoetxea Mentxaka
ERRADIKALAK
4. Zergatik naiz heterosexuala?
ERROAK, ERRAIAK, TRIPAK ETA DARDARAK
Hitzaurrea
Jule Goikoetxea Mentxaka
Gortina ireki da. Bi ugaztun ageri dira eszenatokian.
Isilik daude. Kantuan hasi dira. Oihuka orain. Barrez gero. Algaraka.
Mutu. Barrez berriro. Negarrez. Garrasika.
Gortina itxi da.
Zer da?
Humanitatearen historia.
Zarata semiotikoa.
Nola izan liteke zarata esanahiduna, zarata ez al da esanahirik ez duen hori?
Humanitatea zarata esanahiduna da.
Shakespearek zioen ergel baten kontakizuna dela bizitza, zarataz eta amorruz betea, zentzurik gabekoa. Bai, zera. Ergela bat bakarra balitz… Baina guztiok dakigu bizitzak ez duela zentzuarekin zerikusirik. Zentzua geurea bakarrik da. Ergelona. Ez beste inorena.
Erlijioa, jainkosak, zientzia eta artea. Zarata esanahiduna.
Izan ginenaren zalaparta eguneratua gara, badator algara, irria dantzan; bortitzak bezain barregarriak gara, barregarriak bezain maitagarriak, maitagarriak bezain krudelak. Zirkulua maite dugu, errepikapen itxura ez duen errepikapen ziklikoa gara, horregatik datza gure etorkizuna izan ginen zarataren metamorfosi dramatikoan. Dramarik gabe ez baitago poesiarik, poesiarik gabe ez dago historiarik. Historiarik gabe ez gara nor, ez gara non, ez gara nondik, ez dugu nork. Errepika dezagun historia, baina errepika dezagun hobeto, erradikalki, zarata bilakatu zutena historia unibertsal izan dadin.
Zentzua ez dago bihotzean, ez dago eszenatokian. Arrazoiak ez du zarata zentzu bilakatzen. Zentzua, adiskideok, literatura da.
Zentzua asmakizun bat da.
Ez da deskubrimendu bat. Ez dago hodeien atzean ezta jainkosen magalean ere. Ez da esentzia. Ez da zientzia.
Zentzua erabaki bat da.
Zentzua ezin da arroketan krokatu.
Ezin da zeruan zintzilikatu. Itsasoak ez du nahi, zuhaitzek ez dute behar.
Zentzua ezin da inon iltzatu.
Pultsuan egiten dugun ariketarik erradikalena da zentzua.
Zentzua miopea da, dislexikoa, potoloa eta dramatikoa.
Gizakiok dugun gauzarik ederrena eta ergelena.
Zentzuak izoztu zaitzake. Zentzuak urtu zaitzake.
Aska zaitzake zentzuak. Akabatu, erditu.
Eszenatoki erdian jar zaitzake, edo bide bazterrean odolustu. Negarrez. Garrasika. Isilik. Algaraka.
Munduan dagoen hauturik erradikalena da zentzua.
Umorearen gorputz.
Erroen jaki.
Humanitatea esaten diogun drama honen guztiaren zimentarri.
Ipurtzulotik tiraka aritzen zaizuen iparrerratza,
gatzatu ez zaretela
umorez xuxurlatzen dizuena.
Erro desbideratu, zentzu madarikatu.
Erroetan bizirauten dute historiaren zentzu mututuek.
Horregatik da besteon bizitzetara lotzen gaituen umorea, lur zikin lirikoek taxutua. Horregatik eragiten dituzte hilotzak Ane Labakaren eta Beatriz Egizabalen irriek, zentzua isurtzen dutelako ebakiondo puztuetan, gaizki eta zatar itxitako jatorrietan. Lehen bertsotik azken garrasira arte, hor dabiltza erroak lur azpiko koaguluak murtxikatzen. Zainetan bizi baita beldurra.
Beldur bero.
Beldur gorri.
Beldur likido.
Umorearen altzo. Umorearen altxor.
Etxekotze ariketa alienatzailea da erradikaltasuna.
Horregatik gara Erradikalak gara. Horregatik gara Erradikalak ginen.
Erro zokoratu izan ginen. Irri zornatu. Erro zoratu.
Erro karratu gara orain, irri biderkatu.
Zentzumenak ugaldu dizkigu eskuartean dugun obrak: etxeko sentiarazten gaitu. Eta etxeko txokorik goxoenean: gerra.
Errotiko guda.
Umoreak gerra ekoizten du bakearen izenean. Zer da ba amatasuna? Adarjotze biolentoa edo subordinazio zentzuduna? Aniztasun edadetuaren aurkako hamaika kremaren existentzia, zer da ba?
Non jaio zen emakumeen kontrako biolentzia?
Gizonen umetokian: beldurrean.
Nora doaz komuneko ispiluak irensten dituen neska gazte homologatuak?
Zerura.
Zer da ezinegona, segurtasun gabezia eta antsietatea?
Emakume desiratua.
Non dago zentzua ekoizten duen fabrika eder hori?
Biolentziatarren industrialdean.
Non esnatzen dira zentzuak?
Umorean.
Non egiten du lo indarkeriak?
Erroen babesean.
Non da askatasuna, amonaren sutondoan edo inkisizioaren kobazulo ilustratuetan?
Ez batean, ez bestean.
Bakardadeak sortzen dituen malko edadetuek esperientzian dute alokairua. Esperientzia zimurtuek bihotzean. Zimurrik gabeko bizitzek ez dute heriotza merezi. Eternitatea baino zigor bortitzagorik ez baitago. Aurrera, umorea galdu ez zuten gaztetasun zimurtuak. Atzera, umorerik gabeko promesa gazteak.
Zergatik naiz heterosexuala? Ezkerrera, errotiko indarkeriaren desplazamendu maitekorra. Eskuinera, aniztasunaren izenean zerura joango direla uste duten kultura multifededunak.
Zergatik naiz ama?
Erroa galdu duzulako. Anek Beatrizi.
Zergatik naiz emakume?
Beste norbaiten zentzuak bizi zaituelako. Beatrizek Aneri.
Ze gogorra. Ze egiazkoa. Ze egiazkotasun gogorra.
Nik ere badut egiazko erro burugogor bat. Oparitu nahi izan dut, baina ez du inork nahi. Zertxobait handia da. Komuneko bainuontzian daukat, huntz landare baten antzera hedatzen da paretetatik, teilatutik igo eta eguzkiraino. Ezin dut kalera sarri atera. Erroak jazarriak direlako. B klaseko emakume emigratu euskaldun ez-gazte ez-promesen gisa.
Kremarik ematen ez duten emakumetu ezin izan zituzten ile edadetuen gisa.
Berdin du. Dena da erro desbideratu, erro madarikatu.
Ama gaiztoak, sorginak direlako; ama onak, emakume direlako; ama ez diren emakumeak, eme ez direlako, kumerik ematen ez dutelako, kume ez direlako.
Erro direlako. Erro zikin jazarriak.
Umorez beztituak.
Zentzu alienatzailearen genozidioa da erro madarikatuon patua.
Zentzuak min onartezina ematen digu.
Umoreak min bizigarria.
Umorez gizendu dute Beatriz Egizabalek eta Ane Labakak erroa, zentzu erritmikoz puztu, agoran daudelarik eztanda egin dezan,
hestegorriak gure masailetan.
Roots, raíz, 根, korijen, koøen, rod, wortel. Erroek ez dute bermerik. Ez dute ziurtagiririk. Ez dute bikoterik, ezta umerik ere. Iragana eta etorkizuna dira. Tartekoa moderazioa da eta moderazioa bertute. Bertutea erroen asmakizuna. Erroek asmatu zuten barkamena eta baimena, ez dute barnealderik, zentzuaren alabak baitira, ez dira arnasgune periferikoak, ezpada erdigune odoltsuak. Sumendi semantikoen bihotz, armarriz inguratuta, ez da horren erraza erroa ikustea, egunero bost guda irabazi eta hiru galdu behar dira. Zentzumenak bezalaxe, zintzotasunez eta eskuzabaltasunez banatu behar dira, ilargi betean, hegoak zabaldu eta ulu batez, zerua lur azpiko hondoekin estuki lotu dezaten. Horri deritzo errotuta bizitzea.
Horri deritzo elegantzia, norberak bere erroa estiloz defendatzea.
Zauriak hitz bilakatuz, hitzak bertso, bertsoak kultura, kultura biolentzia, biolentzia erro. Gortina ireki da eta gerrari gerra esaten dion erro elegantea ageri da,
zintzotasun erradikala, dena da negarra eta barrea.
Algara eta garrasia.
Hemen duzue humanitatearen historia.