Hitz etena, Eustakio Mendizabal "Txikia"ren olerkiak
Hitz etena, Eustakio Mendizabal "Txikia"ren olerkiak
1992, olerkiak eta bertsoak
150 orrialde
84-86766-40-0
azala: Garbiñe Ubeda
Jon Arano
1961, Itsasondo
 
2002, poesia
1991, poesia
1985, poesia
 

 

NEKEEN SEME!

      (1966'ko Jorrailla'ren 17'an,

      «Beasain Festivo» aldizkarirako egin nituanak)

 

Aste guziko izerdi-truke

sari esker-beltz, apurra

jaso eziñik zabiltzan langil,

menpeko buru zuurra,

guzien bizi ta onagatik

damazu bizitz-laburra...

ta zenbat jauni egiten zaion

zuri zor zaizun agurra!

 

Zu zera gure oraingo eta

geroko itxaropena;

zuri zor zaizu jaten dan ogi,

ta soñean degun dena.

Bañan lurrean goratuena

izan bear zendukena

arkitzen zera apalenetan

apal eta txikiena!

 

Goizean-goizik utzi oi dezu

sukalde bakar, ixilla,

eta or zoaz puska-legorraz

sari pitiñaren billa.

Zuk beziñ ongi inork ez daki

zenbat neke, katramilla

pasa ondoren irixten dezun

eguneroko opilla.

 

Uda naiz negu, otz edo bero,

or zabiltza goiz ta arrats,

keak eta autsak ongi beltztua,

aurpegia izerdi-pats...

soñean jantzi zikin-illuna,

urratua eta narrats...

Ai! guzien gañetik zuk izan

bear zenduke aberats!

 

Ainbat izerdi ta neke gabe,

zu baño erosoago

ogia jaten duan amaika

alper munduan ba-dago.

Bañan noiz arte, menpeko gaxo!,

noiz arte zera izango

aintza ta ospe gabeko txiro,

guzien azken-urrengo?

 

Ondasun-diruz ongi beteak

ta neke-gabe eroso

bizi diranai oroit-arriak

nun-nai dizkiegu jaso.

Zu bitartean aize zakarrak

nun-naitik zaitu eraso...

Ai! Noiz arte iraungo du lurrak

itxu, eta begi-lauso?

 

Eten gabeko lanean ari

dan txingurria bezela

txanpon pitiña bildu ezinik

zabiltzan langil apala,

denen gañetik aupa nai zaitut,

eta eskuan txapela,

begirun aundiz esku zartatu

oiek muinka ditzadala!

 

Lurrean azken-urrengo zeran

beartsu ez-ezaguna

batzuei iguin bazaie ere

zu zaitut jaun denen jauna.

Eta ainbeste neke ondoren

etorriko da eguna

orain arteko naigabe oro

poz biurtuko zaizuna!