Bulkada
Bulkada
2010, poesia
120 orrialde
978-84-92468-25-6
azala: Oihana Leunda
Jon Benito
1981, Zarautz
 
2001, poesia
 

 

ARGI ZULOA

 

 

Dexter Gordonen baladak jartzen dituen

zure irrati saio gustukoena bilatzen dut.

Zugana eramaten ninduen urrun zinenean.

Orain eskuekin heltzen zaitut haragizko ohola

eta saxoa jotzeko itxurak eginez

musu ematen dizut lepoan ezpainetan

galderarik eta iraganik gabe (nahi zaitut)

neu ere goza nadin eta goza zaitzadan.

 

Garai zaharrak joan dira:

burua udako azken eguzkitara jarri

eta betazalak goritzen uzten ditugu

guretzako asmoak barruen berotan egosten.

Belarretan etzan nahi dut eta zure ametsetan agertu

etorriko dena halako une naroen segida dela pentsatuz

nire bihotz burutua eltzeitsu bat dela sinetsi

barrenean gordetakoa asmatzeko hautsi beharrik gabe.