Bulkada
Bulkada
2010, poesia
120 orrialde
978-84-92468-25-6
azala: Oihana Leunda
Jon Benito
1981, Zarautz
 
2001, poesia
 

 

EGONALDI BATEN INBENTARIOA

 

 

Tottenham Court Road, Bookers Hostels (bost egun):

filmak ikusi, liburuak irakurri eta hitz egiten

ezagutu zuen gazte katoliko alemaniar bat (Alfred),

eta bi neska mexikar ere bai (Tania eta Cynthia)

Londonen egun batzuk pasatzera joanak.

Gauza txiki baina inportanteak erosi zituen:

entxufeen egokigailua (Siemens) eta zapatak (Pointer).

Barre besterik egiten ez zuen judu batekin (Sarah)

joan zen William Turnerren koadroak ikustera,

tamilen manifa batekin gurutzatu ziren (Oxford Streeten),

Elvis Perkins ikusi zuen disko berriko (Ash Wednesday)

kantu batzuk jotzen megadenda batean.

O! Baina lan ere egin behar zuen; artikuluak idazten

zituen Euskal Herriko egunkari baterako,

bestelako diru sarrera txiki batzuk ere bazituen arren.

Handik landa etxe bat aurkitu zuen, hiriaren hegoaldean,

tubeko linea beltzaren amaieran (Colliers Wooden).

Lorategira ematen zuen logelak (asteko 75 pound).

Gerrako beteranoa zelako armak lortu ahal izango zizkiola

esan zion auzoan adineko gizon batek (Kevin).

Linton Kwesi Johnson elkarrizketatzeko zita lortu zuen

nahiz eta gero burutu ez (kontzertu benefikoa baitzuen).

Demonstration batera joan zen behin (ez daki zeren alde).

Peruko mutil baten (Bernie) lagun egin zen:

SoHoko buffet thailandiar bateko sukaldean

lan egin arren, aktorea zela esaten zuen.

Neska japoniar batek (Izumi) skinny deitu zion,

larunbatez (Hyde) parkera joateko geratu ziren,

eta etxera bueltatu aurretik dirua eskatu zion

aurrezkiak amaitu omen zitzaizkiolako.

Astean 130 librarekin bizi zitekeela frogatu zuen:

erdia pasa alokairurako, gainerakoa luxurik gabe;

baina jendeak jan egin behar du, edan, jantzi...

zulo asko estaltzeko, izan bereak izan besterenak.

Garai hartan ketaminaz hitz egiten zen bazter guztietan.

Ko-ko (Mornington Crescent) aretorako ohitura zuten:

eguna hastearekin amaitzen ez ziren festak

eta lorik egiten ez zuen jendea (Mark, Polly eta Adam).

Bakarrik ibili zen Thames ertzetik, Vauxhall Bridge,

John Islip Street, Millbank, Lambeth Road...

eta joan ziren egunak (larunbatetan Spitalfieldsera)

eta igaro ziren hilabeteak (igandetan Camdemera)...

Tony Blairren gobernuak hondoa jo behar zuela

iragartzen zuen prentsak, edonoiz garraiobideak

bonbekin erasotzen saiatuko zela Al-Qaeda.

Kristin Hershen (Your ghost) kontzertu batean izan zen,

ikusi zituen cricket partida zati batzuk, eta une batean

nahikoa gauza bazirela iruditu zitzaion.