Bulkada
Bulkada
2010, poesia
120 orrialde
978-84-92468-25-6
azala: Oihana Leunda
Jon Benito
1981, Zarautz
 
2001, poesia
 

 

COLLIERS WOODEN GAUEZ

 

 

Etxera bueltan lorategian topatu du.

Euririk egiten ez duen gauetan

erretzera ateratzen da

lepo bilduko jertsea jantzita.

 

Bizilagunarengatik daki

bolada txarra ari dela pasatzen,

baina nor ez da

bolada txarra pasatzen ari.

 

Gau argia da,

ilargia zurbil dago goian.

Eta izarrak.

 

—Ez dira ederrak?

 

Ez dio esan,

baina dirdira egiten duten izar usteko asko

espazioan errari dabiltzan satelite zatiak dira.

Milaka daude zerua deitzen duten

itsaso hodeitsu horretan.

 

Gehienei berdin zaie ñirñirka daudenak

izarrak edo txatarra diren,

eder izaten jarraitzen duten bitartean.

 

—Ikusten duzu izarrek egiten duten marrazkia?

 

Cassiopeia konstelazioa dela,

eta bere edertasunaz arrandiatzen zelako

desterratu zutela han gora.

 

Begiei indar egin arren

zail da ezeren antzik hartzen.

Ez dagoen lekuan ikusi behar da.

 

—Zergatik daude gauza ederrak hain urrun?

 

Ia berrehun egun dira hemen dagoela.

Etxeko jendearengandik banatzen duen

distantzia kalkulatu du:

nor ez da gauza ederrak

beti urrunegi izatearen beldur?

 

Sinetsita dago ordea,

gauzek, eder eta onak izaten jarraitzeko,

eurengandik urrun behar dutela.

Hausteko arrisku orotik salbu.