Bulkada
Bulkada
2010, poesia
120 orrialde
978-84-92468-25-6
azala: Oihana Leunda
Jon Benito
1981, Zarautz
 
2001, poesia
 

 

HORRELA MINTZO DA ZARATHUSTRA

 

 

Oraindik makurtu gabea zara, aurpegian nabari zaizu.

Bizarra egin berritan zaurien markarik ez duzu bistara,

begiak husteko biltegiak dira eta ez dute gainezka egin.

Dena ondo doakizula dirudi, zorteko zara, ezta?

Dezepzio handirik ez, ilusioak osorik, betiereko haur

gurasoen ondoan, diru falta gabe, mundua ezagutzen.

Baina beste norbait izan nahiko zenuke.

Beti goiz da mila zatiak inori entregatzeko:

oso, bat eta bare baino hobe txikituta, asko, bizi:

edan besteren ezpainetatik, ezezagunen ondoan esnatu.

Urteek aurrera egin ahala jendea damutu egiten da

egin ez dituenez, ez makurtu artean ustez egindakoez:

ezagutzen ez duguna nahi dugu, galdu duguna

berreskuratzea desiratzen dugun adina indarrez.

Gure buru-gorputza nekatu egiten da zaharrez,

zabaldu behar ez zuen ate bat zeharkatzen du,

engainatu egiten da, engainatu egiten dute,

eta lehengoa nahi du baina berria ere bai,

emaztearen kontsolamendua eta maitalearen hankak.

Begira niri... zu baino hamabost urte eta

hogei mudantza makalago; etorkizuna joan zait,

amodioa ukatu dut, nahi adina ile ukitu,

gosea asetzeko jan, nireaz beste egin dut,

eta besterenaz ere bai. Baina dramarik ez,

entzun egidazu: gauza onak kasualitatea dira

eta ez lege edo gertakarien ondorio logiko.

Atsekabe eta plazer nahastura, erdiz gorroto

erdiz amodio, formula kimiko bat da; ez arau eta

ez fede, dena barne bulkada: zure bihotza

ez dago buruan, zure burua da bihotzean dagoena.

Ez zara lehena. Ez zuten zerbait aurkitu nahian

galdu diren asko ezagutu ditut zure aurretik.