Aurkibidea
EZIN AHAZTU NOR NAIZEN
AZKENAK IZATEA
Libre izatea ("Y" belaunaldia)
Bi aulki eta mahai bati begira
PAPEREKO LAGUNAK
Vladimir (Maiakovskiren poema batean)
Lau post-it 21. mendean poema liburu bat idazteko
GEZUR ETA HARAGI
BARRURANZKO BIDAIA
ATZERA LUR HARTZEN
KOORDENADA BERRIAK
ZOOLOGIA TRATATUA
1
Hankak lurrean belaunak minduz
narrasti azal ezkatazko bat ari zait
zurbila ordezkatzen:
bularraldea urratzen dit urrats bakoitzak,
egiten dudana azalean sentitu beharrak.
2
Oskola hazi zait ornoetan.
Nire gauzak dira: etxea eta memoria.
Hara biltzen naiz.
3
Lehorrean edo uretan,
samurrean eta gorrotoan:
anfibioa izan.
4
Besoekin inguratu
eta zurekin korapilatzen naiz,
bularraldera hurbilduz
sabela ferekatu dizut,
eta hankak zabaltzean...
jendearen barruan jendea dago!
5
Komuneko ispiluan
soin urratua, oskola, bizkar hezurra,
hegorik gabeko besoak,
saihetsetara itsatsitako titiburuak.
Nire baitako
zizare, sugandila,
dortoka eta tximuak.
Nire narrasti, anfibio eta ugaztunak.