Bulkada
Bulkada
2010, poesia
120 orrialde
978-84-92468-25-6
azala: Oihana Leunda
Jon Benito
1981, Zarautz
 
2001, poesia
 

 

PANORAMA ITSUA

 

 

Geometriaz deus jakin ez eta hiriko

zementuaren leuntasunari uko

egiten diote zintzilik errautsetan

zurekin egon nahi dut gau honetan

giltzatu ate guztiak eta ez dadila

inor atera begietan hortzak ametsak

mastekatzen ezin du ez du nahi

sentitzen duzuna asmatu zer esan

zailago hemen da ez diozu inori

galdetu eskuekin lokartzean

horma harrizkoa da eta mutilak lo

itxura egiten du izan edo egon

pozik sentitzen da dolorez

berean jarraitzeko aldatzen da

bai dioenean bihotzak ez

zaurietatik arnas hezurretaraino

ene maite ene maite arrazoi bat (faborez!)

sartzen zaio gezur gihartsu bat besterik

ez zortzi ordu lan zortzi ordu ohe zortzi ordu

zer? Bizi gogoaren menpeko den jendea ezagutu

ukitu ebatsi baina kanpoan atea atera

han ezerk ez baitio ezer gogora ekartzen ez

bada eta aurpegiak aurpegiaren moltso nahasia

erlojuak telefonoak gaueko xuxurlak barkamena

errukia gorputzak haien gorputzak!

Beti kontu bera. Emazkidazu bi bat niretzat.

Usainik gabe garbitu gabe zimurtu gabe

memoria: zikin samarra dauka pixka bat utzia.

Hitzen gordailua gauzen egoera naturala eta hura

jasanezina zen. Arratsalde hartan?

Shoreditch Bermondsey Kennington Shadwell

anitz dira bakardadearen trenak logelak

desastrearen genealogia etxeko giltza estutzen

mind the gap arrisku gehiegi gordetzen du

hiriak baina haietarik libre egon nahi al du?

Hasi berriro hasi berriro dena ondo doa eta jostagarria

iruditzen zaio serio antzeztea ez dela besterik ilusio

honetatik kanpo ezer ez ezer ez

Who are you?!