Bulkada
Bulkada
2010, poesia
120 orrialde
978-84-92468-25-6
azala: Oihana Leunda
Jon Benito
1981, Zarautz
 
2001, poesia
 

 

IRAKURTZEKO IZAN

 

 

Paperekoak ziren nire lagunak

eta lurra eta itsasoa.

Loa kentzen zidan munduak

eskuetan eusten nuelako.

 

Ilunpeen bihotzean

Zekale artean harrapaka

Egun bat nire bizitzan

Galdu arte.

 

Estudiantea behar eta detektibea nintzen:

naufragio bat ohean

kasua argitu arte ametsak jan

eta errusiarrekin tratua hitzartu.

 

Elurra eraman Habanara

izan ez naizen gerra guztietan galdu

nahiago bainuen begietarako izan

hezur haragizko baino.

 

Cabo Verden Amerikan Bilbon Parisen

heldua herrigabea emakumea

edanzalea lapurra senar aldrebesa...

ez naizen jende asko izan naiz

ni izateko.

 

Denak ni baino ausartago libreago

gaiztoago denak.

Ni ez.

Ez naiz Poeta New Yorken ez Lizardi Parisen

erantzun bila sosegu hila galderak mila.

Ez nintzen izan nahi nuena.

 

Nire gorputza bizipen bila ari zen

beti bakarka baina inoiz ez

hitzen ahalean zirraran zailean

nekearen gurasoen eskolaren lagunen aurka.

 

Mapa bat zen liburu bakoitza

nobela ezberdin bat gure kalea egunero.

 

Liburuetan bizi nintzen

eta mundu bat nuen irakurtzeko.