Aurkibidea
EZIN AHAZTU NOR NAIZEN
AZKENAK IZATEA
Libre izatea ("Y" belaunaldia)
Bi aulki eta mahai bati begira
PAPEREKO LAGUNAK
Vladimir (Maiakovskiren poema batean)
Lau post-it 21. mendean poema liburu bat idazteko
GEZUR ETA HARAGI
BARRURANZKO BIDAIA
ATZERA LUR HARTZEN
KOORDENADA BERRIAK
Aurkibidea
EZIN AHAZTU NOR NAIZEN
AZKENAK IZATEA
Libre izatea ("Y" belaunaldia)
Bi aulki eta mahai bati begira
PAPEREKO LAGUNAK
Vladimir (Maiakovskiren poema batean)
Lau post-it 21. mendean poema liburu bat idazteko
GEZUR ETA HARAGI
BARRURANZKO BIDAIA
ATZERA LUR HARTZEN
KOORDENADA BERRIAK
PUEBLO
1
Itzartu gabe askatu du ohetik amak anaia
eta pijamaren gainetik jantzi dio jertsea.
Aitak maletak jaitsi ditu Seat 124ra.
Neure kabuz, gurasoek esan gabe
prestatu naiz, laster gaztea izango naizelako.
Gau da esnatzeko, baina izango dugula
lotarako tartea, eta ez kezkatzeko.
Atea itxi aurretik hartu dut Stevensonen
liburua: orain nik hautatzen dut zer irakurri.
Eguzkia indartu baino lehen komeni zaigu
Tordesillaserainokoa egitea, hortik
beherakoa iritsi beharrez egingo baitugu.
Autobidea ikusi dut ilunetan, beste kotxe
batzuen faroak herria atzean uzten
eta aitaren aurpegia erretrobisorean.
Betazalak astundu eta amona agertu zait
sustraien manatuak gogoratzen.
Egunaren argiak ireki dizkit begiak:
loak erreta dago anaia.
Ez ditut ezagutzen
seinaleetan irakurri ditudan herriak.
Ni ez naizen jendea bizi da paisaia arrotzetan.
Bidailagunaren eserlekutik burua biratuta,
laster garela etxean esan du amak.
Baina nola da hori posible?
Denok badakigu urrun utzi dugula etxea.
2
Jendea ez da zuhaitza
bere lurrari betiko lotzeko.
Anaiak bere neurriaren marka
egin zuen ukuiluan.
Oin bat hazi zen azken alditik.
Zortzi urte zituen.
Ikusi arte ez nekien,
ukitu arte ez nuen sentitu:
larrea horia da
eta belarra aiztoa.
Tioren Citroen Dyanean joan ginen
behiei pentsua ematera.
Tio esaten genion,
nahiz eta ez izan aitaren anaia.
Han ere asunak heldu egiten zuen,
han ere mina jan egiten zen.
Baina han etxea ez zen gure etxea.
Gu ez baikara hangoak.
Aitaren aldekoak bai, handik etorri ziren.
Eta barruko ahots batek galdetzen dit:
«Ikusten ote duzu zeure burua han bizitzen?».
Iturria, herria erdibitzen duen errepidea,
udaletxe plaza, Tormesaren hotza.
Asko aldatuko zen dena:
ukuilua bota egin zuten garajea egiteko,
burdin hesia jarri itzalpea babesteko.
Horretan nekatu denak besterik ez daki
zenbatetan aldatu duten teilatua.
Amonak hango hura zuen bere etxea,
nahiz eta hemen bizi den
memoria dudanetik.
Ahots batek galdetzen dit:
«Eta han jaio izan bazina?».
Tiok zeukan apurra bertan utzi eta
hona etorri zen azkena ematera.
Amonak, inoiz esan ez zuen arren,
ziur han lurpera zezaten nahi zuela.
Batzuk
hemen bizi eta
beti dira hango.