Bulkada
Bulkada
2010, poesia
120 orrialde
978-84-92468-25-6
azala: Oihana Leunda
Jon Benito
1981, Zarautz
 
2001, poesia
 

 

LONDON CITYKO BALADA

 

 

Utzi zuen etxea, utzi zuen dena,

ikusteko munduan bere baitan zena.

Beldurra, mina, erra, poza eta pena,

aukerari zor zion ez zuen kemena.

 

Miarritzetik landa zerua urratu,

jabetu zen garai bat zuela bukatu.

Etorkizuna heldu, joana ukatu:

ihesa ez da beti izaten bekatu.

 

Behin sentitutakoan herstura larria

dena begitantzen da ikaragarria.

Atzoko malkorik ez, biharko irria,

horixe zen nahi zuen nortasun berria.

 

Neguaren gorria, ilun eta hotza,

farolaren argitan eguna da motza.

Kurloien garrasia, zakurren gorotza,

zeruaren azpian nor ez da arrotza?

 

Lur azpitik ikusi kanpoko bizitza:

mundu berezi bat da pertsona bakoitza.

Alone dago hirian, galdu baitu hitza,

hizkuntza da munduan jendearen giltza.

 

Hostal txiki batean handi amestea

etxekoa bihurtu arte erbestea.

Love dela maitasuna, free dela askea,

komeni zaio gauzak ikasten hastea.

 

Japonia, Pakistan, Ekuador, Angola,

pentsatu lur erdia Londonen dagola.

Egiptoko aztarnak, Greziakoak nola,

mundua izan baitzen britishen oin zola.

 

Kalean inork ez du ezagutzen inor,

dena du ezezagun, atzerritik dator.

Excuse me, sorry eta I need a little more,

bizitza zertan datzan jabetuko da hor.

 

Armairua, ohea, leiho bat kalera:

horren truke ordaintzen baitu alogera,

Merton aldean, urrun, garesti gainera...

Zerua jausi zaio sabaitik behera.

 

Urrun dagoenaren askatasun garra,

begien harridura, ezpainen dardara,

maitasun apurrik ez, sexua zabarra:

«horrela al da hemen bizi standarra?».