Aurkibidea
EZIN AHAZTU NOR NAIZEN
AZKENAK IZATEA
Libre izatea ("Y" belaunaldia)
Bi aulki eta mahai bati begira
PAPEREKO LAGUNAK
Vladimir (Maiakovskiren poema batean)
Lau post-it 21. mendean poema liburu bat idazteko
GEZUR ETA HARAGI
BARRURANZKO BIDAIA
ATZERA LUR HARTZEN
KOORDENADA BERRIAK
Aurkibidea
EZIN AHAZTU NOR NAIZEN
AZKENAK IZATEA
Libre izatea ("Y" belaunaldia)
Bi aulki eta mahai bati begira
PAPEREKO LAGUNAK
Vladimir (Maiakovskiren poema batean)
Lau post-it 21. mendean poema liburu bat idazteko
GEZUR ETA HARAGI
BARRURANZKO BIDAIA
ATZERA LUR HARTZEN
KOORDENADA BERRIAK
ARGAZKIA
Osaba-izeben ezkontzakoa da argazkia.
Zenbat urte ditudan?
Ez dakit ondo,
bederatzi edo hamar.
Hor nago,
beheko ilaran:
ezkerrean bigarrena,
belauniko.
Amak jantziko ninduen horrela:
praka labur berdeak,
jertse marradun horia.
Lau urte nituenetik-edo
daramatzat betaurrekoak.
Aldameneko horiek lehengusuak dira.
Haur-mami den hau
medikua izango da laster:
«Zertarako da familia, ez bada
behar duzunean arta zaitzaten?».
Zaharrena naiz lehengusuetan.
Ez zait sekula gustatu.
Gazte izan beste asmorik ez zuen
haur bat nintzen, baina ez haien eredu.
Susmatiaren begiekin
zelatatzen dut kamera.
Ordutik ote datorkit
inon eroso ez egoteko
erraztasun hau?
Nire atzean, zutik, gurasoak.
Haien ezker-eskuin osaba-izebak,
ezagutzen ez ditudan senideak,
eta argazkiaren ertz batean ezkonberriak.
Ezkutuko ze indarrek batzen du familia?
Gerora jakin nuen
zeinen zailak ziren
amour eta toujours errimatzen.
Ia hogei urte joan dira.
Elkarrekin darraite
orduko ezkonberriek.
Bi alaba izan zituzten.
Urrundik etorri ziren adarretako ahaideak
ez ditut ezagutzen.
Izebei entzun izan dizkiet euren kontuak,
baina niri bost.
Aitaren eskuinean dagoen hori
biziminak hil zuen osaba da.
Jende arrunta dira denak:
lana, familia, kezkak
eta dezepzio batzuk.
Batzuetan arrotz sentitzen ditut,
euren iloba edo seme izan arren.
Gaur ezkerzalea eta argala naiz,
ateoa eta heterosexuala.
Auskalo noiz arte.
Nola utzi ordea,
baina batez ere zergatik,
euretakoa izateari?
Nire antzekoegi begitantzen zaizkit
eta beldur zirrarak hartzen nau.
Odolezko sustraiez gainera,
hiletetara joaten naizenetan
ezezagunekin sexua izatearekin fantaseatzeak
lotzen al nau eurekin?
Nik adina zalantza dauzkate?
Nitaz aparte beste inork izan ote du
dena bazterrera utzi eta
urrutira joateko bulkada?
Ez dago jakiterik.
Nork bere kontuak bizi ditu.
Argazkian
barne ekaitzik gabeko
jende zoriontsua dirudi familiak.