Bulkada
Bulkada
2010, poesia
120 orrialde
978-84-92468-25-6
azala: Oihana Leunda
Jon Benito
1981, Zarautz
 
2001, poesia
 

 

LUR AZPIKOAK

 

 

Atzora arte mundutarra zen gaur munduarentzat dena

eta orain lur ematen diegu lurra behar dugunean.

Hobiratzaileen mekanikari begira,

 

galtzen ari garenaren lekuko gara.

Laster joandakoen zerrenda izango da

familia: izen eta datak harrian zizelkatuak.

 

Zuloa berdintzen ari dira

heriotza ez dadin bizidunekin nahastu.

Zerua beltz dago. Euria egingo du.

 

Mahasti artetik autoaren motor hotsa heldu da,

amak gurutzea egin du, eta sustraien bila

luberan hondoratzen ari naizela nabari dut.

 

Ezagutzen ez dugun jendearen hilobiz inguratuta gaude.

Nor zapaltzen ari ote naiz? Bizien lurrinaz oharturik

gotortuta zelatatzen gaituzte defuntuek.

 

Berandu da. Etxera itzultzean

noizbait hilen lekua ordezkatuko duten umeekin

jolastuko gara aulki dantzan.