Delikatessenik ez
Dagoeneko ez dut ezer gogoko.
Zer egingo dut
metafora bat
almendra-lore batez apaindu?
Sintaxia
argi-efektu batean gurutziltzatu?
Nork hausten du kaskezurra
gauza hain azalekoengatik—?
Zentzuduna izaten ikasi dut
hor ditugun
hitzekin
(klase apalenentzat)
gosea
lotsaizuna
malkoak
eta
ilunpea.
Araztugabeko negar-zotinekin,
etsipenarekin
(eta etsipenak etsiak hartuta nauka)
hainbeste miseria dela-eta,
gaixoen egoera, bizitzaren kostua dela-eta,
moldatuko naiz.
Ez diot idazkera zaintzeari utzi,
neure burua zaintzeari baizik.
Besteek badakite
jainkoak badaki
zer egin hitzekin.
Ni ez naiz neure laguntzailea.
Zer egingo dut
pentsamendu bat atxilotu,
esaldi-ziega argiztatu batera eraman?
Begi eta belarriei
kalitate oneneko hitz mokaduak eman?
Bokal baten libidoa aztertu,
gure kontsonanteekiko suharra ikertu?
Zer egin behar dut
harrikaturiko buruarekin,
esku honen idazteko inarrosaldiekin,
hirurehun gauetako presiopean,
papera hautsi,
akuilaturiko hitz-operak erraztatu,
eta horrela ezereztu: ni zu eta hura
gu zuek?
(Izan bedi. Izan bitez besteak.)
Nire partea, gal bedi alferrik.