Alemaniako gerraondoko idazle gehienek egoera muturreko bati egin behar izan zioten aurre. Ez soilik materialki herrialde suntsitu bat berreraiki behar izan zutelako, baizik eta kulturalki, nazismoaren ondoren, idazteari esanahai berri bat aurkitu behar izan ziotelako. Guztiek erantzun behar izan zioten aldez edo moldez galdera berari: nola idatzi nazismoaren ondoren? Nola idatzi hizkuntza batean non goitik-behera dagoen errejimen makur hark kutsatua? Horixe izan zen Gruppe 47 izeneko literatur taldearen bueltan bildu zirenek erantzun behar izan zioten erronketako bat. Horien artean zen Ingeborg Bachman austriarra.
1926an Klagenfurt-en jaioa, filosofian doktoratu zen 1949an Vienako Zirkuluko kide zen Victor Kraft-en zuzendaritzapean idatzitako tesi batekin, zeinetan Martin Heideggerren filosofiaren harrera kritikoa aztertu zuen. Egiazki, auzi filosofikoekiko kezka bizitza osoan izan zuen, eta arrasto sakona —nahiz eta ez erabat agerikoa— utzi zuen halaber bere poesian. Urte gutxiren buruan argitaratu zuen bere lehenengo poesia liburua, 1953ko Die gestundete Zeit (Gerorako utzitako denbora), hain justu Gruppe 47k ematen zuen saria eskuratu zuena. Lehen liburu haren ondoren Erromara joan zen bizitzera eta han idatzi zuen 1956an argitatu zuen bigarren poema liburua, Anrufung des Grossen Bären (Hel-deia Hartz Handiari), Bremen-go Literatur Saria jaso zuena.
1956tik aurrera ez zuen poema liburu gehiago argitaratu; zenbait poema solte idatzi zituen, gutxi izanagatik garrantzia handia dutenak Bachmannen obraren baitan. Horien artean da Delikatessenik ez, neurri batean Adornoren dictum sonatuari —Auschwitz ondoren ezin dela poesiarik idatzi— heltzen diona. Bachmannentzat, Adornoren gisara, poesia idazteak konpromiso etiko sakon bat eskatzen baitzuen, eta horren ezean hobe zen idazteari uztea. Eta halaxe egin zuen berak, elkarrizketa batean arrazoitzen zuenez: “Idazten banekiela baina idazteko beharrik ez nuela susmatzen hasi naizenean utzi diot poesia idazteari”. Izan ere, Bachmannen poesian konstante bat da hizkuntzarekiko kezka, hizkuntza eta bere mugei buruzkoa, eta horrekin hertsiki loturik, egiari buruzkoa, akaso azkeneko poemetan —Egiazki, Zuek hitzok, Delikatessenik ez bera— agerikoagoa dena. Kezka hori haren filosofo kutunarengandik zetorkion, Ludwig Wittgenstein-engandik. Bestetik, batez ere Hel-deia Hartz Handiari poema liburuan, nabarmena da naturaren presentzia —irakur Azalduidazu, maitasuna! edo Hizketa eta esamesa— eta hango hizkuntzaren joria, zeinak bilduma honetako beste poeta austriar batengana —Georg Traklengana— garamatzan, nahiz eta, haren espresionismotik nahiko aparte ibili zen Bachmann. Kronologikoki apailatutako antologia honetan, azkeneko hamar aleak 2000. urtean Bachmannen senideek publikatu zuten Ich weiss keine bessere Welt (Ez dut mundu hoberik ezagutzen) liburutik hartutakoak dira. Han jaso zituzten idazleak hil aurreko azkeneko urteetan idatzi zituen poema amaitugabeak, beste hizkuntzetara oraindik apenas itzuli direnak.
Poesiaz gain, irratinobelak idazteagatik lortu zuen sona literatur munduan. Bi ipuin liburu eta nobela bat (Malina) idatzi zituen halaber; azken honetan oinarritutako filma 1991n estreinatu zen, Elfriede Jelinek-en gidoiarekin. Erlazio estua izan zuen garaiko beste zenbait idazle ertaeuropar gorenekin, tartean, Max Frisch —bikotekide izan zuen— Paul Celan eta Anna Akhmatova-rekin, zeinari Egiazki poema eskaini zion. Bachmannen konpromisoaren berri ematen digu Akhmatova tarteko gertatutako pasadizo batek. Piper Verlag argitaletxea utzi zuen Bachmannek hango editoreak Akhmatovaren Requiem poema liburuaren —stalinismoko Purga Handiko desmasiak oinarri dituena— itzulpena Hans Baumann gazteri hitlerriaren buru ohiari eman zionean. Ezagun denez, Bachmannentzat literatur kontuak ez ziren jolasa.