Poesia kaiera
Poesia kaiera
Ingeborg Bachmann
itzulpena: Nagore Tolosa
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-75-1
Ingeborg Bachmann
1926-1973
 
 

 

Hel-deia Hartz Handiari

 

Hartz Handi, zatoz behera, gau tximatsu,

hodeilarruzko hori, begi zahardun,

izarbegidun,

ñirñirka, sarritasunean barrena bide egiten dute

zure hanka atzapardunek,

izarratzaparrek,

ernai eusten diegu abere multzoei,

gatibaturik dituzu, ordea, eta ez gara fio

zure saihetsalde unatuez eta erdi-agerian dituzun

hortz zorrotzez,

Hartz zahar.

 

Pinaburu bat; zeuen mundua.

Zuek: haren ezkatak.

Bultza egiten diet, amilka daramatzat

hasierako izeietatik

amaierakoetaraino,

ufa egin, muturrean dastatu

eta atzaparka egiten diet.

 

Beldur izan edo ez izan,

bota txanponen bat limosna-zorrora eta eman

gizon itsuari hitz on bat,

Hartza uhalez lotuta eduki dezan.

Eta gatz-pipertu ondo arkumea.

 

Bai bailiteke Hartz honek

aske ospa egitea, beste mehatxurik ez egitea,

eta paradisutik amildu diren

izei handi eta hegodunetatik eroritako

pinaburu guztien atzetik segika joatea.