Gaueko ihesa
Zerua da gure soroa,
motorren izerdiaz goldatua,
gaua bekoz beko duela,
loaren arriskupean—
kalbario eta hileta-txondorren gainean amestua,
munduaren teilatupean, haizeak teilak
eraman badizkio ere — eta orain euria, euria, euria
dugu etxean, eta saguzarren
hegaldi itsuak errotetan.
Nor bizi zen han? Noren eskuak ziren puruak?
Nork piztu zuen argia gauez,
mamuak mamuari ote?
Altzairuzko hegoen babespean, galdekatu dituzte
instrumentuek espazioa, kontrol-erlojuek eta eskalek
hodei lahardiak, eta doi-doi ukitzen du maitasunak
gure bihotzaren hizkuntza ahaztua:
labur eta luze luze… Ordubetez aritu da
kazkabarra, gurekiko uzkur, entzun eta desitxuratzen duen
belarriaren danborra jotzen.
Ez eguzkia, ez lurra, ez dira sartu;
astro gisa mugitu dira, ezagutezin, ez besterik.
Itzulerak ez du axola,
ezta zamak eta sarekadak ere
abiapuntu izan genuen portuan.
Tratularienak dira
Indiako espeziak eta Japoniako zetak,
arrainak sareenak diren gisan.
Baina usain bat aditzen da,
kometei aurrea hartzen diena,
eta aire-ehuna,
eroritako kometek urratua.
Bakartiaren estatusa esango diogu,
zeinengan harrimena mamitzen den.
Beste ezer ez.
Goratu gara, eta hutsik daude komentuak,
sendatzen eta irakasten ez duen ordena bat onartzen dugunez gero.
Ez da pilotuen kontua tratuan aritzea. Baseetan finkaturik
dituzte begiak eta magalean, zabal-zabalik,
gehitzekorik ezer ez duen mundu baten mapa
Nor bizi da hor behean? Nor ari da negarrez …
Nork galdu du etxeko giltza?
Nork ez du ohea aurkitu, nork egin du lo
atarian? Nor ausartuko da, goiza heltzean,
zilarrezko lorratza interpretatzera: begira, nire gainetik …
urak ostera errotaren gurpilari eragiten dionean,
nor ausartuko da gauaz akordatzera?