Poesia kaiera
Poesia kaiera
Ingeborg Bachmann
itzulpena: Nagore Tolosa
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-75-1
Ingeborg Bachmann
1926-1973
 
 

 

Tema eta bariazioa

 

Ez zen eztirik izan uda hartan.

Erreginek beste nonbaitera eraman zituzten erlauntzak,

egun bakarrean agortu zen marrubi-saila,

garaiz erretiratu ziren etxera marrubi-biltzaileak.

 

Lo batera eraman zuen goxotasun hura guztia

argi-izpi batek. Nork egin zuen lo hura garaia baino lehen?

Eztiak eta marrubiek? Oinazetik libre da

dena emanda datorkiona. Eta ez du ezer behar.

 

Ez du ezer behar; apur bat baino ez,

atseden hartzeko edo tente ibiltzeko.

Beheraino makurrarazi zuten leizeek eta itzalek,

ez baitzion ezein herrialdek babesik ematen.

Mendialdean ere ez zen salbu,

—partisano bat, munduak bere satelite hilari

entregatu ziona, ilargiari.

 

Oinazetik libre da dena emanda datorkiona,

eta zer ez zioten ba eman? Kakalardoen kohortea

borrokan zebilkion eskuan,

suteek erredura-markez josi zioten aurpegia eta kimera gisa

agertu zitzaion iturria begien aurrean,

halakorik ez zen lekuan.

 

Eztia eta baiak?

Usaina aditu izan balu, aspaldian segituko zion.

Sonanbuloaren loa ibileran,

nork egin zuen lo hura garaia baino lehen?

Zahar jaiotakoren batek

eta agudo iluntasunera joan behar duenak.

Aurretik eraman zion

goxotasun hura guztia argi-izpi batek.

 

Biraoa egin zuen tu lehortea dakarten

laharretara. Garrasi egin

eta aditu zuten;

garaiz erretiratu dira etxera marrubi-biltzaileak!

Sustraia altxatu zenean

eta haien atzetik txistuka lerratu,

sugearen larruazal bat geratu zen, zuhaitzaren azken geriza.

Egun bakarrean agortu zen marrubi-saila.

 

Beheko herrixkan, hutsik eta danbor

bilakatzeko gertu zeuden baldeak etxartean.

Eguzkiak jo

eta heriotza atabaldu zuen.

 

Kolpetik itxi ziren leihoak,

erreginek beste nonbaitera eraman zituzten erlauntzak,

eta ez zien inork ihesa galarazi.

Basak eman zien babesa;

garo arteko zuhaitz barne-hutsa,

lehen estatu librea.

Zizta egin zion ezten batek azken emakumeari;

ez zuen minik hartu.

 

Ez zen eztirik izan uda hartan.