Poesia kaiera
Poesia kaiera
Ingeborg Bachmann
itzulpena: Nagore Tolosa
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-75-1
Ingeborg Bachmann
1926-1973
 
 

 

Akabo jokoa

 

Neba maitea, noiz eraikiko dugu baltsa bat

eta zeruan behera nabigatuko?

Neba maitea, laster handiegia izango da zama

eta hondora joango gara.

 

Neba maitea, paper gainean herrialde eta burdinbide asko

marraztu ditugu.

Kasu hemengo marra beltzei,

airean gora aterako zara minek jota.

 

Neba maitea, zutoinari

lotuta geratu nahi dut eta garrasi egin.

Baina zu ordurako heriotzaren ibarretik at zamalkatuko zara

eta ihes egingo dugu biok.

 

Buhameen kanpamentuan eta basamortuko dendan, esna,

iletik tantaka darigu harea.

Ez zure adina, ez nirea, ezta munduarena ere

ez da urtetan neurtzen.

 

Ez zaitzatela engaina ez bele asmotsuek, ez armiarma-beso itsaskorrek

ezta sasiarteko lumak ere,

eta ez jan ez edan pagotxen aterpean.

Faltsua da eltze eta pitxerretako aparra.

 

Urrezko zubian, lupuaren maitagarriari esan beharreko

hitza zein den dakienak baino ez du irabaziko.

Barka hau esatea, baina azken elurtean

lorategian desagertu zen.

 

Harri asko eta askoren kausaz ditugu oinak hain minbera.

Sendatu egin zaigu bat. Salto egin nahi dugu haren gainean,

haurren erregea, bere erreinuko giltza ahoan duela,

gure bila etorri eta kantari hasiko garen arte:

 

Garai polita da datilak hezurra ernarazten duenekoa.

Erortzen den orok ditu hegoak.

Titare gorriak josten ditu pobreen azpildurak

eta nire zigiluan erori da zeure barneko hostoa.

 

Lotara joateko ordua dugu, maitea; akabo jokoa.

Behatz puntetan. Ohe atorra zuriak buiaturik.

Etxea xarmatua dagoela esango digute amak eta aitak

arnasa trukatzen dugunero.