Curriculum vitae
Luzea da gaua,
luzea hil ezin duen
gizonarentzat, eta luzaroan
dabilzkio kordokan begi biluziak
kaleargien pean, eta pattar hatsaz
itsuturiko begiak eta azazkal barrenetako
haragi busti usainak
ez dute ez beti goxatzen, oi jauna,
luzea da gaua.
Makinen sabeletik atera nintzelako
ez zait ilea urdintzen.
Arrosa Gorrik galipotez igurtzi zizkidan kopeta
eta xerloak, itoa zioten
ahizpa elur zuria. Ni, ordea,
tribuaren buruzagi hamar mila bider ehun mila arimako
hirian barrena joan nintzen, eta arima kukurutxak
zapaldu nituen oinez, larruzko zerupetik
zintzilik, hotz, hamar bider ehun mila
bake-pipa zirela. Aingeruen sosegua
opa izan diot neure buruari sarri,
eta ehiza-barrutiak, adiskideen
garrasi indargabeez
beteak.
Hankak eta hegoak zabalik,
gainera igo zait gazteria; igo dira
simaurraren gainera, jasminarenera
erro koadroaren sekretua duten
gau-tontorretarantz, eta ordua joan ordua etorri,
leihoa gandutzen dit herioren sagak.
Emaidazue esne-belarra eta isuridazue
gure zaharren barrea
eztarrian behera; orri-pilaren gainean
kuluxka bat egiten dudan bitartean,
amets lotsagarrian,
ezin dezadan pentsatu,
sugetan zirpiltzen diren
mortxilekin josta nadin.
Gure amek ere egin zuten amets
haien gizonen etorkizunarekin,
ahaltsu ikusten zituzten,
iraultzaile eta bakarti;
baina belar txar kartsuen gainean makurtuta
ikusten dituzte orain, euren maitasunaren kreatura hitzontziarekin
eskuz esku, baratzeko otoitzaldietan. Ene aita goibela,
zergatik geratu zineten orduan isilik
eta ez zenuten haratago gogoeta egin?
Su-jauzietan galduta,
gau batez tiro egiten ez duen
kanoi baten alboan, madarikatua, luzea da gero
gaua, ilargi berdotzaren
karkaxa eta argi erretxinaren pean;
boterearen ametsak utzitako
arrastoan, gainetik
igaro zait —eta nik ez diot eragotzi—
apain-apain ipinitako historia daraman trineoa.
Ez naiz ba lo egon: esna ibili naiz,
bidearen bila izotzezko eskeleto artean;
etxera etorri eta huntzez biltzen nituen
beso-zangoak, eguzki hondarrez
zuritzen hondakinak.
Men egiten nien jai-egun gorenei,
eta bedeinkaturik zegoenean baino
ez nuen ogia zatitzen.
Garai hantusteetan
arin joan behar du batek argi batetik
bestera, herri batetik
bestera, ostadarraren azpian,
konpasaren punta bihotzean,
gaua erradio gisa hartuta.
Ireki alderik alde. Mendietatik
lakuak ikusten dira, lakuetan
mendiak, eta hodei-eserlekuetan
kulunka mundu bateko
kanpaiak. Mundu hori norena den
jakitea galarazi didate.
Ostiral batez gertatu zen
—neure biziaren alde ari nintzen barau egiten,
limoi ura zerion aireari
eta hezurra nuen aho sabaian sartuta—:
arraina erdiz erdi zela, eraztun bat atera nuen,
jaio nintzen egunean jaurti eta
gauaren uholdean erorita hondoratutakoa.
Gauera jaurti nuen berriz ere.
Oi, ez banintz heriotzaren beldur!
Hitza izango banu,
(ez nuke okerrekoa emango);
bihotzean kardurik ez banu,
(ez nuke eguzkia arbuiatuko);
ahoan gutiziarik ez banu,
(ez nuke basa-urik edango);
betazalik zabalduko ez banu,
(ez nuke soka ikusiko).
Zeruari tiraka ari dira?
Lurrak eutsiko ez banindu,
aspaldian nengokeen,
aspaldian nengokeen,
gauak nahi nauen tokian,
hark sudur-zuloak ireki
eta apatxa jaso aurretik,
ostiko bat emateko
beti emateko.
Beti gaua.
Inoiz ez eguna.