Igarobaimena (Aria II)
Loak mozkorturiko txoriekin
eta haizeak alderik alde tirokaturiko zuhaitzekin
esnatu da eguna, eta kopa aparduna
hustu du itsasoak haren osasunean.
Ibaiak borborka doaz ur handirantz,
eta lurrak, lore freskoz,
aire garbiko maitasun-promesak
ezarri ditu ahoan.
Lurrak ez du ke-onddorik eraman nahi,
ez die izakiei zeruaren aurrean tu egingo,
ez ditu, hondamenaren ahots entzunezinaz,
euria eta hirazko tximistak ezabatuko.
Neba nabarrak eta ahizpa grisak
nola esnatzen diren ikusi nahi du gurekin;
arrain erregea, bere gorentasun urretxindorra
eta suaren printzea, arrabioa.
Koralak landatu dizkigu itsasoan.
Isiltasuna gordetzeko agindu die basoei,
sustrai ederrak hazteko marmolari,
eta ihintzari ostera errautsen gainean ibiltzeko.
Lurrak igarobaimena eduki nahi du unibertsora,
egunero, gauaz geroztik,
mila eta bat goiz izan daitezen,
edertasun zaharraren grazia gaztean.