Poesia kaiera
Poesia kaiera
Ingeborg Bachmann
itzulpena: Nagore Tolosa
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-75-1
Ingeborg Bachmann
1926-1973
 
 

 

Udazkeneko maniobra

 

Ez dut neuk esan; atzo izan zen. Uda-diru

hutsala sakelan, etzan gara berriz

erdeinuaren galautsetan, denboraren udazkeneko maniobran.

Txoriei ez bezala, guri ez datorkigu ondo

hegoalderanzko ihesbidea. Igarotzen dira, iluntzean,

arrantzontziak eta gondolak, eta batzuetan

amets beteko marmol-izpi batek jotzen nau,

edertasunak errazen eraso diezadakeen honetantxe, begian.

 

Egunkarietan asko irakurtzen dut hotzari

eta haren eraginari buruz, ergelei eta hildakoei buruz,

deserriratuei, hiltzaileei eta miriada

izotz-puskei buruz; ezer gutxi, ordea, kontsolatzen nauenari buruz.

Zergatik behar luke bestela? Atea ixten diot muturrean

eguerdiz etortzen den eskaleari, bakean bizi baikara,

eta batek halakoak ikustea saihets baitezake; ez, ordea,

euripean hostoak goibel hiltzen.

 

Egin dezagun bidaia bat! Goazen altzifreen,

are palmondoen edo laranjondo sailen pean,

merke-zurrean, ilunabar

paregabeak ikustera! Goazen

erantzun gabeko eskutitzak biharko ahaztera!

Mirariak egiten ditu denborak. Komeni ez zaigunean datorkigu, ordea,

errua joka: ez gaude etxean.

Bihotzaren sotoan, loak hartu ezinik, neure burua dakusat berriz,

erdeinuaren galautsetan, denboraren udazkeneko maniobran.