Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
Sar hitza
ehaze
Euskal antzerki garaikidearen oholtza eta ispilu izan nahi duen Ganbila sail honetan zegoen hutsunea betetzera dator eskuan duzun liburu hau. Oier Guillanen izena ez zegoen. Hutsune agerikoa, hortaz, ezen azken hamarkadetako euskal eszenan, bakarkako lanean edota, gehienetan, talde lanean, bere presentzia eta eragina agerikoa izan baita: hamaika arlotan aritua, erreferentziazko pertsonaia bihurtua da egungo antzerkiaren ekosisteman.
Oierrek berezko lekua du euskal kulturaren panoraman poemagile, eleberrigile edota kazetari moduan. Baina, agian, antzerkiarena da bere esparru kutunena. Edo, zehazkiago eta zentzu zabalagoan esanda, eszenarena. Izan ere, badaude sortzaile batzuk zeinei oso lausoak gertatzen zaizkien genero literarioen arteko mugak. Oier Guillan da horietako bat. Noiz hasten da poema bat, edo narrazio bat, edo gogoeta bat, bere jatorrizko izaera literarioari utzi gabe, material eszeniko bilakatzen? Oierri galdetu beharko genioke. Hitzaren eta hizkuntzaren esploradore moduan bere sorkuntza bidearen bila, literaturaren eremu hibrido horietan murgiltzen da. Hortik abiatuz, hornidura horiekin motxila eta kantinplora ederki kargatuta, modu zabalenean ulertutako sorkuntza eszenikora egiten du salto, performancearen, musikaren edota dantzaren lurralde arrotzen esplorazioan, paisaia berrien xerka. Euskal eszenan gutxi urratu edo urratu gabeko eremuetan peskizan alegia; zeinetan kartografia zaharrek paisaia zaharrak baino ez dituzten erakusten, eta gpsek estaldurarik ez duten. Bera bezalako abenturazaleen konpainian beti ere, Metrokoadrokakoak adibidez, neurea osoa izateko zeurea behar dela osa erabat sinetsita dagoelako.
Liburu hau, kulturaren eta sorkuntzaren gaineko begirada zorrotz, kritiko eta autokritikotik abiatuta, egileak sortutako hamaika testu eszenikoren bilduma da. Azken urteetan Itakarako bidaian emandako hamaika pausoren arrasto eta isla aurkituko du irakurleak bertan: des-desliluraz irekitako hamaika ibilbideetan topatutako harribitxiak eta zalantzak, perlak eta kezkak, gogoetak eta apetak. Bildutako sormen esperientziak, azkenean. Esan dugu hasieran: euskal antzerki garaikidearen ahaleginaren lagin ezinbestekoa. Bada zerbait.
Beraz, ez bilatu egia borobilik hemen, ez eta adimen artifizialik ere. Egia erzdunak ditu lanabes egileak; eta, adimena, hezur-haragizko adimena, hezur apurtua bada ere agian, pitzatua, haragirik gabekoa, zopatarako hezurra. Fikzioak sortutako gezurrezko hezurra, alegia. Eta zer inporta du? Autokritikoa izan daiteke adimen artifiziala? Libre izan daiteke? Orduan, zer?
Dasta ezazu Aztitza, gezur-haragi bizitan sortua baita.