Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
2. MONOLOGOA
b: Gaur oihu egin diot haurrari.
Hautsita geratu naiz.
“Arrazoia” nik nuen.
Egun batzuk desesperanteak dira.
Lortuko duzula sinetsita ekiten diozu.
Demagun ikastolako etxekolanei.
Hartzen ikasi beharreko ardurei.
Nahiz eta ados ez egon hezkuntza sistema honekin.
Sistemaren ezintasunen matrakarekin.
Ekin ekiten diozu.
Jakin badakizulako irakasle askok ahal duen guztia egiten duela ahal duen moduan.
Egun gehienetan lortu egiten duzu.
Umorez hartu dena, erlatibizatu.
Haurraren lekuan jarri.
Gogoratu nolako haurra zinen zu.
Ezin dute haurrek pairatu sistemaren, irakasleen, gurasoen ezintasuna.
Eta aurrera egiten dugu, apurka-apurka.
Egunerokotasunari eusten diogu, etxe barruan.
Gu geu aski izan gaitezkeela sinetsita.
Lagundu, besterik ez dugu nahi.
Baina egun batean haurra errebelatu egiten da.
Ez du nahi.
Ez du gogorik.
Exijentziak blokeatu egiten du,
ardura hartu beharrak,
denbora hori jolasean eman dezakeenean.
Eta zuk, hondoan, arrazoia edo, gutxienez,
bere arrazoia duela onartuta eta ados egonda ere,
zureari eutsi egiten diozu.
Bizitza ezerosoa da eta ezerosotasunean egoten ikastea ere bizitza da,
zuritzen diozu zeure buruari.
Baina ez du nahi.
Edo ezin du.
Edo ez daki nola.
Eta nekatua zaude, denbora tarte laburra duzu lanaren ostean,
beste etxekolanak ere zain daude,
afaria prestatzea,
dutxa,
labadora,
etxera eramandako ofiziozko zamak.
Eta pazientzia galtzen duzu,
eta esan behar ez zenituzkeenak esaten dituzu,
eta hainbeste gorroto duzun zigorra hitza azaltzen zaizu,
ez dakizu nondik,
ahora.
Eta haurrari negar malko bat azaltzen zaio aurpegiaren ertzetik.
Eta zuk eutsi egiten diozu,
egin behar dena delakoan.
Baina malko horretan doa zure ezintasun guzia,
ezin duzu ulertu nola izan daitekeen malko bakar bat tamainako ispilua.
Eta haurrak ere manipulatzaileak izan daitezke,
eta krudelak,
edo gardenak.
Baina haurrak hori besterik ez dira, haurrak.
Eta nahi duten bakarra, nahi ez dutenean ere,
lagunduak, ulertuak, maitatuak izatea da.
Eta zuk, nik, biok,
trabeska sentituko dugu eguna eztarrian.
Pot eginda, desastre ari garen sentsazioa.
Ez dugula balio honetarako,
ez dugula jakin kudeatzen,
ahaztu dugula jakin badakigun guztia.
Eta nik jakin badakit mina beste nonbaitetik ere badatorrela.
Gogoan ditut oihuak jaso ditudan aldi guztiak.
Haur batentzat ez dago oihu bat baino gauza mingarriagorik.
Oihua amaitzen ez den oihartzun bat da.
Eta beldurra.
Zer eragin dezakeen zure oihuak.
Are gehiago, maitasunetik,
eztandaren osteko barkamen esketik,
nik ere hurrengo batean hobeto egiten ikasiko dut herabe batetik
datorrenean ere.
Edo hortik datorrelako,
hain zuzen ere,
ez ote den oihua oihuagoa.
Ahaztuak ditut kolpeak,
egon bazirela badakidan arren.
Ahaztuak ditut umiliazioak, mehatxuak,
arriskupeko gaubeilak,
azalaren azpian nonbait gordeta daudela badakidan arren.
Baina oihuak
oroitzen ditut guztiak.
Oihu bakoitza daukat gogoaren barrunbeetan bueltaka,
nire izate osoa ezbaian jartzen duen
xuxurla ozen bat bezala.
Eta min handiagoa eragiten dit,
eragin didaten minak baino,
eragin dezakedanak.