Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
BARRASKILOA
ausa. 1 iz. (Z) Elur erauntsia.
Elhuyar Hiztegia
Bizitza armadurak sortzen ematen dugu
bizitzatik babestuko gaituztelakoan;
baina horiek kaosarentzat
barraskilo oskolak besterik ez dira.
Angelica Negro,
Historia de cualquiera
Ausa da ausaz gertatzen dena.
Ausa da azalaren kolorea,
herentzia biologikoa,
jaio orduko aukeratu ez duzun guztia.
Nola sortu itxaropen berri bat porrot egin ostean?
Ez dut idealizatzen iragana, ez nuke, berez, bueltatu nahi atzera.
Ments dut aspaldiko uneetan balizko etorkizunen arabera mintzo zena,
etorkizun gertagarri haien arabera gosaldu eta kalera irteten zena,
egunari zukua atera behar dionaren determinazioarekin.
Ez ginen ez —ustez— idealistak;
ez genuen ezer aldatzeko esperantzarik.
Zehaztu dezagun apur bat gehiago:
ezer genioenean sistema politikoa, edo, behintzat,
baratzea esan nahi genuen.
Akaso, elkartasunaren normalizazio batekin ere konformatuko ginen.
Akaso, bagenekien mundua aldatu ez zela aldatuko,
baina bagenuen gure bizitza aldatzeko aski denbora izango genuen esperantza.
Zuk eta nik,
elkarren izurrite.
Ausa da auto istripua,
gaixotasuna,
aukeratu ez baina
bizi behar duzun guztia.
Orain, oskola bustita dudala, esan dezaket:
beheraldiaren ertzetik artikulatzen saiatzen naizen egunerokorako
ideologia berri orok
hozten dizkit adurrak.
Esanez bezala: bai, baina.
Gaurkoa beste edozein egun bezain ona da
itxaropenari buruzko ausazko tesi bat egiteko.
Saiatzen naiz lirika berri bat sortzen neure buruarentzat.
Eta galdetzen dut: nola sortu itxaropen berri bat porrotaren gainean.
Hasteko eta behin, posible ote den.
Itxaropena zein neurritan zen inozentzia,
zein neurritan zen bizitzen jarraitzeko makulua.
Ausa da bizitzan norabide berri bat aukeratzea
eta gero,
espero ez duzun arrazoiengatik,
norabide hori jarraitu ezin izatea.
Nire bizitzako erronkarik zailenetako baten aurrean nauzue oraintxe,
nola gainditu itxaropenari hartu diodan mesfidantza:
Fluorixetina.
Paracetamol.
Colgate.
Mikrozebrainstaostianontra.
Biokmigrazetamina.
Barra aski eta loa.
Erre zetak, eta 26 letrako abezedarioak.
Helburuak modu errealistan egitean datza kontua, esango dizute.
Baina, orduan, hasiko dira kalkuluak, eta, nire kasuan, ez dute askorik iraungo:
modu antolatuan planifikatu beharreko itxaropenak
lurraren kontra zanpatzen nau, krask,
bi dimentsiotakoa banintz bezala.
Barbaritate bat iruditzen zait liburuak erretzearena,
baina zeinen gustura botako nituzkeen udako sura autolaguntza gida guztiak.
Ausa da loteria, bingoa, kiniela.
Ausa da begien kolorea.
Ments dut segurtasun hura, zeinaren arabera borrokatzeak beti ematen zuen fruitua.
Gaixotasun gehiegi, ezusteko heriotza gehiegi dago, ordea, itxaropenaren itxarongelan;
krudelkeria arrazoimenean zuritzeko gaitasun humanoak jota uzten nau.
Aurrekontu publiko eskasak bideratu ditu naturak kaosa ekidite aldera.
Hala ere, itxaropenari helduko diogun itxaropena gordetzen dugu beti,
itxaropenari heltzeko arrazoiren bat topatuko dugun itxaropena.
Iraganetik ments dudana ez da orduko denbora,
iragan hartan bizi genituen etorkizun posibleek
oharkabean sortzen zuten oraina baizik.
Ausa da elur-jausi bat
gainera datorrela sumatu eta
ihes egiteko
kemenik ez izatea.
Ausa da elurra gainera jaustean
egingo ez dituzun gauzak zerrendatzea.
Begira barea.
Azkenean lortu du:
bost axola zaizkio besteen iritziak.
Hondartzan biluzten da eta uretarako bidea egiten du,
sabelaldea orkatilak ukitzeko zorian badu ere.
Gorputzeko biloek haize brisarekin bat egiten dute dar-dar,
bandera ņimiņoen gisara,
manifestu postguztiak azkenean beregan haragiturik.
Ez dago une erraldoi hori iritzi artikulu batean jasoko duenik,
eta ez zaio piperrik inporta.
Bere minari beha igarotzen ditu uneak,
haietan jauzi egiteko beharrik gabe,
bazter auzo bateko museo garaikideko piezak bailiran egiten die so zauriei,
unearen bortxa turistikoa bailiran,
denboran arrastorik utziko ez balute bezala.
Barre egiten du, gehiegi, ozenegi, sentituegi, bareak.
Bare egiten du, gehiegi, ozenegi, sentituegi, barreak.
Inora ez doazen, ezerezean geratuko diren,
ikusezinak izango diren ekimen kulturalak,
sozialak,
deportiboak,
gastronomikoak,
politikoak antolatzeko gai da bata bestearen atzetik,
bazterrak nahastearen plazer hutsez.
Ortzimugaren edertasunak hunkitzen du eta benetan ari da,
egunsentiaren edertasunak hunkitzen du eta ase sentitzen da,
euria, ortzadarra, anomalia apasionanteak iruditzen zaizkio.
Kapaz da une bakoitzeko ahuldadeetan indarguneak ikusteko,
inguruko jendea pizteko,
inperfekzioa balioan jartzeko,
elkarrekin nora gabe abiatzeko.
Harriduraz, enpatiaz, axolagabetasunez,
xalo egiten die so inguratzen duten minei,
munduaren neurriari erreparatuta beti txikiegiak diren drama erraldoiei,
bizitza bati —beraz, halaber, mundu oso bati— amaiera jartzeko moduko ezintasun hil ala bizikoei.
“Ikusgarritasun amiņi bat, minaren aitortza minimo bat, besterik ez du behar nehork.
Existitu, funtsean”, pentsatzen du,
batere garrantzirik ez duten malko zintzoez.
Ni ez naiz inor bareari barre egiteko
—bestela esaera zaharrak jasan behar baitituzu bizitza osoan—.
Bareak bere buruari esaten dio:
“Zeinen ederra litzateke existentzialisten edarietan antidepresiboak bota izana!”,
—eta ez da metafora bat, benetan ari da, bere fantasia narratiboak rive gauchera daroa,
goresten ditu drogak, bareterapia zaizkio—.
Mundua leku iluna dela badaki,
saminaren bingoak gordinkeria gupidagabe batez astintzen dituela pertsonak,
boletorik erosi ez arren sariak zauritu dituen guztiak.
Eta, hala ere, haiekin emango luke bizitza, haien alde,
zoriontasuna okupatu beharreko oskol posible bakarra dela jakitun.
Bere pribilegioez jabetzen da eta, hala ere, ekin ekiten dio,
bihotz ahurrez, unez uneko iraultza dastatzeari,
bere zaborrarentzat ontzirik ez dela jakitun.
Dena ikusten du argi baina, behingoagatik,
horrek ez du paralisira behartzen.
Dena ondo dago, gaizki dagoelako.
Dena ondo aterako da, eta bestela, pasako da.
Pilulak uzteko tenorea dela ulertu du,
alaitasunean trabarik gabe ahalduntzeko, baina...
gero zer?
Gero...
Pilula hope!
Ausa da dena.
Ausa da ez dena.
Ausa da ausaz bizi duzun oro.
Ausa da gutxien espero duzun unean,
gutxien espero duzun moduan,
ausart izatera
behartzen zaituena.
Karakola naiz eta denbora gehiegi dut pentsatzeko.
Karakolak pribilegiodunak gara, non lo egin badugulako.
Nahiz eta nehork Camper batzuekin zanpatuko zaituen beldurrez bizi.
Horma bat topatu dut eta munduaren akabera iruditzen zait.
Apokalipsia.
Ezkor sentitzen naiz,
etengabeko katarro batean harrapaturik biziko banintz bezala,
adurjale.
Gaurkoa beste edozein egun bezain ona da
itxaropenari buruzko ausazko tesi bat egiteko
—non irakurri ote dut hori lehenago?—.
Ausa hego haizea.
Ausa idazketa automatikoa.
Ausa cadavre exquis.
Ausa poesia.
Ausa istorio bat idaztea eta gero
istorioak zu harritzea.
Ausa da haur baten nortasuna.
Ausa gurasoak aukeratu ezin izatea.
Ausa da aurreikusi ezin duzun uholdea eta,
jakitea,
leku horretan oporretan egotea aukeratu duzulako
etorriko zaizula gainera
ausaz.
Hau da une horietako bat zeinetan hozka sentitzen ditudan segundoak
inurri haragijaleak bailiran.
Airean tatuatu ditut nire amets hermafroditak.
Aztarrika etor litekeenaren iragarpena balitz bezala,
gorputz osoa sudur zulo.
Nagoen lekuan nago, naizenari erreparatu gabe.
Lanegun geldi oro izan daiteke film japoniar bat.
Begiek irakurtzen didate kafea,
autoen soinu etengabea,
ertzeko naturaren erdian.
Armiarma ņimiņoa,
pinpilinpauxa laranja,
aurreko lore hauek maite dudan norbaiten faboritoak dira.
Nahi izatera, axola zaidan guztiaz mintzo zait bizitza.
Txirrindulariak errepidearen ertzean,
beti bada bere buruarentzat tartea hartzen duen norbait.
Hermafrodita ez den norbait, gehienetan.
Batzuetan imajinatzen ditut bizikleta estatikoak trumilka,
igande goiz bateko errepide ertzetan.
Eta nik aurreratu ditzaket guztiak.