Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
3. BIDAIA
Espazioa eta pertsonaiak:
Oholtzan etxe baten barrualdea. Publikoaren eserlekuetan, bidaian doan trena.
Antzokiak pasilloa dauka erdian, eta pasillo ondoko eserleku guztiak antzezlana hasi aurretik erreserbatuak daude, pasilloaren ondoko lehen eserleku bana bi aldeetara. Solasaldiak aurrera egin ahala ak eta bk aurrera egingo dute aurrez erreserbatutako lekuetan, oholtzaren pareko lehen ilarara iritsi arte. Oholtzan, bitartean, gizona. Bere eguneroko bizitza ikusten da: disekzioa.
1.
Oholtzan gela bat. Lababoa. Sukalde txikia, mahai bat eta aulki bat. Armairu estua. Telebista zaharra. Ohea, leihoa. Eguna argitzen ari da.
gizona esnatu da. Irratia piztu du. Albisteak euskaraz. Altxatu da pixkanaka, mantso, urgentziarik gabe. Irratian eguraldiaren atala. Altxatu da pixkanaka, leihora gerturatu da. Pertsiana altxatzen du, eguzki betea. Albistegiak euriaz hitz egiten du, hainbat egunetan luzatuko den erasoaldiaz. Itsasoaren egoeraz, kostako herrien arriskuaz. Alerta laranja kostalde osoan. Berak, ordea, leihotik eguzkia ikusten du. Norbait ate joka. Irratiaren bolumena doitzen du, pertsiana jaitsi. Euriaz ari da irratia, eta bera, ilunpetan, ohean sartu da berriro, urruneko eguraldia entzutera.
2.
(Trenean lekua hartu eta eseri ondoren.)
a: Ekarri duzu bazkaltzeko zerbait?
b: Bai.
a: Ea pelikularen bat jartzen diguten.
b: Ea ba.
(Isilunea.)
b: El color púrpura.
a: Zer?
b: The Color Purple.
a: Ya, ya...
b: Gogoan duzu film hura?
a: Erdizka. Zergatik?
b: Steven Spielbergek zuzendu zuen, 1985ean.
a: Aja.
b: Alice Walkerren eleberri arrakastatsua zuen oinarri.
a: Bai.
b: Elkarrekin ikusi genuen?
a: Ufa, ez dut gogoan, urte asko pasa dira.
b: Bai. Nik uste dut segur aski bideoan ikusiko nuela, urte batzuetara. Estreinatu zenean txikiegia nintzen horrelako film bat zineman ikusteko. Ni Spielbergen zale amorratua nintzen: E.T., Jaws, Indiana Jones...
a: Bai, bai, gure Stevenek zinegile serioa izan nahi zuen, eta hori guztia.
b: Tira, gerora lortu zuen.
A: Ya, eztabaidatu genezake horri buruz, baina gai interesgarriagoak daude oraintxe teleinstagramen.
b: Bale, bale. Gogoan duzu filmaren amaiera?
a: Ez.
b: Danny Gloverrek antzezten duen pertsonaia maltratatzaile bat da. Whoopi Goldbergen pertsonaiari bizitza inposiblea egin dio. Batez ere, bere ahizpagandik separatu du, maite dituen gauzetatik isolatuz. Filmaren amaieran, jada agure direnean, Gloverrek ahizparekin berriro topatzea ahalbidetzen du.
a: Oso polita, eta hori... ez al da egindakoa zuritzeko modu bat?
b: Agian. Baina bada ñabardura bat, niri iltzatua geratu zitzaidana.
a: Zein?
b: Gloverrek urrunetik ikusten du eszena. Elkar ikusten dute, distantziatik, ez dago beste keinurik, soilik begirada bat. Ikusten zaitut, ikusten nauzu. Benetako ekintza distantzia da. Urruntzea. Alde egitea. Distantzia hori da benetan gizonak emakumearen alde egin dezakeen gauza bakarra. Gauza on bakarra. Aitortzarik gabe: joan, alde egin, bakean utzi.
3.
Oholtzan. Gizonak bidaia-maleta txiki bat zabaltzen du ohean. Sartzen du alkandora bat, jertse bat, galtza pare bat, dirua. Kanpoan eguzki sargoria. Irratia jartzen du, eguraldiaren ordua da. Norbait ate joka, bolumena doitzen du. Jarraitzen du entzuten. Aterkia sartzen saiatzen da, baina handiegia da, etsi egiten du. Armairura gerturatzen da. Era eta tamaina guztietako zaldiak ateratzen hasten da banan-banan. Haurrentzako panpinak dira guztiak: pelutxeak, figura txikiak, maskarak. Hainbat modutara saiatzen da, ez zaizkio maletan kabitzen. Bere gauzak ateratzen ditu maletatik, eta zaldiak sartzen ditu. Maleta hartu, eta badoa.
4.
a: Seguru zaude egin nahi duzula?
b: Bai. Ez. Ez dakit.
a: Baina bazoaz.
b: Baina bagoaz.
a: Ez duzu zertan egin.
b: Esan didazu lehenago ere.
(Isilunea.)
a: Begira gurekin doan jende hau guztia. Beti egiten zaizkit arraroak trenetako bidaiak.
b: Zergatik?
a: Denok norabide berean goazen sentsazioa, denok helmuga berarekin, nahiz eta helmugan bakoitzak esperoan duena ezberdina izan.
b: Gauza bera esan liteke guri buruz.
a: Benetan?
b: Ez dakit.
a: Nik ez daukat iristeko beharrik. Ni zuri bidean laguntzen ari naiz.
b: Ez dizut eskatu.
a: Noski ba. Nola bestela.
b: Manifestazioa galduko duzu.
a: Manifestazioak ere trenetako bidaiak dira.
b: Seguru? Duela urte batzuk ez zenukeen horrelakorik esango.
a: Duela urte batzuk zuk ez zenidan manifestazioa gogora ekarriko. Zer aldatu da?
b: Hori diot nik, zer aldatu da?
a: Modak. Zenbat urtez egon naizen gauza batzuk isilean gordetzen. Halako batean, ezin jakin nola, tabuak tabu izateari uzten dio. Garai batean bizkarra ematen zizutenak kontzentrazioetara joaten hasten dira, zuri ez ikusiarena egin zizuten arrazoi beragatik. Ezin dut jasan.
b: Baina gai batzuk azaleratzea ona da, ezta?
a: Ona, txarra, nekatua nago horretaz. Topikoa den arren, esan beharrean nago: ezer ez da zuria edo beltza.
b: Etsipena?
a: Ez. Asko pozten naiz egun horrelako gaiak azaleratzen direlako. Baina kontzentrazioetara joaten direnetatik zenbat daude prest infernuetara jaisteko eta bertan dagoena ikusteko?
b: Ya.
a: Distantzia behar dut, besterik ez. Mozkortu, ospatu, kritikatu, neure buruaz barre egin, eta saiatu inor laguntzen, inori esan gabe.
b: Eszeptikoa?
a: Ez. Egin egiten dudanak kezkatzen nau, ez diskurtsoak.
b: Ba ni gaur hemen ez banengo, kontzentrazioan egongo nintzateke.
a: Bai. Hori da.
b: Komunista izatetik sozialista izatera pasa zara, sozialista izatetik orain anarkismora?
a: Humanismora.
b: Ulala.
(Pausa.)
a: Zuk zer lortzen duzu kontzentraziora joan eta gero pintxo potera joanda?
5.
Oholtzan. gizona maletarekin sartu da. Nonbaitetik dator bueltan. Eguzki betea leihotik, baina bera bustita dator. Goitik behera bustita. Aterki berri bat dakar, eskukoa, blai eginda. Astindu egiten du. Maleta desegiten du, gauza bakarra dakar: marrazki bat. Haur baten marrazkia. Gelan begiratzen du ingurura, ohe gainean jartzea pentsatzen du baina hor ez luke ikusiko. Probatzen du leku ezberdinetan. Gela hain da txikia ez dakiela non jarri. Leihoan ez. Armairuan ez. Telebista begiratzen du, eta bertako pantailan itsasten du; hari begira geratzen da, luzez.
6.
a: Begiratu jendea.
b: Zer?
a: Begiratu jendea.
b: Ari naiz.
a: Ez, begiratu jendea. (Pausa) Zenbat pertsona egongo gara hemen?
b: Ez dakit, mordoxka. (Pausa, egunkaria irakurtzen) Estatistiken arabera hemengo emakumeen hiru laurdenak jaso ditu moduren bateko tratu txarrak. Estatistiken arabera gutxienez laurdena dira ez daudenak, eta jada egongo ez direnak.
a: Begiratu jendea.
b: Ari naiz.
a: Ez. Begiratu jendea.
7.
Oholtzan. gizona gelatik atera da. Minutura sartu da berriro kanpoko hozkailutik hartutako gauzekin. Plaka elektriko batean kafea prestatzen du. Halako batean, eskuko dardara hasten zaio. Ezin dio eutsi. Beste eskuarekin heltzen du. Geratu da une batez. Ispilu aurrean jartzen da, eskuari helduta. Arnasa kontrolatzen saiatzen da, hainbat alditan, arnasa kontrolatuz dardara gerarazi nahiko balu bezala. Hortzetako eskuila jartzen duen basoa hartu, lurrera erori eta hautsi egiten zaio. Norbait ate joka.
8.
a: Nola egiten duzu?
b: Egin, zer?
a: Lo.
b: Zer ba? Zuk ezin duzu?
a: Ezinezkoa. Eserita nagoenean ezin dut lorik egin.
b: Ba ni zerraldo geratzen naiz. Probatu duzu lepoko almohadarekin?
a: Bai. Ezin dut.
b: Nahi duzu nire alboan jarri?
a: Izerdi usaina duzu.
b: A, eskerrik asko. (Pausa) Pentsatu duzu zergatik dugun batzuetan gustukoa izerdia eta beste batzuetan ez?
a: Zer esan nahi duzu?
b: Beste baten izerdi usaina izango da ondoan ditugunetatik sarrien aldentzen gaituen gauzetako bat. Hori, eta ahoko kiratsa. Zenbatetan esan diozu inori ahoa zabaltzen duen bakoitzean burua aldendu behar duzula?
a: Askotan.
b: Eta izerdi usain jasanezina duela?
a: Gehiagotan. Nik jada ez daukat ezer galtzeko. Portzierto, izerdi usaina duzu, esan dizut lehen?
b: Kamiseta hau da, usaina itsatsia dauka.
a: Beste bat eros dezakezu.
b: Ya, baina pena ematen dit.
a: Joder, Nafarroa Oinez 1994. Bera.
b: Hori bera. (Pausa) Beste batzuetan, ordea, izerdi usaina munduko pizgailurik indartsuena da.
a: Ya.
b: Larrua jotzerakoan, adibidez. Ni ez nintzateke izerdi usain horretatik aldenduko.
a: Gaiaz aldatu dezakegu?
b: Jendea zer ibiltzen da ba, txortaldiaren erdian desodorantea botatzen ala?
a: Ondokoari esan nahi duzu?
b: Norberak ez du norberaren izerdi usaina sumatzen, kuriosoa da.
a: Esan dizut ja gaiaz aldatzeko?
b: Ezerosoa egiten zaizu?
a: Eserleku hau? Izugarri.
b: Ez, hori ez...
a: Zure izerdia, orduan?
b: Benga…
a: Ea, ez ditut zure txortaldiei buruzko gogoeta sasifilosofikoak entzun nahi. Gai hori aterako zenuke ondoan duzunarekin gaurko manifestazioan?
b: Bale, bale.
(Isilunea.)
b: Badakizu? Beti egin zait kuriosoa ezin imajinatzea maite ditudan pertsonen aurpegiak txortan ari direnean.
a: Y dale.
b: Nolakoak dira maite dituzun pertsonen orroak, ze mania dituzte, zerk pizten ditu, non dituzte zona erogenoak, jolas arraroak gustatzen zaizkie, postura telebisiboak?
a: Astuna zara, benetan.
(Isilunea.)
b: Ez zaizu iruditzen tabuek inguratutako manifestuak aldarrikatzen ditugula?
a: Bai. Baina ez dira berdinak zuk buruan dituzun tabuak eta nik dauzkadanak.
9.
Oholtzan. gizonak sukaldeko mahai txikian pilulak hartzen ditu. Gutxienez bost kutxa ezberdin dira. Betaurrekoak jartzen ditu, prospektuko azalpenak irakurri nahian. Ez du lortzen. Kutxa guztiekin saiatzen da, ezer ez. Zeozer okurritzen zaio. Gelako atera hurbiltzen da, kanpoko norbaiti laguntza eskatzera joango balitz bezala. Damutzen da. Berriro esertzen da, infinitura beha une batez. Zeozer bururatzen zaio: mobilarekin argazkia ateratzen die. Anpliatu, eta irakurtzen hasten da. Ondoren pilulak hartzen ditu mantso, banaka.
10.
a: Zer espero duzu hau eginda?
b: Espero? Ezer ez.
a: Ez dut ulertzen. Berak ez zuen inoiz ezer egin zuregatik.
b: Badakit. Ez hori bakarrik, ez da ez zuela nire alde, esan dezagun, ezer egin. Kontra bai, ordea. Kontra guztia egin zuen.
a: Eta hala ere, bazoaz.
b: Banoa.
a: Zergatik?
b: Orain guraso naizelako.
a: Eta?
b: Jakin nahi dut beste modu batekoa izan naitekeela, iraganaren zama kendu nahi dut, beste modu batekoa izan.
a: Idealista. Jarraitzen dut pentsatzen ez duzula zertan egin. Baina errespetatzen dut...
b: Eskerrik asko. (Pausa) Ez dakit, nik gainetik pisu bat kendu nahi dut soilik. Ulertu. Badakizu? Bera ere biktima bat izan zen. Batzuetan iruditzen zait tratu txarrek tratu txar gehiago ekartzen dituztela belaunaldi berrietan. Edo hori, edo artistak. Bere kasuan, tratu txarrek tratu txar eragile bat sortu zuten, eta bera hor harrapatua geratu zen, atzera bueltarik gabe.
a: Artea traumaz beterik dago.
b: Poesia idaztea psikologora joatea baino merkeagoa da.
(Biek barreak.)
b: Zuk ez zenukeen egingo? Nire lekuan bazina, esan nahi dut.
a: Ez. Nik nire bizitza berreraiki dut, nahikoa egin dut jada. Gaurko egunean bikain nago, zoriontsua naiz, niretzat ez dago hori baino justizia poetiko ederragorik.
b: Ulertzen dut. Eta miresten dut, izugarri. Ez dakizu zenbat eskertzen dudan zu hemen nirekin egotea. (Pausa) Badakizu? Uste dut behin bai egin zuela zerbait gure alde.
a: A, bai?
b: Bai.
a: Zer?
b: Desagertu.
a: Ez dakit horrek meritu askorik daukan. Desagertu zen zu heldua egin zinenean.
b: Bai, horixe. Nerabezaroa pasa eta nire bizitza propioa eraikitzen hasi nintzenean espazioa utzi zidan.
a: Baina badakizu horrek beste irakurketa bat ere baduela, ezta?
b: Zein?
a: Desagertu egin zela biolentziaren monopolioa galdu zuenean.
(Isilune luzea.)
b: Bai, agian horrela da. Baina desagertzeak, mila kilometrora bizitzera joateak, hutsetik hasteko aukera eman zidan. Bera kalean topatuta tripak nahastuta sentitu gabe. Batzuetan sentsazioa dut agian ez zela kontziente izan, baina nolabait berak hori sentitu zuela.
a: Zer?
b: Bere burua galbidera eraman zuela, atzera bueltarik gabeko ekintzak egin zituela, eta zeozer ona geratzen bazitzaion egiteko, gauza on bakar bat, aitortzarik ere merezi ez zuen gauza bat, horixe bera zela: bakea eman, nahiz eta berak sekula gehiago bakerik ez eduki.
a: Baina zuk... Barkatu egingo diozu pasarazi zizun guztia?
b: Ez dakit barkamena den hitz egokia. Izatekotan, barkamen hau neuretzat da, ez berarentzat. Hogei urteren ostean bera ikustera joanda, ez dut nire pisua arintzea bilatzen. Haurrarena baizik.
11.
Oholtzan. Usaina. gizonak espazioan kokatzen ez dakien usaina sumatzen du. Norbaitek atea jotzen du. Ondo ulertzen ez den ahots bat entzuten da, beste hizkuntza batean. Berak kezkaz begiratzen du ingurura. Inspekzioa hasten du, usainaren bila, urduri. Bere gorputza arakatzen du. Ohea ondoren, ohearen barruan usainaren bila, ezer ez. Ohe azpian. Pixkanaka lekurik logikoenetan bilatzen hasten da: sukalde gaineko ontzi txikia, mahaiaren atzean zeozer erori ote den, lababoaren hoditeria. Norbaitek jotzen du berriro atea. Gero eta urduriago. Bila jarraitzen du, etsipenez, gero eta leku ilogikoagoetan. Atean joka norbait berriz. Armairura jotzen du azkenean. Mesfidati begiratzen dio armairuari, sinetsi ezingo balu bezala. Zabaltzen ditu ateak. Goiko apaletik, zeozer ateratzen du: haragi zati ustela. Atea joka norbait, joka, joka.
12.
a: Badakizu? Ni ez nintzen inoiz biktima sentitu zu sentitu zinen arte. Asko pairatu dut, baina ez dut sekula hitz hori erabili.
b: Ez dut egin zuena inoiz zurituko. (Pausa) Ondo dakizu nirea haurtzarorik gabeko eta nerabezarorik gabeko infernu bat izan zela.
a: Hasieran gertatzen ziren gauzak ziren soilik. Gaia gero eta presenteago zegoen kalean, baina hala ere, nirekin zerikusirik ez zuen zerbait zen.
b: Ezberdina izan nahi badut, erradikala izan behar naiz. Alegia, arazoen sustraietara jo. Ezberdina izan nahi badut, errotik ezberdina, berari aurpegira begiratzetik hasi behar naizela sentitzen dut.
a: Gero zu etorri zinen esanez erakundeek ofizialki haurrak ere biolentzia matxistaren biktimak kontsideratuko zituztela. Seme-alabak. Bat-batean, zu ere biktima bat zinela konturatu zinela.
b: Ez nekien biktima bat nintzenik, prentsan irakurri nuen arte.
13.
Oholtzan. gizona beldur da norbaitek atea joko duen, itxita dagoela segurtatzen du bizpahiru aldiz. Koltxoiaren azpitik dirua ateratzen du. Zenbatzen hasten da. Eskuko dardara gero eta nabarmenagoa da. Esku bakarrarekin zenbatzen saiatzen da, eta ordenatzen. Kontatu ahala, tarteka ahaztu egiten zaio zertan ari den, eta berriro hasten da.
14.
b: Gogoan dut txikitan egongelako apaletan zeuden liburuak errepasatzen nituela, behin eta berriz, tituluak errepikatuz. Niretzat misterioz beteriko esaldiak ziren. Ez nekien zer gordetzen zuten orrialde haiek, oraindik ere ez nintzen irudirik gabeko liburuak irakurtzeko kapaza, baina nire barruan bazen halako desio bat: batzuetan pentsatzen dut nire hondoenean liburu haiek irakurri ahal izateko, titulu haiek deszifratzeko gogoz egin nintzela heldua.
a: Gehiegi pentsatzen duzu.
b: Zinemara ere askotan joaten ginen. Gogoan duzu? Marrazki bizidunetako film guztiak ikusi genituen txikitan, Walt Disneyren guztiak, baina baita bestelakoak ere, 1978ko The Lord of the Rings datorkit gogora.
a: A ze memoria zurea. Nik ez dut horrelakorik oroitzen.
b: Spielbergen filmak zubi bat izan ziren, bai berak zuzendutakoak bai ekoiztutakoak. Helduen mundurako urrats bat, dagoeneko marrazki bizidunik gabekoak, baina irudimena borborka.
a: Tira...
b: Batzuetan pentsatzen dut horrek guztiak salbatu ninduela.
a: Zerk?
b: Beste bizitza batzuk posible zirela jakiteak.
(Isilune luzea.)
a: Agian gizonezkoa zarelako barkatu dezakezu gizonezkoa. Pentsatu duzu horretan?
(Isiltasuna.)
b: Ez. (Pausa) Benetan pentsatzen duzu hori?
(Pausa.)
a: Ez dakit.
b: Agian horrela da. Nik ez dut ezer zuritu nahi, baina orri zuri bat da nahi dudana. Ez niretzat. Ondoren datozenentzat baizik.
a: Ez dadila izan bidaia ahazteko aitzakia.
b: Sekula ez. (Pausa) Ez dakit hau egin ahalko nukeen zu gabe.
15.
Oholtzan. Telefono soinua, gizona goizean oraindik ohean lo dagoela. Hasieran ez daki zer den, iratzargailuarekin nahasten du. Gero, apurka, telefonoa dela ohartzen da. Oso goiz da, eta norbait hasten zaio ate joka. Aspaldi da ez duela telefonoaren soinua entzuten. Mugikorra bilatzen hasten da, eta ez du topatzen. Kosta egiten zaio topatzea. Azkenean lortzen du, baina telefonoa jada ez da ari joka.
16.
b: Guraso ez banintz, ikusi nahiko nuke?
a: Ez zaitez joan.
b: Nolakoa zatekeen bidaia hau bera urrundu ez balitz?
a: Ez duzu zertan egin.
b: Egon zena baino odol gehiago egon balitz tartean?
a: Ez naiz etorri zu laguntzera.
b: Bakarrik geratu izan banintz munduan?
a: Ez duzula zertan bidaia hau egin gogoraraztera etorri naiz.
b: Nolakoa zatekeen nire bizitza mehatxuak guztiz betetzera iritsi balitz, bakarrik banengo munduan? Bidaia hau egiten egongo nintzateke?
a: Aske zarela esatera etorri naiz.
b: Berdin-berdin, aurpegira begiratzeko beharra izango nuke?
a: Loturak atzean utz ditzakezula oroitarazteko.
b: Zer nolako aita nintzateke ni, amarik gabe?
a: Zu zu besterik ez zarela esateko.
(Pausa.)
b: Bere aurpegia ispilu bat da.
Eta ez dut bere aurpegia hogei urtean ikusi.
Bere aurpegian ikusi nahi dut beste norbait naizela.
a: Nola barkatzen du emakume batek?
Ez du zertan egin.
Ez du zertan barkatu.
Ez diezadatela eskatu, gainera, erantzun guztiak izatea.
Inor ez da aske aske izatea erabakitzen duen arte.
Eta nik erabaki egin dut, aspaldi erabaki nuen.
(Pausa.)
b: Nire tribua zurekin hasi zen.
a: Auzoko lokalean pankartak egiten dituztenen tribukoa naiz. Orain, duela berrogei urte bezala.
b: Ez dituzu sekula tribuko ateak itxi.
a: Egunero naiz naizena.
b: Zure etxeko tribua urtero aldatzen da.
a: Nire gozamenaren jabe naizelako naiz aske.
b: Familia afarietan ez dakit sekula nor azalduko den.
a: Behinola ebatsia izan zitzaidan alaitasunaren jabe naiz orain.
b: Harrera pisuetan dauden haurrak, hemen inor ezagutzen ez duten migratzaileak, bakarrik daudenak, bakarrik egon nahi ez dutenak.
a: Alaitasunean lagun dudan jendearen familiakoa naiz.
b: Zure tribu berekoa naiz, baina ez familia garelako.
Zure tribu berekoa izatea erabaki dudalako baizik.
(Pausa.)
b: Jakin nahi dut nor naizen aitaren aurpegian.
a: Titularrak tematu dira esaten nor naizen.
b: Zer esan ahal diot nik alaba bati, bizitzaz?
a: Legeek diote zer behar nukeen.
b: Zer esan ahal diot seme bati, bizitzaz?
a: Intentzio oneko etiketek abailtzen naute.
b: Nola bermatu ahal diot, hitzez, ekintzaz, ez bata ez bestea izateko aukera bat?
a: Ez zaitez joan.
Mina berpizten dit bidaia honek.
Edo hobe, joan zaitez.
Eraman ezazu mina urrun zurekin.
Eta gero bueltatu.
Jada bazaren horretara.
b: Jada bagaren horretara.
(Isilunea.)
b: Ez dago istorio bakar bat.
a: Etiketak istorioz beterik daude.
b: Istorio guztiek behar dute kontatuak izan.
a: Etiketak isildutako istorioez osatzen dira.
b: Nik badakit nor naizen tribuan.
a: Tribua ere izan daiteke tribunala.
b: Istorioek soilik asetzen dute isiltasuna.
a: Begirada zabaltzea dakar istorioak.
b: Hau istorio bat besterik ez da.
a: Istorio guztien artean bakar bat.
b: Istorio bakoitza zerbaiten hasiera da...
a: ...entzuten duenarentzat.
(Isilunea.)
b: Boterea zuk duzula erakutsi didazu, ama.
a: Ez, oker zaude. Nik ez dut botererik. Eta ez dut nahi. Nik indartsua izan nahi dut, nire modura.
b: Zergatik ez zenuen lehenago alde egin?
a: Zuengatik.
b: Ni ez nintzen kontziente haurrak nola bilakatzen ahal diren truke txanpon. Orain konturatzen naiz niri eragin zidan min guztiak, xede bakarra zuela: zuri mina eragitea.
a: Alde egin zuen. Jada ez zuelako zereginik. Zer meritu dauka horrek?
(Isilunea.)
a: Harro nago.
b: Zure bizitza berreraiki izanaz?
a: Horretaz baita ere.
b: Zertaz orduan?
a: Izerdiaren usainaz jabetzen diren pertsonak hezi izanaz.
b: Serio ari zara?
a: Ez.
(Barre biek.)
a: Aurpegira begiratzeko gai diren pertsonak hezi izanaz nago harro. Besteen aurpegietan aske izateko gai diren pertsonak hezi izanaz nago harro.
(a altxatu egiten da. b ondoren. Pasilloaren aurrean daude jada, oholtzatik gertu. Elkar besarkatzen dute, irudimenezko musika batean bals bat entzuten egongo balira bezala, maitasun handiz. gizonak oholtzatik, lehenbiziko aldiz, laugarren horma apurtu, eta ikusi egiten ditu. Pixka bat kulunkatu eta gero, ak b askatzen du. Azken keinu bat egiten dio, begietara begira, aurpegia ferekatu. Pixkanaka aldendu eta badoa pasilloan gora, bide osoa atzera begiratu gabe zeharkatuz. Ia kanpoan denean, oholtzara begiratzen du, bren gainetik. Elkar begiratzen dute une batez, hotz, begiratu besterik ez. ak buelta eman eta harro begiratzen du kanpora. Badoa. gizona bere baitara bueltatzen da oholtzaren barruan. b bakarrik geratzen da, a nola joaten den ikusiz. Joan denean, arnasa sakon hartu, oholtzarantz biratu eta harantz abiatzen da.)