Aztitza
Aztitza
Oier Guillan
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
270 orrialde
978-84-19570-42-0
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2013, poesia
2009, poesia
 

 

LEHEN AGERRALDIA:
Poemak

 

 

PROLOGOA

 

Amak plastikozko poltsa bat eman zidan:

“Sar itzazu hemen

gehien maite dituzun jostailuak.

Ospa egingo dugu

aita bueltatu baino lehen”.

Ez dakit zenbat minutu eduki ote nituen

jostailuen artean aukeratzeko.

Ez nuen ezer ulertzen,

abandonatu beharreko gela hura zen

ezagutzen nuen mundu bakarra.

Hartu nituen komikiak,

betiko hartzatxoa eta gerlariak:

miniaturazko armadari begira jarri eta

ordura arteko abenturarik ikusgarrienetan

ausartenak izandakoak hautatu nituen.

Gaua zen.

Behean genituen zain amona eta aitona

R5 zuri batean,

motorra martxan.

Ihes egin genuen

geografiarik gabeko erbestera.

 

Orduan hasi ziren niretzat

munduko gatazka guztiak.

 

 

1.

 

Ez naiz inoiz lo egitearen beldur izan,

esnatzerakoan aurkituko nuenaren beldur

baizik.

 

 

2.

 

Gazte batek hodia sartua du biriketan.

Ez du jakin adiskidetasuna benetan zer zen

lotura biologikorik ez duen norbaitek

berarekin ospitalean gaua pasa duen arte,

besazpitik birikak puzteko behar duen zulora

iltzatutako garbigailuak

airea hartzean eragiten dion samina gaubeilatzen,

izerdia sikatzen,

bularraldeko ziztadak presentzia hutsez laguntzen,

egunsentiak hitz bakar baten forma hartu duen arte:

morfina.

 

Eta orduan bai,

gora ortzadarrak eta adarbakarrak!

Kapaz da azkenean Joseba Sarrionandiari mesedea bueltatzeko,

Manuel Bandeira irakurrita jakin baitzuen

edozein hitz kabitu litekeela poema batean,

lagun bati besotik helduta bada:

 

Pneumotorax, bat bi hiru,

Pneumotorax, bat bi hiru,

Pneumotorax, bat bi hiru...

 

 

3.

 

Loak babestu beharreko ondarea izan beharko luke:

 

oinarrizko giza eskubideen zerrendan sartu,

hura bermatzeko gobernuz kanpoko erakundeak sortu,

lasai lo egiteko eskubidea segurtatu nazioarteko erakundeek,

loa zaintzeko legez besteko proposamenak luzatu alderdiek,

atsedenaren garrantzia aldarrikatu herrietako udal batzarrek,

loa kolektiboki bermatzeko negoziazio mahaiak bultzatu,

prozesu parte hartzaileak,

erritualak.

 

Ez dadin inor

zutik lokartu.

 

 

4.

 

Norbaiten loa lagundu arte

ez nuen sekula atsedenik hartu.

Besteren mamuekin ordezkatu nituen nireak.

 

 

5.

 

Behin sukaldeko labana ezkutatu zuen burukoaren azpian.

Literatan lo egiten zuten arrebak eta biek.

Gau hartan

ama sartu zen txikiarekin beheko ohean.

 

Gelako ateak ez zuen kisketarik.

 

Gaua soinuen zain eman zuen itzarririk,

isiltasunak arropatu zuen arte.

 

Mamuak beti daude esna,

atea zabalik duten kaioletan.

 

 

6.

 

Beste norbaitekin lo egitea

bizitzan egon daitekeen

erronkarik zailenetarikoa da.

 

 

7.

 

Ez daki noiz hasi ziren ohean elkarri bizkarra ematen.

Zalantzarik gabe,

munduko harresiak norbaiten sorbaldetan hasi ziren.

 

Horregatik, aurrerantzean,

 

bizkarra emango dio

bizkarra emateari,

 

ez du begiradarik

aurpegiratuko,

 

musu truk jarriko du gorputza

kausarik gabeko

arrazoien alde,

 

hiztegia hustuko du

harraskan behera,

itsasoratu daitezen hitzak

balneario naturaletan,

gazteak murgildu daitezen biluzik haietan

lehenengo aldia balitz bezala,

 

bere loteria propioa

sortuko du eta

boleto guztiak erosi

eskatu ez dituenari

oparitzeko.

 

 

8.

 

Lo ezak oparitu dizkit hitzik behinenak

haien beharrean nintzenean:

ez dago insomnio gau bat baino hobeagorik

neure beldurrekin batzartzeko.

 

 

9.

 

Zure mina atzematen saiatzen naiz

ohartu gabe

zu zarela nireaz jabetu dena.

 

Ez dira ferekak,

eragindako minak zure gorputzean

utzitako oihartzunak uxatzeko

mugimendu traketsak baizik.

 

Ez dira laztanak,

beldurraren behe lainotik

banatzen gaituen airean

argiari lekua uzteko

ahalegin baldarrak baizik.

 

Ez dira muxuak,

ito zaizkigun hitzak

barrenera xuxurlatzeko

desio koldarrak baizik.

 

Ez dira zaporeak,

oraindik ere bagaren

horri begira dauden

itsuaren eskuak baizik.

 

 

10.

 

Ez daki faltan botatzen duen inoren beroa izatea

ala inoren beroa sentitzeko itxaropena.

Ez daki faltan botatzen duen inoren beroa izateko aukera

ala faltan botatzen duen inoren beroa izateko aukeraren aurrean

zen hura.

 

 

11.

 

Hotza oinetatik uxatzeko estrategiak zenbatuz

gerturatu zaio ohatzera.

Tapakia gerturatu dio lepora,

argi txikia piztu,

itzalek forma zehatzagoa eduki dezaten.

Bere gelako atea zabalik utzi eta

laguntza eskeak

gaueko beste soinuetatik isolatzeko

abilidadea garatu du

basoko arriskuen osteko mendeetan.

Oholtzaren egur karranken beldur

oinetatik zama aireratuz

ibiltzen ikasi duen aktorearen moduan

gerturatzen zaio

arnasa arrotzen lerro arteari.

Orain badaki aire etenetan irakurtzen

aurretik arrotz izan zaion itsasargitasuna,

istoriorik gabeko lo hartzea

argiak dakarren iluntasuna baino

arriskutsuagoa izan daitekeelakoan.

 

 

12.

 

Loa hartu aurreko galderek

kontrol ezera abandonatzea

besterik ez dute

xede.

 

 

13.

 

Donald ahatea jasanezina egin zaio beti,

ezin du ulertu nola lokartu daitekeen inor haren alboan.

Beste Donald bat datorkio berari burura,

Sutherland abizenekoa:

eztarri urratuak,

lokartu orduko gorputzak okatzen dituen

larba

norbere aurpegidunak.

 

 

14.

 

Gauza ez da erantzun guztiak edukitzea.

Gauza ez da unean uneko diskurtso egokien itzalean

hitz egokiak topatzen jakitea.

Gauza ez da babestea.

Gauza da “zertan lagundu dezaket” galdetzea,

eta galdera hori zein gorputz ataletan kokatu duzun jabetzea:

tripak,

orkatilak,

eskumuturrak.

 

Arazoa ez baita babesa.

Arazoa babesaren ideia bera

baita.

 

 

15.

 

Gutxi dirudien arren

behar duenaren alboan

presentzia hutsa bermatzea

keinu betea da.

 

Gorputz baten presentzia

beti da politikoa.

 

 

16.

 

Neure buruari galdetzen diot noiz

behar izan dudan laguntza

loak hartzerakoan.

Bueltan datorkidana

ia beti da familiarekin zerikusia duen

erantzun bat.

Bueltan datorkidana

ia beti da familia eredu ezohikoekin

zerikusia duen

erantzun bat.

 

 

17.

 

Lo egiten da bunkerretan,

ziegetan eta kale estuetan.

Lo egiten da oheetan,

egongelako sofan eta

berariaz prestatutako autoetan.

Lo egiten da maileguzko aterpeetan

eta itsas zabalean.

 

Loa ukatzen dute komisarietako

zokondoetan.

 

Begiak itxi ahal izatea salbu zaudela jakinik;

sabaia

eta beroa

ere

loteria dira.

 

 

18.

 

Norbaiti harrera egitea,

funtsean,

haren loa zaintzea da.

 

 

19.

 

Gaua da itsasoa.

Egunek zatikaturiko hondo amaigabea.

Giza kutsadurarik gabeko gauetan

ikusten da izar gehien.

Metafora manituaren traza hartu ahal zaion arren,

egia biribila da.

Edo karratua.

Eta, hala ere,

haurrek lotarako argiren bat behar izaten dute.

Faro bat, itsasoaren beltzean.

Txomin Hegiren poema batean

bere alabak dio:

“itsasargiak pizten dituzte

gauaz itsasontziek ez ditzaten karramarroak jo”,

poemaren baitatik gehitzen du egileak:

“Goiz horretan,

eremu liluragarri horren erdian,

ez zegoen etorkin gorputzik

urazalean etzanik”.

Gauak itsasoaren kolorea irensten du,

itsasoa zeru zikin bat dela esanez,

edo alderantziz.

Haurrek argia behar dute gauaren erdian esnatzen direnean

itzalen gaineko kontrola edukitzeko.

Argiarekin itzalak lekutu egiten dira.

Argirik gabeko gauean

norbera da itzala.

 

 

20.

 

Eskutik heltzen zenidan

Eskutik heltzen nizun, ezagutu ez arren.

Eskutik elkarri heltzen genion bi ezezagun ginen.

 

 

21.

 

Gauetan nire izena entzuten dut ametsen artetik,

esku batek oratzen dio nireari

esanez bezala

ez zaitez joan.

 

Zu ere

ez zaitez joan.

 

Ipuina beti aukeratzen duzu zuk,

pertsonaien ahotsak jartzen ditut beti nik,

bizitza iragarriz bezala.

 

Begiak bildu eta arnasa pausatzea

sari oro ezdeus uzten duen oparia da.

 

Asetasun horrekin heltzen diogu

jakin gabe behar ditugun istorioak asetzeari:

egunaren kontakizuna,

biharamuneko aukeren idazketa,

agendako ubelak,

gatazka liberatuen zokondoa,

mundu posibleak egunaren neurrira ekartzen dizkiguten

balizko narrazioak.

 

 

22.

 

Herriko jende guztia irudikatu du

haien etxeetako felpudoak hartu eta

kalera performance isilean jaulkitzen

felpazko pankartekin:

ongi etorri

bat da

une honetan

errepublika independente posible bakarra.

 

 

23.

 

Behinola material arriskutsuen arrastoen bila

arakatzen zizkiguten begiak,

ahotsaren dardaretan babesgabetasuna

kolpatzeko zirrikituen bila,

lerro artean mehatxuak gorpuztuz

tai gabe.

Egun

gorpu izateari uko egin dioten

gorputzak dira

autoen maletategietan

zelatatzen dizkigutenak.

 

 

24.

 

Maskara jantzita pasa dute muga ehunka lagunek,

azalaren mapak lausotzeko prest.

Eta, diot,

ez ote duen garai bakoitzak

bere maskara dosia.

Agian alderantzizko zapatisten denbora da honakoa,

buruberokiari botere eraldatzailea

bueltatzeko keinua baino gehiago

ekintza.

Aurpegia estaltzen dugu ikus ez gaitzaten,

ekintza ikus dadin eta ez diskurtsoa,

eta, bide batez,

titularraren azpikoak balio diezaiola

inori

bizitzari egun bat gehitzeko.

 

 

25.

 

Gaztetan ez nion beldurrik heriotzari.

Hau da, beldurra nion baina

nire gain hartzen nituen

gorputzari zegozkion arriskuak.

Orain

inoren loa zaindu beharrak

astintzen dizkit hautsaren akaroak:

eta faltako banintz, zer?

 

 

26.

 

Sophie Callek arte ekintza egin zuen

bere etxera hamaika lagun lotara gonbidatuz.

Haien loa erretratatu zuen

galderarik gabeko erantzunen bila.

 

 

27.

 

Asaldagarria egiten zait ikustea nola

betetzen dituen gure garaiak unibertsoz galderak,

hotz honek salda behar duelako da

asaldagarria,

nola bilatzen dizkiogun

ulertu ezin ditugun koordenatuak

ausazkotasunari,

krudeltasunari,

justiziarik ezari.

Loreak edertasunaz ezer ez dakien bezala

naturak ezertxo ere ez daki

pertsonen neurriko justiziaz.

Jainkoen hutsunea betetzen saiatzen dira metafora berriak

pantailen sutondoan.

Neure buruari galdetzen diot zer litzatekeen

autolaguntza liburuz beteriko errefuxiatuen kanpamendu bat,

non dauden denoklaguntza,

bestelaguntza,

jendelaguntza ,

biziraupenlaguntza manualak.

Biblia, Manifestu komunista eta

King Kong teoria,

jar diezaiogun denoklaguntza liburu bat

garaian garaiko

sorgin ehizari.

Eta kezka:

ez ote diren orrialdeak

beti zuriak,

ahotsekin belzten ditugula

ahantzirik.

 

 

28.

 

Latza da bakardadea onartu behar izatea.

Edo, are, latzagoa da onartzea bakarrik ez zaudela,

eta bizitza bat erabaki dezakeen ausazkotasunaren parte handi bat

zu bezalako beste pertsona bat dela.

 

 

29.

 

Mugan bikote batek

kalean den gazte bat hartu du etxean.

“Gobernuz Kanpoko Erakunde batekoak zarete?” galdetu die berak,

“Ez”, erantzun diote biek,

“Eta, orduan, zergatik egiten duzue hau?”, harriturik gazteak.

“Zergatik ez?”, erantzun besteek.

 

 

30.

 

Gaueko zuri otzana.

Maindire elurtuek kontatzen dute

nola babesten duen norbere beroak

munduaren hotzetik.

Anonyme Popular batek dio

“Ta orduan elurte bat

Isilean entzuteak

Esan izan dit bai, merezi du

Hemen irauteak

Hemen irauteak

Hemen irauteak”.

 

Isiltasunak estaltzen du gauaren

etzantasun indizea

itsasoa den

munduaren gauean.

 

 

31.

 

Emakume batek leihotik begira

senarrari aitortzen dio iragan berri bat:

kotoia eroriko da bizi eta hil guztien gainera,

unibertsoko isiltasuna bigundu ezinik,

Nick Cave eta Warren Ellis

uneari soinu banda jartzen saiatu arren.

 

Gustatuko litzaidake esatea pasako dela,

baina ez,

aringarriren bat baldin badago

minera ohitu egiten zarelako da.

Baina ez ditzala doluak

oroitzapen onak ere estali, dio gauak.

 

 

32.

 

Eta neure buruari galdetzen diot,

berriz ere,

non geratu zaidan

unea ospatzeko behinolako kemena,

nola bilakatu zen loaren defentsa

gaua itzarririk pasatzearen ordezkoa,

noiz bilakatu zen gaueko gertakizun ororen lekuko

eta,

ahal dela,

protagonista izateko beharra

inoren loaren berme izateko bulkada.

 

Zein teilatupek jasotzen duen

kalean lo egiten duenaren atsedena,

izarrak poesiaz erantzirik

loaren mehatxu direnean.

 

 

33.

 

Ez diezadatela hitz egin zeru izartu mugagabeez,

bada ezerezean galtzen den historian zeru infinituagorik,

izarrak baino ugariagoak baitira

letren aurreko garaietatik

haurrek marraztutako eguzki guztiak.

 

 

EPILOGOA

 

Berandu iritsi gara.

Gatzaren zaporeak lotu gaitu atzera.

Ezezagun bati laguntza eskaintzeak.

Ama bat bakarrik zen haur txikiarekin, lanak eta nekeak gaindituta, eta hondartzara gurekin etortzea eskaini diogu.

Haurrak ez zuen aurretik itsasoa sekula ikusi.

Psikologoak amari haurra itsasora bizkarrez jartzea aholkatu dio, inpaktua handiegia izango zelakoan, “Berak, une honetan, piszina erraldoi baten moduan ulertzen du itsasoa”.

Emakumea arkitektoa da, ospitale bat eraikitzen hasiko da astelehenetik aurrera, eta hiru hizkuntza beharko ditu horretarako, antza: frantsesa, alemana, eta zubi hizkuntza gisa ingelesa.

Guri zertara dedikatzen garen galdetu digu: ez dakit harrotasuna edo nagia nagusitu zaigun kulturaz mintzatzen hasi gatzaizkionean.

Eta zertan zabiltzate orain? “Orain? Orain, olatuak hartzen”, itsasoari begira gu.

 

Argi utzi diogu euskara hutsez lan egiten dugula: liburuak, antzezlanak, ikastaroak eta beste. Euskarari buruz galdetu digu ondoren.

Hareaz josi dizkigu galderak, pentsatu dut, zenbatetan erantzun ote ditugun bizitzan horrelakoak. Konturatu naiz egoera hau ez dela aldatuko bizi naizen artean.

Mintzatu gatzaizkio pasioz, baina beste behin ere ez dugu jakin euskararen gramatika eta deklinazioa teorizatzen.

“Ez duzu nahiago euskal gatazkaz aritzea?” karramarroei ahapeka, nik.

 

Berandu heldu garela diot.

Artisau izozkiak egiten dituen postu bat deskubritu berri dugu kale estu batean, hara jotzen dugu haurrarekin, hondartza txanda amaitzean.

Gaurkoan ezezagunari laguntzeak ia afariarekin nahastu digu zapore ehiza ordea, zein aho sabai nahastuko dugun zein mingain zokorekin.

 

Kalera zabalik duen izozki dendako gazteari erreparatu diot.

Bat-batean iragan urrunarekin lotu nauen betetasun sentsazio batekin egin dut topo.

Bere begietan, aurpegi marrazkian, gu hiruroi begiratzeko moduan, nekez erdiesten dudan zerbait ikustea iruditu zait: etorkizuna.

Etorkizunez begiratzen gaitu, etorkizunez beteta hitz egiten digu, etorkizunez blai betetzen ditu bere laneko ordu prekarioak.

Gitarra elektriko batekin edo txelo batekin imajina nezake lana amaitzean.

Zapi beltz batek estaltzen dio ilea, jatorriz nongoa den dugu gomutagai, bakoitzak bi zaporeen orekari eusten diogun bitartean, petrilerako bidean.

 

Harrizko eserlekuan itsasoari begira koloreak uholde datozkit dioptrietara, betaurrekoak jantzita saiatu naiz ulertzen bizitza.

Laranja, argia hodei urrien ertzetik ihesi, behe laino urdina hondoko mendietan, harria ferekekin deuseztatzen duen itsasoa, kosta ahala kosta.

Unea atzematen saiatzen naiz, hitzetara eramaten edertasunari eusteko ezintasuna, zerbaiterako naiz ba idazlea: “Hau luxua da”, diot, urri nabil gaur metaforaz.

Kukurutxora heldu naiz zeru aurrean paratu ahala, “begira zein zeru ederra”, tematu naiz beste behin, “beti esaten duzu gauza bera”, diost beti bezala, haurrak.

 

Ilunsentian beti sentitzen naiz boteretsu eta hauskor.

Betiereko edertasunak neu ere behin eta berriz harrapatzen nauelako galtzaile, ezer berririk sortzeko gai izan gabe.

Ezta beharrik ere.

Ilunsentiarena izango da txoriena eta gero metaforarik manituena.

Eta hala ere, ezin barrenak estutzen dizkidan isiltasunari eutsi.

 

Bagoaz atoan autora.

Berandu dutxa hartzera eta afaria prestatzera ere.

Ibilian goaz duela hirurogei urteko espaloi estu batetik, zakurren kaka jasotzeko politikak ez dira hona heldu oraindik, ez dakite mobileko argazki batean bizitzea zer den, filtrorik gabe.

Argitasuna labaintzen hasi da etxe zurbilen kantoietan, maindire zuri bat nola.

Pauso bat atzera noa ni, eguneko abenturen laburpena entzuten: hitz eta pitz doaz biak, oraina besterik egongo ez balitz bezala.

Gatzak arintzen ditu bakoitzaren minak, itsasoak leundutako oihartzun bat legez.

Mintzo dira ezertaz eta hartaz, dena da interesgarri denbora geldirik dagoenean.

Autora goaz.

Hirurok.

Eta bat-batean erraiak estutu dizkidan segurtasun hautsia: hau da posible den zoriontasun mota bakarra.

Elkarrekin autora bidean goazen trantsitoa.

Berdin dio hondartzatik etxera joateko den, edo etxetik lanera eta ikastolara.

Norbaitekin nora joan duzun une hori, elkarrekin pausoa luzatzearen sentsazio hori.

Horrelako uneen zerrenda etorri zait jauzika, autoa hartzera joan garen urteko une guztiak. Pentsatzen dut ez direla bakarrak: emanaldi bat egitera joateko autoa hartzera goazen unea, inor gutxiri interesatzen zaion emanaldia ikustera elkarrekin autoa hartzera goazen unea.

Zuekin ere.

Kamaradak, lagunak, maiteak.

 

Autoan sartu eta hodei ertzera goaz zuzenean.

Etxerako norabideak hala nahi du.

Ilunabarreko azken printzez bete zait arima.

Ez nuen uste arima bezalako hitz bat erabiliko nuenik testu batean, baina tira, permititu iezadazue lizentzia, utz iezadazue poeta klasikoa izaten une batez.

Ilunsentira goaz elkarrekin zuzenean, zabalik dagoen ate batekin talka egitera bagindoaz bezala.

 

Eta musika jarri dut, autoan gidariarena ohi da soinu banda, gidatzen laguntzen dionari egiten diogu men edo women, bitasunetik ihes egiten duen atzeko ahotsari permititutako salbuespenak salbuespen.

Leonard Cohen aukeratu dut aspaldiko partez, zuzeneko bat, Bird on the Wire.

Une horretan bertan Ander etorri zaigu gogora.

Bere urtebetetzea da, kantua airean dela grabatu diogu urtebetetze audioa.

Ederra iruditu zait urte osorako gorde nahi nukeen sentsazio bete honetan burkideei, kamaradei, bidaideei, lekua egitea.

Horrela ere ulertzen dugulako bizitza, edo familia.

 

Gure zirku konpainia intimoak erdietsi du egun hauetarako etxea.

Gorde dut argia, gorde dut unea, zaila dakidan urteari aurre egitearren saiatu naiz xehetasun guztiekin oroitzen, izozten, orri zurian tatuatzen.

Esanez bezala, “Hi, ez hadi ahaztu indar honetaz”.

Betetasun sentsazio honen erdian nagitasun zorrotza eragiten didalako hainbeste maite dudan borrokak.

Ezin diot ihes egin naizenari, inork derrigortu gabe hartu ditudan erabakiei, inork eskatu gabe itotzeraino hartu ditudan ardurei.

 

Lo egiteko tenorea da kasik.

Berandu iritsi gara geure buruei ezarritako ordutegira, baina agian garaiz gabiltza beste denerako.

 

Utz iezadazue poema batean lekurik eduki behar ez lukeen beste hitz parea erabiltzen: zoriontasuna garaipenaren egunarekin lotu genuen behinola.

Baina garaipenaren eguna beti pasatzen da oharkabean.