Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
LORE SALTZAILEA
Testu hau lehenbiziko aldiz Xangre fanzinean publikatu zen, 2019an.
a: Lore saltzailea naiz.
Izan nintekeen artista ere, pintorea, aktorea, idazlea.
Baina ez.
Lore saltzailea naiz.
Lore saltzailea izatea erabaki dut.
Beti nahi izan dut lore saltzailea izan.
Lore saltzailea izatea erabaki nuenetik,
beti nahi izan dut lore saltzailea izan.
Lore bat?
Une txikietarako artista ikusezina.
Publikoaren aldeko ekintzailea, performerra.
Publikoaren aldekoa, publikoak publiko dela ez dakienean ere.
Banator, banoa.
Lore bat?
Mundua leku terriblea delako naiz lore saltzailea.
Bizitzan gauza terribleak gertatzen direlako naiz lore saltzailea.
Seme-alabak gaixotzen dira,
lagun bat gazterik hil,
gauza terribleei beldur terriblea hartzen diegulako naiz lore saltzailea.
Beldurra, xxi. mendeko izurrite hori.
Izurrite guztien oinarrian dagoen izurrite hori.
Gerra guztien oinarrian dagoen izurrite hori.
Hezkuntza hiltzaile guztien hastapenean dagoen izurrite hori.
Lore bat?
Inork ez du nahi lorerik?
Zergatik da jendea loreen beldur?
Arrosak, krabelinak, liliak.
Lore bat?
Ez?
Zeren beldur zara, jauna?
Lore saltzailea naiz.
Gogoan dut lore saltzaile izaten hasi nintzen garaia.
Duela urte batzuk izan zen.
Orduan emakume olde batek zeharkatzen zituen gauak eta tabernak, arrosak eskainiz.
Arrosa bat euro bat,
edo ehun pezeta ziren?
Gizonezkoengana jotzen zuten emakume haiek,
arrosak eskuan,
tristezia zamatsu bat disimulatu nahian.
Gizonezkoengana gerturatzen ziren,
gauaren izerdi larderiatsuaren erdian,
alboan zituzten beste emakumeak arrosa batez konkistatzen saia zitezen,
esanez bezala:
arrosa honek hankarte usaina dauka.
Emakume saltzaileek ez zieten beste emakumeei eskaintzarik egiten,
emakumeek ez omen dizkiete emakumeei arrosak oparitzen,
gizonezkoek ez omen dizkiete gizonezkoei arrosak oparitzen.
Gizonezkoen listuak arantzak ditu.
Arrosak ez.
Arrosek zauriak eragin ditzakete arantzez.
Odola.
Gizon larderiatsuek zauriak sortzen dituzte arrosetako arantzez,
eta odola borborka azaleratzen da emakumeen hatzetako zauri txikietatik.
Listuarekin nahastuz.
Hain da gauza intimoa lore bat oparitzea.
Nik inbidia nien emakume saltzaile haiei,
eta pena itzela.
Aitakeria zaurgarriz jokatzen nuen nik ere?
Zein da elkartasunaren eta limosnaren arteko muga?
Mugak ez daude soilik Ceutan, Lampedusan, Mexikon.
Mugak herriko jaietan daude.
Txinatarren, senegaldarren, ekuadortarren eta gure artean.
Zorionak mozkortzen gaituen gu hori.
Eta bihoztunok erruki diegu, urrunetik.
Ulertzen ditugu, urrunetik.
Mafientzat ari direla diogu, urrunetik.
Albistegi batean egongo balira bezala.
Eskua luzatu eta uki genitzakeen arren.
Pantailei esker errazagoa da ezkertiarra izatea.
Atsegin dut.
Baina muga zeharkatzen baduzu,
lurralde arriskutsu batean sartuko zara.
Mundu paraleloek ematen duten lasaitasuna apurtuko litzateke.
Eta automatikoki gu geu ginateke patera batean gaudenak.
Lore guztiak erosiko banizkio emakumeari?
Zoaz etxera,
har ezazu atseden, esango nioke.
Gure larderiaren peskizan ibili beharrean.
Ez al zenuke nahiago?
Edo hobe, emazkidazu lore guztiak eta zoaz garagardo katxi bat hartzera.
Utz ezazu udako kantaren bat azalean loratzen.
Emazkidazu lore guztiak.
b: Guztiak?
a: Bai. Zenbat da?
b: Hainbeste.
a: Tori.
b: Zer egingo duzu lore guztiekin?
a: Oparitu.
b: Oparitu, diozu?
a: Oparitu ez. Saldu egingo ditut.
b: Nik ez ditut arrosak saltzen, arantzak baizik. Nahi duzu arantza bat?
a: Gauaren larderiari arrosak saltzen dizkion gazte euskalduna.
Zauri bat.
Ulertu ezin den arantza.
Ez zaizkit balkoietako loreak interesatzen.
Horiek bizirik daude. Beraz geldirik. Beraz hilik.
Sustraiak ebakiak dituzten loreak interesatzen zaizkit.
Mugimenduan daudenak.
Erlojuaren kontra bizi diren loreak.
Denbora aurka duten loreak.
Oparitzen den lore sorta oro
laguntza eskatzen duen mezu bat da,
mezurik gabe itsasora jaurtitako botila hutsa.
Polita da irudi hori.
Norbaitek itsasora jaurti duen botila hutsa,
paper bat barruan sartuta agian.
Zer da ba galdera bat,
ez bada norbaitek itsasora jaurti duen botila hutsa,
gehien jota orri zuri bat barruan sartuta.
Galdera bat.
Erantzunik ez duen galdera oro da opari bat.
Nik loreak sartuko nituzke botilen barrura.
Baina ekologista naiz, aizu.
Horregatik, nahiago dut loreak saldu.
Lore sorta oro delako laguntza eskatzen duen dei bat.
Loreek berdin balio dute hildakoentzat zein bizientzat.
Izan ere, oparitzen dituenari buruz hitz egiten baitute loreek,
loreak oparitzen dituenak une bat gehiago oparitu nahi dio maite duen horri.
Loreak supermerkatuko kupoi sarituak balira legez.
Zorteak kolpatutako unea.
Zer kontatua izan afalosterako.
Nori kontatua izan.
Loreek berdin balio dute hildakoentzat zein bizientzat.
Nork ez dio oparitu inoiz lorerik hil denari,
harekin une bat gehiago sortu nahian, azken unea.
Zimeltzen direlako oparitzen ditugu loreak.
Ba ote ezer zimeltzen den edertasuna baino hunkigarriagorik.
Zimeltzen delako da lorea eder.
Usteltzen delako.
Edertasunaren puntu gorenean hiltzen hasten delako.
Edertasuna harrapatzen dute loreek une batez.
Zimeltzen direlako dira loreak eder.
Eta nik maite dut zimelduko diren loreak prestatzea, eta jendeari eskaintzea.
Bizientzat, hildakoentzat.
Lore bat?
Ez duzu lorerik nahi?
b: Ezin ditut jasan poetak.
Poetek desprestigiatu egin dituzte loreak.
Hankarteari lore deitzea nazkagarria da.
Bular biluziak loratzen direla esateak norbait akabatzeko gogoa ematen dit.
Poeta bat, ahal dela.
Loreak gauza serioa dira.
a: Lore bat?
Ez duzue lorerik nahi?
b: Lorea izan daiteke mehatxua ere.
Jazarle batek loreak bidaltzen dizkionean jazarria denari.
a: Horregatik, ni ez naiz edozein lore saltzaile.
Nire lore sorta propioak asmatu ditut.
b: Lore haragijaleak.
a: Nireak ez dira hilei edo bizidunei oparitzeko loreak.
Nireak hilik ala bizirik zauden jakiteko loreak dira.