Aztitza
Aztitza
Oier Guillan
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
270 orrialde
978-84-19570-42-0
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2013, poesia
2009, poesia
 

 

GORPUTZ AHAZTUEN EDERTASUNA

 

 

 

Testuingurua:

 

Gorputz ahaztuen edertasuna testua Noemi Viana eta Mikel Aristegi dantzarien enkarguz sortu zen, eta 2018ko urriaren 26an estreinatu zen Donostiako La Farandula aretoan.

 

 

 

Mikel Martin Conderi

 

 

1.

 

Denbora ez da existitzen.

Gorputza bai.

 

 

2.

 

Lore bat

bere edertasunaren gorenean zimeltzen hasten delako da eder,

lorearen edertasunak ekartzen ditu gogora

        bizitzaren hauskortasuna,

galkortasuna

eta etena.

 

Badira ordea sekula usteltzen ez diren loreak,

behin loratu eta

gorputzen denbora hautsia

nabarmendu nahi digutenak

 

lore ikusezinak dira:

zure gorputzean azaleratu orduko

beldurra betirako tatuatzen dizutenak

 

lore infinituak dira:

        behin loratu eta

                inoiz agortuko ez direnak

        behin loratu eta

                zaren guztia lausotu arte biziko direnak:

                                                lekuak,

                                                izenak,

                                                senideak,

                                                lagunak,

                                                zure beste gorputzak

 

lore atenporalak dira:

        erditu dituen gorputzak baino gehiago bizi direnak,

        lurretik ebakiak diren horiek bezala

                kolore biziko zelofan artean

        oparituak diren loreak

 

lore kutsakorrak dira:

        minez izan arren

        besteek ihes egiten diotenak,

        kutsakorra balitz bezala

        min bat norberarena

 

inork gutxik ulertzen ez dituen loreak dira:

        ez lurrak

        ez zeruak

        ez izotzak

nahi ez dituenak

 

lore ikusezinak dira:

        hor daudela jakinik

        ez baleude bezala bizi direnak

inguratzen gaituen denbora galduan

edertasuna kutsatzen duten loreak.

 

 

3.

 

Izenak ez dira gaixotzen

baina haien gorputzak bai.

 

Oroitzapenak ez dira galtzen

baina haien oihartzuna bai.

 

Pertsonak ez dira itzaltzen

baina haien pentsamenduak bai.

 

Mina ez da kutsatzen

baina minak dakarren edertasuna bai.

 

        Gorputz

ahaztuen

        edertasuna

da

        ingurukoengan

        kutsatzen dena.

 

 

4.

 

“Errazegi ahazten ditugu zoriontsu izan garen uneak”

esan zuen, ohean gaixo zela.

“Zeinen ongi pasa genuen egun haietan,

festa arraro haiek guztiak, eta gorputzak...

Ai, gorputzak!”

 

It’s a sin.

 

Begiradan zuena sentitu nahi nuke nik

eskuetan.