Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
BINGO NUDISTA
Gidoi hau Hitzaren Eskolaren egitarauaren barruan egindako performancearen gidoia izan zen, 2022an. Egileak irakasle jardun zuen, eta gidoi honetan oinarrituta egindako performancean eskolako ikasleen testuak ere tartekatu ziren, audio moduan. Performancean aktore jardun zuten Ainhoa Alberdik, Luix Mitxelenak eta egileak berak, Metrokoadrokaren izenean, eta Mario Sanchez Bravo jardun zen laguntzaile.
Performancea Dinamoa azpiko aparkalekuan egin zen, publikoa autoetan sartua zegoela. Autoen artean ikasleak bizikleta estatikoetan ibiltzen erregez jantzita, aktoreak biluzik bingoko bolak ateratzen, eta idazlea testua irakurtzen. Autoen barruan ikusleek bingo txartelak zituzten. Bingo kantatu zuen autoa kalera atera zen, eta bertan antolakuntzako gidariak azken argibide bat eman zien, publikorik gabeko eszena gauzatzeko: gutun-azal bat eman zitzaien, barruan dirua zuena, ezezagun bat kafe bat hartzera gonbidatzeko, eta haren bizitzaren istorioa ezagutzeko.
Mapak galtzean hasten da bidea.
Benetako bidaiak mapak galtzean hasten dira.
Mapak modu askotan gal daitezke:
Nahi gabe gal daitezke, noski,
baina baita nahita ere.
Horixe da gaurko hitzorduaren funtsa:
mapak nahita galtzeko estrategiak izango ditugu mintzagai.
Nola galdu baina, nahita, mapa bat?
Espedizio hau prestatzen hasi ginenean, lantaldea finkatu genuen lehenik: Zira Gorria, Zira Urdina, Zira Morea, Zira Arrosa, Zira Horia. Espedizioko ekipoa aukeratzeak badu ausazkotasunetik, baina badu intuiziotik ere. Zerk eraman gaitu espedizio hau elkarrekin abiatzera? Afinitateak. Kasualitateak. Bizitzak.
HABIAN, ETA ABIAN
Esan gabe doa, espedizioak egin daitezke bakarka. Baina, taldean bizi dugun espedizioa ere, ez al da, funtsean, bakarkako bidaia bat? Taldeka joanda ere bizipen intransferiblea da bidaia. Espedizioko kide bakoitzak bitakora kaier bana idatziko balu, guztien batuketa izango litzateke espedizio honen historia.
Baina, adi, espedizio honetarako ez zaigu epika interesatzen. Ez gabiltza heroi handien peskizan. Ez gara Ipar Polora ez Hego Polora joango; Ertain Poloa da gurea, edo hobe, tartean dagoen poloa. Tartean dauden gorputzak dira gureak.
Izotz zati bat hartu dugu eskuetan, begiak itxi, eta hura sentitu dugu, eta ura sentitu dugu, gure hatzen artean labaintzen. Hauxe da espedizio honetan izozmendietatik gertuen egongo garen unea. Gozatu egin dugu, beraz; hotza esku ahurrean, eta barnean. Dastatu egin dugu izozmendi-unea: hotzaren hotzez pentsamenduak gogortu egiten gaituen sentsazioa eskuen beroan desegiten, emozioak airean jelatu egiten dizkigun sentipena urtzen, eta gu pozik, Zira Gorria, Urdina, Morea, Arrosa, Horia. Denboraren joanari diogun beldurra azpimarratu du segundoka desegiten ari den hotzak. Hotza: espedizioko kideek elkarri begiratu diogu, bat-batean ohartu bagina bezala. Neuk jarri dut hitzez ustez denoi begietan marraztu zaigun pentsamendua: gertuegi daude hotza eta hitza. Poesia. Ondoan dudan Zira Moreak aitortu dit berak beste zerbait zuela buruan: ez dezagun ahantz txokolatea. Hasia da jada, bakoitzak espedizioari eraikiko dion narrazio propioen gurutzaketa.
Narrazioa
—Zer da hiltzea? —galdetu nion Zira Urdinari.
—Hiltzea? —erantzun zidan begi okerrez—. Hiltzea norberaren bizitzaren gaineko kontakizunaren kontrola galtzea da.
GURE AURREKO PAISAIAK
Aurreko esploratzaileen bidaiak komentatu ditugu lehen bilera honetan. Errebisatu egin ditugu aurreko espedizioek egindako bidaien mapa emozionalak.
Julio Cortazar eta Carol Dunlopek 33 eguneko espedizio bat abiatu zuten Parisetik Marseillara autopistaz. Volkswagen konbi gorri batean egin zuten bidaia, eta izena ere jarri zioten izaki gurpildunari, espedizioko hirugarren kidea bilakatuz: Fafner dragoia, Wagnerren operatik hartutako izena. Bi egunean behin geldiunea egiten zuten restop batean, eta han sortzera jartzen ziren, begirada magikoa zabalduz. Lekuan lekuko mapak egingo zituzten, eta argazkiak, eta mikronarrazioak, eta gogoetak. Begirada magikoaren arabera idatzitako bitakora kaiera sortu zuten, Los autonautas de la cosmopista tituluarekin argitaratuko zena, Carol Dunlop —espero baino lehenago— hil ostean. Historiako bidaiari mitikoen gisara idatzitako bitakora kaiera izan zen hura, errepide bazterrean ikusitako piboteak bertikalki lurperatutako sorginak bilakatzen ziren berezitasunarekin.
Espedizioko kideok elkarri begiratu diogu: zein litzateke gure autobidea? Izena behar du espedizio honek, dio Zira Horiak. “Bingo nudista” bota du Zira Moreak. Inork ez du ulertu zergatia; agian horregatik beragatik, aho batez onartu da e-mozioa.
Werner Herzog zinema zuzendariak Izotzaren gainean ibiltzeaz liburua plazaratu zuen. Bertan, Herzogek berak Munich eta Paris artean oinez eginiko bidaia erreala kontatzen zuen, 1974ko azaroaren 23an hasi eta abenduaren 14an buka. Bakarka egin zuen bidea, helburu argi batekin: larriki gaixo zegoen Lotte Eisner laguna bisitatzea, bere bidaiak laguna bizirik mantenduko zuen sentsazioarekin: “Jaka bat, iparrorratz bat eta lonazko poltsa bat hartu nituen ezinbesteko gauzekin. Nire botak hain ziren solidoak eta berriak konfiantza osoa nuela haiengan. Biderik zuzenena hartu nuen Parisera, bera ikustera oinez joanez gero bizirik jarraituko zuela guztiz sinetsita”.
Hunkitu egin gaitu desio hutsak. Bingo nudista espedizioko kideek geure buruari galdetu diogu: zein litzateke espedizio honetan murgiltzera bultzatu gaituen desira? Izan liteke desira partekatua?
Badira beste era bateko bidaiak ere: Sophie Calle artistak egiten dituenak, kasu. Errealitatea eta fikzioa tentsioan jartzen zituen performanceak egiten zituen Callek, baina esperientzia hauek espedizioak ziren, ez zuten publikorik. Esperimentu edo performance hauen dokumentazioa zen ostera publikoak ikusten zuena, ez esperientzia bera. Bizitza dokumentatu: liburuetan, argazkietan, bideoetan, filmetan, performanceetan. Zure bizitza eta ondorioz besteena, edo alderantziz, edo alderantziz alderantziz. Argazkien bidez dokumentatu etxera datorkizun jendearen loa, urtero urtebetetze opariak bitrina batean sartu eta erakusketa bat osatu, eskatu zure amari detektibe bat kontrata dezan zu segitzeko eta gero haren apunteak zeureekin konparatu, eskatu itsuei edertasuna azaltzeko eta haien erantzunak argazkiz zein hitzez eman... Bada bizipenen arrastoen arrastorik inon?
Bitakora kaiera sutsuki idazteari ekin diogu, dokumentazio emozionalean trebatu nahian, Zira Gorria, Urdina, Morea, Arrosak eta Horiak, denok batera. Ez da espediziorik arrastorik gabe, ez da esperimenturik emaitzarik gabe; ezinbestekoa da bizitakoa idatziz, irudiz, ahotsez, gorputzez jasotzea. Dokumentazioa bera da artelana. Errealitatea transmititzeko osatu dugun fikzioa.
Alicia Kopf-ek Germà de gel (Izotzezko anaia) liburua argitaratu zuen 2015ean. Bertan Ipar eta Hego poloetara egindako bidaien antologia emozionala egin zuen, horren bitartez bere anaia autistarekin duen harremana kontatzeko. Izotzarekin eta poloetara eginiko espedizioekin izan duen betiereko obsesioa hartu eta hamaika ertz atera dizkio Alicia Kopf idazleak Germà de gel nobelan. Izotza, zuritasuna, hotza, aurora borealak, izebergak... eta, nola ez, Scott, Amundsen eta Shackletonen espedizioak. Poloak eta izotzari buruzko imajinarioak pertsonen arteko harremanei buruz hitz egiteko aukera eman dio egileari, nobela osatzen duten testu zatietan kontakizun autobiografikoak txertatuta. Bat egin dugu guztiz Alicia Kopfen erraiek espedizioei buruz diotenarekin: “Ez zaizkit berez Poloetako esploratzaileak interesatzen, espazio ezegonkor baten bilaketaren ideia baizik. Metafora baten moduan hitz egin nahi nuke horri guztiari buruz, epika berri bat topatzearren, arerio eta etsairik gabekoa, norbera eta bere ideiaren arteko epika bat. Artista eta idazleena bezala”.
Alicia Kopfen begirada magikoa errealitatean dago errotua eta gordina da, baina horregatik ez dio uzten magikoa izateari: “Sekretupean, beti pentsatu izan dut munduko igerileku guztiak elkarrekin komunikatuak daudela”.
Esaldi horrek zirrara eragin du Bingo nudista espedizioan. Guk ere badakigu munduko igerileku guztiak elkarrekin konektatuak daudela. “Entrenatu beharra dugu, irten aurretik”, dio Zira Horiak. “Begirada magikoa entrenatu, espedizioan xehetasunik gal ez dezagun”.
Ados gaude denok.
“Badira bide batzuk derrigorrez ibili behar ditugunak, inora ez doazela jakiteko”, irakur daiteke Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua nobelan.
Bingo nudista espedizioko kideak desiratzen gaude norabidea galtzeko.
Arriskua
Heriotzak
momentu bakar batean estaliko al ditu
heriotza garaitzea lortu genuen
momentu guztiak?
Bitakora kaiera idatzi dugu, baina Zira Gorriaren proposamena aintzat hartuta: ezinezkoa da Bingo nudista espedizioko kontakizun krono-logikoa egitea. Ezinbestekoa letren arabera idatzitako esperientzia da, norberaren bizipenaren abezedarioa. Leku bat non besteen hitz guztiak kabituko diren, letra bat ate bat da, norberak proposatutako giltzarekin zabaltzen dena. Hotza, hitza, giltza.
Ausa
Bidaiak eta espedizioak egiten ditugu,
ausazkotasuna aurrez aurre topatzeko.
Nor naiz ni ezustearen aurrean?
Nola bizi naiz ni kaosaren erdian?
Horra hor unean-unean nor garen jakiteko
modu posible bat.
Ausazkotasunari aurre egiteko dugun moduak dio
orain eta hemen nor garen,
geure buruari gure bizitzaz kontatzen diogun
historiaren momentu honetan
zein den gure egia.
Ausazkotasunak badaki nor garen.
Ausazkotasunari aurre egiteko diogun moduak,
kaosean eroso egoteko gaitasunak ala gabeziak,
beldurrak.
Itxaropenak dio
nor den naizena.
ohar garrantzitsua:
Hiztegiak dio
ausa hitzak
elur-jausia
esan nahi duela.
Kolorea
Etorkizuna bertan da, baina kosta egiten zaigu hura ikustea. Pandemia mundial bat bizi berri dugun arren (duela bi urte esaldi hau bera idaztea zientzia-fikzio merkea litzateke) ohitu egin gara, eta ez dugu ikusten zientzia-fikzioak irudikatutakoa dagoeneko bertan denik. Nola begiratuko lioke duela ehun urteko esploratzaile batek gaurko autobideen gaueko argi dirdaiari? Ez al da, hori bera, nahikoa Blade Runner, auto hegalarien beharrik gabe?
Baina ez gaitezen seriotasunean gal, pandemia kontuak gorabehera, “demokrazia” eta “eskubideak” bezalako hitzen zentzu galera gorabehera; tragediak eskutik helduta dakar komedia. Nork imajinatuko zituen duela ehun urte egunero ehunka, milaka pertsona korri egiten kalean, korri egiteko beste asmorik gabe? Nork imajinatuko zituen duela ehun urte ehunka edo milaka pertsona kolore fosforitoz jantzita arnasestuka kaletik, xx. mendeko lehen komikietako super heroien antzera jantzita? Ez al da hori nahikoa Blade Runner, auto hegalarien beharrik gabe ere?
Zientzia-fikzioa oraina da. Begirada da galdu dena.
Ziren batzarra egin dugu taberna batean. Edari guztiak jelarekin eskatu ditugu. Ez genuen sekula pentsatuko kolorea, fosforitotasuna, decathlonkeria, bizitzak salbatzeko modua izan zitekeenik. Koloreak salbatu ahal gaitu zuritasunetik. Zuria ez baita kolore bat.
Faseak, espedizioarenak
Desira.
Ideia.
Motibazioa.
Motorra.
Plangintza.
Baliabideak.
Entrenamendua.
Bidaia.
Kaiera.
Helmuga.
Itzulera.
Kontakizuna.
Oporrak
Nork ez du sentitu oporretan etxean baino “niago” denik? Norberaren gorputzean norbera presenteago balego bezala? Zer nolako ispilua eskaintzen digu bidaia batek? Zer nolako isla bueltatzen digu urrunera egindako txangoak? Paisaiak sentiarazten gaitu ezberdin, edo norberaren egunerokoarekiko urruntasuna hartzeak? Zer esaten digu paisaia berri batek geure buruaz? Distantzia hartzeak geure buruarengana gerturatzen gaitu? Zergatik? Zergatik aldatzen da geure buruaz eta geure bizitzaz dugun begirada, bidaia luze bat egiten dugunean?
Aldatu daiteke geure buruaz, geure bizitzaz dugun begirada, egunerokoan? Egin daiteke ausazkotasunarekin harremanetan jarriko gaituen espedizio bat, etxetik mugitu gabe? Nola aldatu begirada norberaren auzoan?
Dokumentazioa
Narrazioa.
Artea errealitatearen kontakizuna besterik ez da. Baina...
Edozerk merezi du kontatua izatea?
Edonoren bizitza da nobelablea?
Edonork du zeozer kontatzeko?
Bidaia erregistroa da.
Espedizioan dokumentazioa da arte lana.
Artxiboa ekintza bat da.
Ez dago ezohiko paisaiarik.
Ez dago ezohiko lekurik.
Ez dago ezohiko espediziorik.
Bertan denarentzat ohikoak ez du ezer ezohikotik.
Ezohiko dena begirada da.
Bisitariarena.
Turistarena.
Esploratzailearena.
Inbaditzailearena.
Norberaren begiradan beti dago norbera.
Baina entrena daiteke begirada?
Entrena daiteke ezohikoa dena?
Ikus daiteke ezohikoa, norberaren ohikotasunaren erdian?
Esfortzua
Esfortzua. Baten batek galdetuko luke: zertarako igo mendi tontorrera? Zertarako joan hain urrun? Zer ematen dizu Ipar Polora joateak? Zergatik egin tamainako esfortzua, bizia ere gal dezakezunean? Zer behar du esfortzu handi batek, zentzua izateko? Zer behar du esfortzu handi batek, absurdoa ekiditeko?
Gaur Zira Gorriak ehunka lagun amestu ditu bizikleta estatikoan jo eta su ibiltzen. Igande goizero errepide bazterrak inundatzen dituzten milaka txirrindulariak, guztiak, errepidean baino bizikleta estatikoetan ibiltzen.
Egin daiteke eguneroko bizitzan, geure bizitzari zentzua ematen dion esfortzu sobrehumano eta absurdo bat?
Are gehiago, edo are gutxiago, absurdoa existitzen da? Absurdoa ez ote da beti besteak luzatzen digun begirada, absurdoa ez ote da beti ekintza absurdotik kanpo dagoenaren sentipena? Norbera izan daiteke absurdoa, edo absurdoa bestearen begirada da?
Ausazkotasuna versus desira
Agian, horretan datza bizitza.
Bizitza loteria makabroa.
Bizitza bingo gupidagabea.
Gaixotasuna, istripuak,
non jaio zaren, zein familiatan jaio zaren.
“Zergatik ni?” galdetzea, edo,
“eskerrak ez ni” pribatuki aitorturik,
lasai arnasa hartzea.
Bizitza loteria.
Bizitza tonbola.
Bizitza bingo nudista.
Biluzik sentiarazten gaituen hauskortasuna.
Jokatu ala ez erabaki ezin den jolas bakarra.
Jolastu ala hil. Jolas gaitezen.
Sari bakarra dago jokoan: norberaren begirada.
Errealitatea gure buruari kontatzen diogun fikzioa besterik ez da.
Beraz, zergatik ez nahieran jokatu, jolastu, zergatik ez erabili kaosa.
Gertuegi dauden hitzak dira kausa eta kaosa.
Zergatik ez erabili kaosa kausa baten alde.
Zergatik ez erabili kausa kaosaren alde.
Pentsatu subidoia ematen dizun desira batekin. Ez trauma batean, ez gatazka batean oinarritzen den desira, rollo ona ematen dizun desira bat baizik. Dena delakoagatik oraindik bete ez duzun desira bat. Zer nolako espedizio metaforikoa, espedizio poetikoa, espedizio performatiboa egingo zenuke hura bete duzula sentitzeko, neurri txiki batean bada ere?
Desira da motorra, eta ausazkotasuna errealitatea. Bien arteko talkan bizi gara gu. Norbera bi polo horien tartean dagoen begirada, besterik ez da.
Abezedarioa hasi besterik ez da egin. Zira kolore bakoitzeko abezedario bat. Guztien batuketa da bidaia. Bizitza ospatu daitekeen kaos bat da. Ez ditugu lekuak deskubritzen, lekuak ezin dira deskubritu: deskubritu daitekeen bakarra, begirada bat da.
Hauek dira gure bidaia de-ziragarriak. Orain hasiko dira zuenak.