Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
BAI, BAI ETA BAI (manifestu erratua)
Testu hau Baratza aretoaren enkarguz idatzia da, 2022 urteko Zurrunbilo jaialdirako. Manifestu hau idatzi eta, ondoren, deialdia egin zen. Parte hartzaileek, besteak beste, manifestua oinarri zuten pieza labur bana sortu beharko zuten.
Antzerki ibiltaria dena da niretzat. Antzerkia egiten duzunean, dena ezberdina da. Imajina dezakezu, ezta? Egun batean bizi eta hil zaitezke eta hurrengoan berriro bizi zara beste modu batean. Asko gustatzen zait bizitzea!... Zer diot? Nori ez zaio gustatzen bizitzea? Ba al dakizu antzeztu dezakezula jokatuz nola bizi nahi duzun? Nola azalduko nizuke? Desiratzen nituen paperak antzezten nituen beti. Nire mundu desiratua imajinatzen nuen... Hainbeste denboraz aktuatzen nuen azkenean errealitate bihurtzen zela... Amore ez ematearekin soilik ibili behar da kontuz...
Emmy Hennings, Kartzela
Lokomotorraren mamu korroka
zurezko isats zaratatsua arrastaka eramanez
jazz banda baten ilunabarrera.
Mina loy, Basamortu mexikarra
Eta gure garaipenak
garaipen mutilatuak baino ez dira.
Claude Cahun, Aveux non Avenus
BAI,
hala da, edo hala dela diot, edo hala dela diotzuknik, edo hala dela diotzuknikguk:
Jainkoa
unibertsoa
lehendakariak
guruak eta
guruak salatzen dituzten guruak
ez dira fidatzekoak
besteentzat plan bat eduki arren
edo
hain zuzen ere
besteentzat plan bat daukatelako
ez
dira
fidatzekoak
besteentzat erantzunak eduki arren
edo, hain zuzen ere,
besteentzat erantzunak dauzkatelako
ez dira, ez, fidatzekoak
agian
bizitzan
harridura sortzen duen
bakarra
hilkortasun erreal batek mehatxatutako
pertsona errealen arteko
elkartasun inperfektua
da
BAI,
hala da, edo hala dela diot, edo hala dela diotzuknik, edo hala dela diotzuknikguk:
Mina Loy poetak idatzi zuen bezala: Girio pabula beringa es. Inio ba eskila bomba. Sakulu beringa zulunka bes.
“Ez dira fidatzekoak” esan eta posea salatuko dizute.
Nola dakidan hori, nikzuknik? Nigeu ere ez zarelako fidatzekoa.
Bada “pailazo” deitzen zaituenik min eman nahian,
edo “maskara” leporatu,
edo “bufoia” aurpegiratu.
Arrazoi osoz, esango duzukguk.
Izan ere, nikzuk uko egiten baitiogu arrazoia izateari.
Bufoiak konkorrak ereiten ditu abaila galdu duten hitzetan.
Posea salatuko dizute, eta zuknik diozu: bai, bai eta bai!
Pose absolutua aldarrikatzen dutguk,
garaian garaiko zauria norberaren azalean agerian uzten duelako horrek.
Norbera ebidentzian utziz, patetikoa izanez,
desprestigioaren zirtoa garatzen da,
agian egungo (gaurko, alegia, atzoko) arterik probokatzaileena dena bermatuz: erridikulua.
Claude Cahunek idatzi zuen bezala: Eragotelibakomeligasbe ikilia go.
Horregatik, akaso, maskara salatuko dizute, eta gukzuk diozu: bai, bai eta bai!
maskara janzten dut, maskara delako egia ezinezkoa azaleratzeko modu bat.
Eta hori ulertu ez duenak ez du ezer ulertu. Zorionez.
Emmy Henningsek zioen bezala: Akuluberiga, salanduziztika be.
Eta gainera, hau guzti hau aldarrikatuta oker gaude,
erratu gara,
hori bera delako bufoiaren funtsa,
errorea arrazoiari gailentzea,
pasioa motor bilakatzea eta ez estetika.
Hain da zaila hori ulertzea, antza.
Edo hain da intelektualitateen kanonean onartezina.
Probokaziorik handiena zuek ere maitatzea delako, ai!,
madarikatuak, ulujenbeak, postenpatikoak,
konkor —halaber intelektualen— ostikotzaileak:
ez dago norbera ederra kultua inteligentea kritikoa dela pentsatzea
baino itsustasun ederragorik,
maiteak, o maiteak!
Maskara salatzen badidazue nik diot: bai, o bai!
Posea salatzen badidazue nik diot: bai, o bai!
Bufoia salatzen badidazue nik diot: bai, o bai!
Erridikuluari diozuen beldurra delako
nire edo zure edo haren edo akaso gure (inoren?)
indarra.
ETA BAI,
hala da, edo hala dela diot, edo hala dela diotzuknik, edo hala dela diotzuknikguk:
Aske izango zara baldin eta
askatasunaren definizioa zalantzan jartzen ez baduzu,
demokrazian biziko zara baldin eta
demokraziaren definizioa zalantzan jartzen ez baduzu,
berdintasuna ezagutuko duzu baldin eta
berdintasunaren definizioa zalantzan jartzen ez baduzu,
artista izendatuko zaituzte baldin eta
artearen definizioa zalantzan jartzen ez baduzu,
bakean biziko zara baldin eta
bakearen definizioa zalantzan jartzen ez baduzu,
familia izango duzu baldin eta
familiaren definizioa zalantzan jartzen ez baduzu.
Inurria senti zaitezke txorientzako kaiola batean,
barroteetan grafiti minimoak idazten:
Inor ez da aske
aske izatea erabakitzen duen arte.
Adibidez.