Aztitza
Aztitza
Oier Guillan
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
270 orrialde
978-84-19570-42-0
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2013, poesia
2009, poesia
 

 

AZTIA BARRUTIK

Lehen ekitaldia

 

 

      Ez daki nola kendu jainkoaren ideia gainetik. Benetako ateo praktikantea izan nahiko luke. Gogoan egin du atzera, noiz sortu ote zitzaion behar hori. Ez du argi. Edo bai. Edo gutxi gorabehera.

      Egun hartan, edo beste edozein egunetan, begiak zabaldu zituen. Logelako pertsiana erdi jaitsita zegoen, baina suma zezakeen kanpoan eguzkia. Nagia sentitu zuen, gaueko izerdiaren pisua. Berea ez zen gorputz baten soinua dutxa hartzen. Ur jauzi minimoaren doinuarekin halako tregoa bat sentitzen zuen beti, altxatzeko tenorea atzeratzeko baimen moduko bat. Iturriaren karrankak urarena etetean biratu ohi zituen aldakak alde batera, gosaria prestatzeko tenorean. Egun hartan, ordea, eguzki betearen zantzuek koltxoian iltzatzen zuten. Gogoko zituen egun luzeak, argitasunaren orri zuriak, baina goiz hartan zama zitzaion denboraren neurria. Bizitzak, gorputza baliatu beharrak, ardura gisako bat ekartzen zion gero eta gehiagotan. Bere denboraren jabe izatearen esklabotza. Aitortzea zilegi ez zaion arren, sekretuan, ments ditu goizek euria oparitzen dioten aldiak. Begiak zabaldu eta etxean geratzeko aitzakia. Eguna aprobetxatzea etxetik ez mugitzearen baliokide diren goiz-arratsak. Ilunabarraren edertasuna miretsi gabe bizi daitekeen egun horien askatasuna. Sofa, telebista edo liburua. Bero sapak eguerdian etxea habitaezin bilakatzen duen egun horietan eginbeharrik ez izatearen bakea. Erreka, hondartza edo igerilekuaren artean aukeratu behar ez izatekoa.

      Maindire soilaren babesaz pasa du gaua. Oraindik ere suma dezake buruan bezperako ardo gehiegizkoaren lanbroa. Buruko min doiaren ezpata. Edozein egunetako edozein gautako une irabazia, jateko gutizia afalaurretik, edo kopa bete egun amaiera. Gehiegitan errepikatutako erritual irabazi berria, ez kezkatzeko moduko dosietan gailendua. Azkenaldi luzean, ordea, berak badaki ihes puntua dela, aitortzen dio bere buruari erdizka, behar du halako helduleku ezdeus eta inora bakoa. Drogaren maila baxua bada ere, eguna amaiarazten laguntzen dion parranda minimoetan dosifikatua.

      Errepasatu egin du bere gorputzaren ezina atalez atal, uraren txorrota atzerako kontaketa bilakatua dela jakinda. Automotibazio esaldi bat errepikatzen saiatu da, hankak mugitzeko lain behintzat. Terriblea da autolaguntza liburuek eragiten duten itxaropena, gomuta herabe horretara besterik ez da iritsi. Zabalegia da mundua dena posible denean, erantzunak zure esku daudenean, zure bizitzarekin zer egin erabakitzeko aske zarenean. Batzuetan nahiagoko luke arerio jakin bat, kexarako eskubidea lausotzen ez dion egoera argi eta zehatz bat, dagoen lekuan egoten jarraitzeko koartada ekidinezin bat.

      Uraren txorrota geratu da, baina oraindik ere ez da gai ukondoak maindiretik askatzeko. Behinola inork inoiz sutsuki gomendatutako azken bizilaguntza gidak ezinegona sortzen dio, estres existentzial moduko bat. Zoriontsua izan behar horren pisua. Minak sortzen dion ebakian lasai egon ezina. Bai ala bai, zeozer egin beharra. Unibertsoa. Bi kontu esango lizkioke unibertsoari. Maitasun erabatekoaren ideiari. Ironiak suspertu du amiņi bat; agian, oraindik ere, nork jakin, ez dago horren etzana. Zertara dator guztia plan liluragarri baten pieza ulergaitza dela intuitzea? Etsipenak hartu dizkio bazterrak. Ez du onartu nahi, baina ezin du ekidin. Unearen argazkia begiratu du kanpotik, eta ez du ulertu irudiak duen filtroa. Difuminatze sotilak aire artistikoa ematen dio inork ikusiko ez duen une izoztuari, baina errazegia da kolore geruza, sinpleegia. Umoreak salbatuko du, zerbait ilunagoa bilakatuko ez bada. Pauso hori emanez gero, akabo da.

      Uraren txorrotaren amaierak sorpresa ekarri dio. Abiadura, asaldura. Zer gertatzen den sumatzen du, harriduraz eta erdizka. Une batez samurtu egin zaio gogoa, negar egiteko gogoa piztu zaio ezkerreko begiaren ertzetik. Behin eta berriz laztanduko lukeen gainazala, erlojuak geratzeko ezagutzen duen denboraren makina bakarra, gauaren ertzetik munduaren isiltasunarekin lasai antzean etzateko ezagutzen duen bide posible bakana. Eta besteak ziztuan janzten du goiza, badoa, zereginak dauzka. Kaleko atea itxi da eta berak ohean jarraitzen du. Bizkarreko mina arintzeko xede bakarrarekin aldatu du lekuz begiradaren pausalekua. Denbora izoztu nahi luke, baina goiza badoa. Eguzkia gero eta gorago, gero eta ozenago, bazter errepideko autoen kalaka gero eta biziago. Haurren ahotsak sumatzen ditu, berrogei urte zaharrago diren oihuen azpitik. Hirurogei, agian. Ohean egoteagatik datorkion erruduntasun izpia buruko mina baino altuago ari zaio, apurka, mintzatzen.

      Guztia idatzita dago, diote.

      Baita hau ere? Ironiak urdin ilunetik egin dio berehala beltzera. Gidoilari hobeagoak behar ditu unibertsoak, jainkoak, zeru jaurlaritzak. Edo gidoilarien greba piztuko duten sindikalista hobeagoak. Bere buruari galdetu izan dio nolakoa litzatekeen bizitza gidoilari pertsonalizatu baten laguntzaz egingo balio aurre egunaren eszenatokiari. Ez du gogoko bizitzako pasarteen ordena miragarria. Mina autolaguntza liburu guztiak herriko plazan erretzen dituen gudarostea da. Ez dago paturik, hartutako erabakien ondorioak baizik. Nola pasa itxaropenera. Loteria. Bingo. Argia berreskuratu. Krudelkeria eta kale ilunak, itzalen beldur bizi denarentzat. Zer gertatuko litzatekeen Afrikara bidaliko balira autolaguntza liburu guztiak. Uste baino hobeto zaudelako, ondo bizi zarelako irakurri ahal dituzu haiek guztiak. Kaosa. Dena idatzita dago. Eta hala bada, zer. Duintasuna idatzita dago. Eta zer. Geratzen zaion bakarra da. Berea ez, besteen zoriona.

      Ohetik altxatzeko kemena bildu du, azkenean. Egin du komunetik bulego gisa darabilen gelara iristeko indarra. Zabaldu du maskaren maleta. Aurpegia jantzi du, eta badoa.