Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
AZTIA KANPOTIK
Bigarren ekitaldia
Nire istorioa
jaio nintzenean hasten da.
Baina saiatu arren,
ez dut ezer oroitzen.
Beraz atal hori
saltatuko dut.
Beraz atal hori
saltatuko dut.
Beraz atal hori
saltatuko dut.
Beraz atal hori...
Arratsalde on, eta ongi etorri “Zoriontasuna hasiera bat besterik ez da” mintegira.
Patrika Zabalegi nauzue, munduko terapia guztietan aditua.
Agian zeuen buruari galdetuko diozue zer dagoen “Zoriontasuna hasiera bat besterik ez da” tituluaren atzean.
Gaur, hemen, egia bakarra helarazi nahi dizuet: esango dudan guztia gezurra da.
Mintegiaren prezioa izan ezik, hori bai egia dela.
Hasteko eta behin, bizuma egin dezakezue gero sarreran topatuko duzuen telefono zenbakira aurrematrikula ordaintzeko.
Gero ez deitu bertara, mesedez, nire kaseroaren zenbakia da, lau hilabete zor ditut alokairuan.
Tira ba, hel diezaiogun gaiari.
Gaur zoriontasunaren gakoak emango dizkizuet.
Gero gako horiek Izenpe txartelarekin erabili ditzakezue, edo BakQ-rekin, edo TicketBairekin.
Ba ote erakunde publiko batean eskaera bat lehengo saialdian bideratzen lortzea eta robot batena ez den ahots semisentsual batek zu euskara aurrearkaikoan idatzitako argibideak deszifratzen laguntzea baino zoriontasun handiagorik?
Bai! Erakundeek iritziz aldatzea eta aurrez aurreko harremanak berreskuratzea.
Baina ez gaitezen desbideratu.
Mintegi hau hasi denetik bik erlojua begiratu duzue; batek ingurura begiratu du ea kamera ezkutuak ote dauden; beste hiruk mugikorrean zabaldu duzue Maps aplikazioa ea lekuz nahastu zareten begiratzeko. Ba, aizue, sentitzen dut hau esatea, baina okerreko leku zuzenera etorri zarete.
Arratsalde on eta ongi etorri
okerreko leku zuzenera.
Autolaguntzaren aztia naiz,
sari ugari dituen hori bera.
Aritua, aditua,
autolaguntzaren aztia.
Nirekin fio ez bazarete,
denbora aurreztuko dizuet:
ez dut titulu bakar bat ere,
ezta beharrik ere.
Energian dago dena,
hori da nire iturria.
Patrika Zabalegi naiz,
autolaguntzaren aztia.
Jarrai dezagun! Ez dugu aztirik galtzeko!
Ni naiz, bai, Patrika Zabalegi, autolaguntzaren aztia.
Abagune hau baliatuko dut esateko oraindik ere zuetako baten batek mintegiko matrikula ordaindu ez badu, sarreran topatuko duzuen bigarren telefono zenbakira bizum bat bidal dezakeela.
Gero ez deitu zenbaki horretara, mesedez, nire dentistarena da, haginak kendu ditut; hau egia da, agintzen dizuet.
Hitz egin dezagun, bada, autolaguntzaz.
Autolaguntza ezinbestekoa da.
Nola bizi autolaguntzarik gabe.
Pentsa botata geratzen zarela autobidearen erdian, eta ez dakizula zergatik ateratzen ari den kea motorretik, edo aire girotuak zergatik utzi dion funtzionatzeari, edo ez duzula sekula jakin non dagoen ditxosozko errekanbioko gurpila.
Ba horrelakoetan... inoiz baino argiago ikusten da zergatik den horren beharrezkoa auto-laguntza.
Ez jarri aurpegi arrarorik, badakit txiste txarra ematen duela baina autoarena oso metafora ona iruditzen zait, bizitzari buruz hitz egiteko.
Zergatik den metafora on, galdetuko diozue agian zeuen buruari.
Ba ez dakit, baina lasai, saioa amaitu baino lehen segur aski okurrituko zait zerbait.
Nire bizitza autosuperazio istorio bat da: badakit hemen gauden guztiok autosuperatzen dugula geure burua bizitzan zehar, bakoitzak ahal duen moduan. Baina nire autosuperazioa nola izan den kontatuko dizuet: lehenbizi laugarren eskuko Ford Tourneo Connect bat eduki nuen, gero hirugarren eskuko Ford Courier bat, ondoren etorri zen bigarren eskuko Renault Trafic bat, eta, aizue, orain oso zoriontsua naiz hogei urteko Volkswagen Transporter batekin, nahiz eta ezin naizen Bilbo eta Donostia bezalako kapitaletako erdigunean sartu neurri ekoelitistengatik, hau da hau kapitaletako kapitalismoa.
Ea nola autosuperatzen duzuen hori.
Agian jakin nahiko duzue nola lortu dudan hain urrun iristea bizitzaren errepidean, 20 urteko auto batekin.
Ez kezkatu! Sarreran duzuen hirugarren telefono zenbakira bizum bat eginez gero, nire Wikipediako orrialdearen lotura bidaliko dizuet. Gero ez deitu telefono horretara, mesedez, nire mekanikariarena da, autoaren azken konponketa zor diot...!
Patrika Zabalegi nauzue,
munduko terapia guztietan
aditua.
Ongi etorri
“Zoriontasuna hasiera besterik ez da”
izeneko mintegira.
Patrika Zabalegi nauzue,
munduko terapia guztietan
aditua.
Fisiolinguistika nuklearra,
biowikipedia tutelatua,
marxismo postgardena,
kulturgintza hepatikoa,
teleokulista postdramatikoa,
tiritagintza postraumatikoa
eta sukaldaritza postbeganoa.
Patrika Zabalegi nauzue,
munduko terapia guztietan
aditua.
Jarrai dezagun! Ez dugu aztirik galtzeko!
Badakit!
Zoriontasuna, hasiera bat besterik ez da best-sellerra nola idatzi dudan azalduko dizuet.
Nire arrakastaren muina zein izan den jakingo duzue horrela, zuentzat inspiragarri izan dadin.
Baina utzi telefono mugikorrak!
Ez sartu amazonen, ezta aitazonen ere, liburua oraindik ez dago argitaratua.
Are gutxiago! liburua ez dago oraindik ere idatzia.
Are gutxiago...! oraintxe okurritu zait best-seller bat idazteko ideia, baina aurrerosketa egin nahi baduzue, bidali beste bizum bat sarreran topatuko duzuen laugarren telefono zenbakira.
Gero ez deitu bertara, mesedez, pareko tabernan zortzi plater konbinatu zor ditut.
Nire best-sellerrean errenkarnazioaz mintzatuko naiz, zuek... sinesten duzue errenkarnazioan?
Nik bai.
Baina herrenkarnazioa hatxez. Bai, ez da errata bat.
Bizitza honetan eduki dudan lanpostu bakoitza herrenkarnazio bat izan delako.
Jaiotze berri bat.
Aurreko herrenkarnazio batean, adibidez, kultur zeini-egotzia izan nintzen.
Bai, ez begiratu horrela, ez begiratu arraro, ez begiratu gaizki.
Kultur zeini-egotziarena ere ez da errata bat.
Kultur zeini-egotzia nintzen, gaitz guztien ardura niri egozten zidatelako.
Kultur zeini-egotzien artean ordea, badaude pertsona apartak, kulturari buruz gehiago jakiten saiatzen direnak... baina horiek, esan bezala, pertsona apartak dira, alegia, gehiegi inplikatuz gero apartatu egiten dituztenak.
Hasieran niri esan zidaten kultur zeini-egotzia izateko nahikoa zela aulki bat betetzearekin.
Ze fama txarra duten aulkiek, ezta?
Baina aulkiak garrantzitsuak dira egungo jendartean.
Eta aulkiek ez dute ondo pasatzen.
Ezagutu duzue inoiz kezka existentzialak dituen aulkiren bat?
Seguru nago ezetz.
Leihoak, txiskeroak, kuleroak, elurretako eskularruak, harriak, txoriak...
Baina arazo existentzialak dituen aulki bat?
Aulkien arazoak tabua dira oraindik jendarte honetan, edo hobeto esanda, tabu-reteak dira.
Munduan denak kezkatuak kultur mahaiekin, negoziazio mahaiekin, mahai sektorialekin, mahaiak post-it fosforito koloretsuez estaltzen dituzten prozesu parte hartzaileekin, baina zer da hori aulkiekiko jazarpen ikusezinaren aldean?
“Ez da egongo beste altzari bat gizakiaren antz handiagoa duenik”, idatzi zuen behin Harkaitz Canok. Esanguratsua, ezta?
A ze oroitzapen politak, kultur zeini-egotzi aulkia betetzen nuen garaikoak.
Oroitzapen politak ez lanekoak, hori peņazo bat zen, ni beti nintzen gaiztoa kulturgileentzat, zeinen erraza den ardurak hartu beharrean norbaiti gaitz guztien errua botatzea, nik beti nahasi ditut kixoteak eta kexatiak, erratak eta errotak...
Baina ez ditzala haizeak errotak eraman, zeinen ongi bizi nintzen garai hartan...!
Eragozpen bakarra egoten zen: kulturgileak beti tematzen ziren kultur ekitaldiak nire denbora librean antolatzen, arratsetan... asteburuetan, peņa!
Eta, aizue, nik ez dut familiarik, ez dut kirolzaletasunik, ez dut ia lagunik ere... baina izan nitzakeen!
Kixoteak eta kexatiak, aulkiak eta ahulkiak...
Munduak entretenitu nahi du,
ez aztoratu.
Munduak entretenitu dezaten nahi du.
Eskuinak eskuineko publikoa
entretenitu nahi du.
“Nire publikoa gozarazi”, esaten dizute,
“ez despistatu, entretenitu”.
Ezkerrak ezkerreko publikoa
entretenitu nahi du.
“Nire herria gozarazi”, esaten dizute,
“ez eraldatu, entretenitu”.
Baina edertasuna beti da dislexikoa.
Beti, beti, ia beti, dislexikoa.
Ezkerra, eskuma, edertasuna...
Tarteka hitzen esanahia berrikustea beti iruditu izan zait ezker onekoa.
Hitzen ondoeza.
Nola bueltatu hitzei, zentzua ez bada, zentzuren bat?
Ez al daude hitzak apur bat nekatuta?
Zer da, adibidez, edertasuna?
Nork dio zer den ederra?
Agian akatsa da berreskuratu behar dena, errata errorea da, eta errorea errota, ez dadila izan haizea hitzen errotatiba.
Akatsa sisteman, kantatzen zuen Lurra taldeak, berrabiatu, mesedez.
Ondo gogoan dut, adibidez, zeini-egotzi nintzen garaian gure bulegoan jarrarazi nuen esaldia, kultur arloko lankideen motibazioa bultzatzeko: “Hemen guztiok egiten dugu ahul duguna, ahul dugun moduan”.
Ez zen poesia, errata bat zen, baina aizue, zer da euskarazko erratarik gabeko erakunde publiko bat, demokratizatu ditzagun erratak!
Akatsetik berrabiatzea, hori bai ederra!
Body milk moduko bat izan daitezela erratak, ez gaitezela izan azalekoak dermokraziaren festan.
Kultur zeini-egotzi nintzela papurrak banatzen nizkien bidegorrian uso zuriei, bakean egon zitezen, eta batez ere, bakean utz nintzaten.
Luntxetan, azpiegitura kultural azpierabilietan eta espaloi azpizapalduetan dirua xahutu ostean, pastelaren azken zatitxoa ematen zidaten niri kulturarentzat.
Eta horrekin ezin da egin mirakulurik, aizue!
Baina banatzeari ekiten nion.
Eta denak triste, gose zirelako, baina pozik, ondokoari papurra kendu ziotelako.
Pastelzatistak esaten nien nik, maitasunez. Desidealizazioa.
Aulki-jokoan ibiltzen ginen zeini-egotziak ere, eta niregan desesperantza nagusitu zen. Desilusioa.
“Zergatik hautsi burua, egin nahi dutenek egin nahi dutena berdin-berdin egingo badute”, esan zidan behin norbaitek. Desafekzioa.
Pastelzatista batzuk loreak botatzen hasi zitzaizkidanean ere, kezkatzen hasi nintzen.
Ulergarria zen desesperantza, baina...
Beste pastelzatista batzuk prekaritateaz bolo-bolo mintzatzen hasi ziren ordea, eta aizue, ez dago nire esku gauza guztiak aldatzea. Desubikazioa.
Baina gauzak aldatzeko itxaropena galtzen denean, norbera da aldatzen dena.
Horrela, lana uztea erabaki nuen. Deslilura.
“Eskerrak ahulak garen”, kantatzen zuen Anarik.
Eta bat nator.
Izan nadin ahula ni ere.
Kultur zeini-egotzi nintzela botatzen zizkidaten loreak gogoratu nituen.
Arrosak, krabelinak, zerbak, ziazerbak, porruak.
Atsegin dutak, storyak, bertxioak,
—bueno, bertxioak jada ez—.
Loreak hartu, oparitu edo erosi egiten dira?
Hainbeste lore jaso eta gero, lore saltzaile errenkarnatzea erabaki nuen.
Beti nahi izan dut lore saltzailea izan.
Mundua leku terriblea delako,
bizitzan ere gauza terrible asko
gertatzen direlako.
Baina nireak ez dira
hilei edo bizidunei
oparitzeko moduko loreak.
Beti nahi izan dut lore saltzailea izan.
Mundua leku terriblea delako,
bizitzan ere gauza terrible asko
gertatzen direlako.
Baina nireak ez dira
hilei edo bizidunei
oparitzeko moduko loreak.
Nireak hilik ala bizirik
zauden jakiteko loreak dira.
Krabelinak, arrosak, liliak.
Hartu lore bat aukeran.
Hartzazu lore bat,
zeren beldur zara?
Nire loreak ez dira
hilei edo bizidunei
oparitzeko moduko loreak.
Nireak hilik ala bizirik
zauden jakiteko loreak dira.
Gauza ederra da lore bat.
Gauza eder asko dago munduan.
Baina loreak ihartu, usteldu, lehortu egiten dira.
Lorea ilunabarra bezalakoa da.
Amaituko dela dakizulako da ilunabarra eder.
Egunero errepikatzen den balizko edertasuna.
Hurrengo egunean edertasun dosi bat eduki dezakezun promesa.
Edertasuna edonoren esku.
Egunsentia izan da historiako lehenengo filma, lehenengo pantaila, lehenengo ziklorama.
Ilunabarra mutu uzten zaituen ispilua da.
Begirada barrura bueltatzen dizun isilunea.
Agian soilik amaiera duten gauzak dira ederrak?
Lorea edertasuna zabaltzen tematzen da, errepide bazterrean dagoenean ere.
Baina loreak ez daki ezer edertasunaz.
Edertasunak ez daki ezer edertasunaz.
Edertasuna inoren, ezeren gaineko begirada bat da.
Loreak ekartzen dit gogora pertsona oro den begirada.
Zimeltzen delako da lorea eder.
Zimeltzen delako, zimeltzen.
Usteltzen delako da lorea eder.
Usteltzen delako, usteltzen;
edertasunaren puntu gorenean.
Zimeltzen delako da lorea eder.
Zimeltzen delako, zimeltzen;
edertasunaren puntu gorenean,
hiltzen hasten da.
Eta nik maite dut
zimelduko diren loreak prestatzea
eta jendeari eskaintzea.
Lore bat,
hartzazu lore bat,
zuretzat.
Desilusioa. Desesperantza. Desaktibazioa.
Deskafeinatzea. Deshidratatzea. Desliluratzea.
Des-desilusioa. Des-desesperatzea. Des-desaktibatzea.
Des-deskafeinatzea. Des-deshidratatzea. Des-desliluratzea.
Dena dago lotuta.
Ni eta zu.
Zu eta ni.
Gu eta besteak.
Besteak eta gu.
Mina eta mundua.
Mundua eta mina.
Norberaren deslilura eta besteena.
Besteen des-deslilura, eta norberarena.
Dena dago lotuta.
Konstelazio burokratikoak,
konstelazio familiarrak.
Mediuma, masajista,
biomagnetofonista.
Ez nekienez
nora jo, ze bide hartu,
bide guztiak
batera hartzea erabaki nuen.
Konstelazio politikoak,
konstelazio akuatikoak.
Tarota, iris irakurlea,
biomagnetofonista.
Ez nekienez
nora jo, ze bide hartu,
bide guztiak
batera hartzea erabaki nuen.
Aztia, aztia naiz.
Zoriontasunaren aztia.
Aztia, horixe naiz,
zoriontasunaren aztia.
Konstelazio espiritualak,
konstelazio sexualak.
Osteopata, homeopata,
biomagnetofonista.
Autolaguntza. Edo auzolaguntza. Hau ere ez da errata bat.
Lore saltzaile errenkarnazioa ere porrota izan zen, besteak beste guztiz eta erabat arruinatu nintzelako, beraz, konturatu nintzen beste zerbaitetan saiatu behar nuela.
Hirugarren berraragitze bat prestatu nuen:
kartak botatzen hasi nintzen.
Bai, nik kartak bota eta irakurtzen ditut.
Besteen kartak.
Alegia, postari egin nintzen.
Postontzietatik gutunak lapurtu eta triste zeudenei irakurtzen nizkien gero.
Bankuko gutunak batez ere.
Ikus zezaten norberaren mina ez dela bakarra munduan.
Banku estraktuen robin hood bat bilakatu nintzen.
Zuei kartak irakurtzea nahi baduzue, pasaizkidazue zuen posta helbideak, eta, ahal dela, utzi zuen postontziko giltzaren kopia bat ere.
Baina horrek, hala ere, ez zidan luze iraun.
Oposizioak egin behar ziren errenkarnazio horretan, eta ni ez naiz inoiz gustura egon oposizioan.
Nola lortu desdeslilura?
Auzolaguntzaren bidean, konturatu nintzen terapeuta izatea zela aukera bat.
Terapeuta, coach, medium, guru, bitartekari, magoa...
Baina terapeuta... zertan? Niregan pausatuko nuke nik, berriz ere indartsua izateko itxaropena?
Psikologoa, maitalea, kuadrilla, familia, pilula, alderdia, kantaria, estatua, sasipoeta...
Dagoeneko zeuen buruari galdetuko zenioten. Orduan, zergatik da hau mintegi bat?
Jendarte oro delako mintegi bat.
Mintegia, alegia, minak gordetzen diren lekua.
Ez zaituztet denok ezagutzen, baina aztia naiz, aizue, irakur dezaket airean dagoen energia.
Hemen gauden guztiok mina sentitzen dugu, sentitu dugu, sentituko dugu.
Ikus ditzaket batzuon harridura aurpegiak.
Biluzik sentitzen zarete, adierazpen paregabe honen aurrean, zuen minak agerian geratuko direlakoan.
Baina lasai, nik ezagutzen dut munduko min gehienak arintzeko modua...
Munduko min gehienak arintzen dira
beste norbaitek min horiek ikusten baditu.
Inork ez du aztirik galtzeko!
Nik, ordea, badut aztia zuek denontzako, entzuteko, eta entzundakoa ahazteko.
Une honetara iritsita esango dut pentsatu ere pentsatu nuela sekta bat sortzea.
Baina horrek lan handia ematen du.
Whatsapp talde bat osatu behar duzu zure jarraitzaile guztiekin, eta dagoeneko banago bizilagunen batzarreko, tailer mekanikoko, dentistako, ondoko tabernako zordunetako whatsapp taldeetan.
Talde gehiagorik ez, mesedez.
Gainera, sekta hitzarekin okurritzen zitzaidan errata probokatzaile bakarra ogitartekoekin zerikusia zuen, pollo sektas queso, eta ez nuen erdalkerietan erori nahi.
Nire terapia proiektu berriak “euskal” hitza behar zuen aurretik, diru irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu eta dirulaguntzetara aurkeztu ahal izateko.
O, ez.
Dirulaguntzak berriz ere, ez...!
Inork ez du aztirik galtzeko!
Orain, ariketa praktiko bat egingo dugu.
Ezer baino lehen, esango dizuet etorkizuna igar dezakedala, eta ez dudala sekula hutsik egiten.
Ez izutu!
Badakit gaur hemen ikusiko duzuena harrigarria izango dela, ahaztezina, inpaktantea, baina ez kezkatu, iragarpen guztiak maitasunetik eginak izango dira.
Etorkizuna igar dezaket...
Hemen gauden guztiok laster, oso laster, antzoki honetatik aterako gara.
Hemen gauden guztiok, laster, kanpoko atea zeharkatuko dugu.
Hemen gaude guztiok, laster, espaloian ibiliko gara.
Hemen gauden guztiok, ordu batzuk barru, lotan egongo gara.
Hemen zaudeten guztiok, sekulako paketea hartuko didazue, honezkero egin ez baduzue, eta kanpora aterako zarete pentsatzen: hau ez da posible, lotsagarria da, timo bat da, hau ez da mintegi bat, hau ez da teatroa, hau panfleto bat da... bikain!
Oharra: nire igarpenak huts egiten badu eta ondo pasa duela pentsatzen ateratzen bada baten bat, bizum baten bitartez ekarpen bolondres bat egin dezake, Kulturgintzak Pastel Handiagoak Nahi Ditu E Kulinari Zenter Gobernuz Kanpoko Erakundea babesteko. Ni neu naiz elkarteko lehendakaria, baina hori kasualitate hutsa da.
Eta orain, etorkizunerako azken igarkizuna: adi denok, ez urduri jarri.
Hemen gauden guztiok... Hil egingo gara...!
Ez zaitezte abaildu.
Hori esango nuen beldur zineten, ezta?
Hori izango da segur aski, denok izutzen gaituen igarkizuna.
Izan ere, nor ez da horren beldur?
Ba sentitzen dut hau esatea: hemen gauden guztiok... hil egingo gara?
Noiz hilko zareten?
Ez dakit.
Zenbat denbora geratzen zaizuen?
Ez dakit.
Nola izango den?
Ez dakit.
Sufrituko duzuen?
Aizue, ez dakit, terapeuta naiz, ez tabernaria.
Tabernariarena hurrengo errenkarnazio baterako utziko dut.
Baina ez zaitezte haserretu,
Hil egingo zarete...!, baina ez dakit noiz...
Seguru nago sustoaren ostean baten batek nire erantzunarekin arindua sentitu duela.
Ez duzue zoriontasun izpi bat sentitu?
Hala baldin bada, helburua beteta!
Ez dugu aztirik galtzeko!
Eserlekuetan sumatu ditut batzuk txamarrak prestatzen kalera ateratzeko... bazoazte?
Haserre, gainera?
Oso ondo.
Elkartu kanpoan beste haserretuekin, eta komentatu jugada.
Hori da nahi nuena.
Akzioa.
Erreakzioa.
Errenkarnakzioa.
Bribakzioa.
Autodeterminakzioa.
Mintegi hau eta gero ez dugu izango aztirik galtzeko.
Ikusten?
Esan dizuet.
Unea iritsi da.
Bagoaz hemendik, bizitza berri bat hastera.
Zoriontasuna... hasiera bat besterik ez da.
azken oharra:
Oraindik ere mintegiko matrikula ordaindu ez baduzue, bidali bizum bat sarreran topatuko duzuen seigarren telefono zenbakira.
Gero ez deitu zenbaki horretara, mesedez, aretotik lehenbizi aterako den lehenengo pertsonarena da.
Diru guztia berari iritsiko zaio.
Sorpresa itzela hartuko du.
Opari bat izango da.
Subentzionatu dezagun pertsona baten une zoriontsu bat!
Ez dakit zergatik ez dudan lortzen sekula dirua aurreztea...