Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
BRIGADISTA
Javier Barandiaran brigadistak Euskaldunon Egunkariarako (zehatzago esanda, 2003an itxieraren osteko Egunero zenerako) Iraketik idatzitako kroniketan inspiratua.
Testu honek Café Bar Bilbao antzerki laburreko saria jaso zuen 2017. urtean, Ero, ia tituluarekin.
(Antzerki talde baten entsegu gela. Trasteen artean, kartoizko kutxa mordoa. b egunkari sorta batekin, haietako bat irakurtzen. a sartu da.)
a: Deitu du?
b: Ez, oraindik ez.
a: Zenbat denbora daramazu hemen?
b: Sei ordu.
a: Ez zara buelta bat ematera joan?
b: Ez naiz hemendik mugituko berak deitu arte.
a: Ez zara gose?
b: Bai, gose naiz.
(Isilunea. b irakurtzen. a kartoizko kutxak irekitzen hasi da.)
b: Zertan ari zara?
a: Lana aurreratzen. Hemen egon behar badugu...
b: Ez da beharrezkoa biok egotea. Nik hemen egon nahi dut.
a: Baita nik ere.
(a kutxa batetik trofeoak ateratzen hasiko da, bata bestearen atzetik, tamaina eta era ezberdinekoak. Kontu handiz zapia pasako die trofeoei eta banaka espazioan zehar jarriko ditu, lurrean, edo beste trasteen gainean.)
b: Zer dira?
a: Ez duzu ikusten?
b: Trofeoak.
a: Bai.
b: Ideia berri batean zabiltza lanean?
a: Bai.
(ak lanean jarraitzen du. bk beste egunkari bat hartzen du, eta irakurtzen jarraitzen du.)
a: Begira hau.
b: Zer?
a: Futbito txapelketa 1983. Sari nagusia.
b: Nork irabazi zuen?
a: Ez dakit.
b: Ez du jartzen?
a: Ez.
b: Eta lekua? Non egin zen txapelketa?
a: Hori ere ez du jartzen. (Geldiunea) Norbaitentzat, ekipo oso batentzat, egun ahaztezina izango zen hura. Heroikoa.
b: Bai. Orain berrogei urte baino gehiago izango dituzte denek.
a: Bai. Bakarren batek oroituko al du egun hura?
(Isilunea. Bakoitzak berean jarraitzen du.)
a: Saskibaloi eskola liga. Mistoa.
b: Uau.
a: Bai.
b: Mistoa. Zer esan nahi du horrek?
a: Mistoa? Ba... joder... mistoa. Saskibaloi liga honetan jolas daitezkeela argalak eta lodiak, itsusiak eta guapoak, jolasteko gogoa dutenak eta aitortu ez arren jolasteko gogorik ez dutenak. Mistoa.
b: Bale-bale, mistoa.
(Isilunea.)
a: Gipuzkoako bikote gazteen dantza txapelketa.
Munduko mus txapelketa.
1975eko xakeko zaldi mugimendurik onena, bigarren saria.
b: Epikoa! Hipikoa!
(Isilune laburra elkarri serio begira. Jarraitzen dute.)
a: Sagardorik onena, lehen saria, 1999ko uztailaren 23a, Dakarreko sagardo eguna.
b: Dakar?
a: Bai.
b: Zer “dakar”?
a: Lekuaren izena.
b: Lekuaren izena “dakar”?
a: Bai.
b: Eta ze sagardotegik irabazi zuen?
a: Hori ez “dakar”.
(Isilune luzea, bakoitza berean. Telefono hotsa, biek erreakzionatzen dute berehala, adi. bk hartu du urduri.)
b: Bai?... Ez, oraindik ez.... Zuek badakizue zerbait?... aha... aha... bai... joder... ados, bai, itxarongo dut. (ari)Antza denez lortu dute hiriburutik ateratzea. Iristen ari diren albiste bakarrak yankien armadak zabaldutakoak dira, eta beraiei buruz ez diote ezer.
a: Eta nola atera dira hiriburutik?
b (telefonoaz bestaldekoari berriz ere): Bai, nola lortu dute ateratzea hiriburutik?... (Entzun egiten du bestaldekoaren azalpena. ari) Jeep batean. Basamortuan gidari izan zuten bertako lagunak utzia. (Telefonoaz bestaldekoari) Seguru zaude telefono honetara deituko duela?... Bai, ados, zain egongo gara badaezpada.
(Telefonoa utzi du.)
b: Telefono zenbaki hau eman omen du.
a: Zergatik hau?
b: Ez dakit, momentuan lokalekoa izango zen burura etorriko zitzaion lehena.
a: Edo agian ziur jakingo zuen gu hemen orduak sartuta egoteko bezain inozoak garela...
b: Inozoak...?
a: Ez barka, inozoak ez. Laostia, zer edo zer jakin nahiko nuke ya.
b: Bai.
(Isilunea. Bakoitza berean.)
a: Txistulari gazteen txapelketa. D kategoria. Lehen saria.
(Isilunea.)
b: Entzun zer idatzi zuen duela egun batzuk.
a: Noizkoa da?
b: Apirilaren 6koa.
“Basamortuko hiriburua. Kazetarien eta elkartasun taldearen hotela. Brigadistaren kronika Egunero egunkariarentzat:
Ez dakit pellokeria ote den, baina leila, gaua, iluna da eta eguna, aldiz, argitsua, hemen. Basamortuan. Gogorra izan da oso pasa dugun gaua. Atzo arratsaldetik hasita eta gaurko goiza hurreratu arte bonbardaketak izugarriak izan dira, hego-mendebaldean batez ere.
Afaltzen ari ginela helikoptero baten hotsa, tak-tak-tak-tak... aditu ahal izan genuen hotelaren gainetik. Aho bete hortz guztiak. Susmo txarrenei ateak zabaltzen zitzaizkien. Txarragoak metraileten tiro-segidak entzutean, hemendik oso gertu.
Koadroa borobiltzeko terrazatik argirik gabeko hiriaren belztasuna, eta zerura begira ginela, izar bat, mugikorra. Eta zaratatsua. Hegazkin txiki baten soinua ateratzen zuen, hego-sortaldetik hego-sartaldera poliki-poliki irristatzen zelarik. Airekoen kontrakoak tiroka, baina asmatu ez. Eta lo hartu ezina etengabeko leherketak entzuten eta sentitzen, lurrikara baten moduan eraikin osoa astintzen baitute. Era guztietako leherketak: misilak, bonbak, artilleria... gaua iluna benetan. Denok esna, pentsakor, biharamuneko panorama irudikatzen saiatuz”.
a: Kar! Hemen ez da izarrik mugitzen. Hemen izarrek ez dute hegazkinen soinurik ateratzen. Hemen izarrak geldirik daude eta ez digute tiro egiten.
b: Izarrak tiroka! Falta zitzaiguna!
a (kantuz): “Jada ez nau ezer harritzen, jada...”
(Isilunea. Bakoitza berean. ak orain arte bezala trofeo bakoitzaren plaka irakurriz.)
a: Banaka pilota txapelketa.
Bigarren 4X4 triala.
Kross herrikoia, 7,5 kilometro.
Mendiko txirringa martxa, btt.
b: Eta izerdirik bota behar ez den zerbait?
a: Zer?
b: Izerdirik bota behar ez den zerbait?
(a pentsakor geratu da. Trofeo batzuk ateratzen ditu jarraian, zer diren begiratzen du, eta batekin geratzen da.)
a: Rally fotográfico en las alcantarillas del Niágara. 3. saria.
b: Aiba. Seguru hor ez dela izerdirik egiten?
a (beste bat atera du): 1er premio de ascensión cuesta abajo. Cuenca.
b: Nork irabazi zuen hori?
a: Ez dakit. Ez du jartzen.
b: Hor ere ez?
a: Ez.
b: Klaro, trofeoak prestatzen dituztenean ez dakite nork irabaziko duen.
a: Ufa. (Geldiunea) Konturatzen zara zenbat garaile eta gloria momentu pertsonen historian?
b: Milaka.
a: Milioika. Dagoeneko inork oroitzen ez dituen une ahaztezinak.
b: Tira. Batzuk bai, oroitzen dira.
a: Adibidez?
b: Tourreko garaileak. Edo Oscarrak. Ez duzu Oscarrik hor?
a: Ez. Oscarrak ez dira bigarren eskuko dendetan topatzen. Pertsona normalen oroitzapenen kanposantuak dira bigarren eskuko dendak, eta aktoreak ez dira normalak.
b: Gu aktoreak gara.
(Isilunea.)
a: Begira hau: Andrea Rodriguezek 1973. urtean bigarren sari bat jaso zuen.
b: Izena jartzen du beraz. Zer da?
a: Karta txapelketa.
b: Mus?
a: Tarot.
(Isilunea. Telefonoa hoska. Urduri hartu du bk.)
b: Bai? ... Ez da ezer entzuten, bai? ... Joder, zarata moduko batzuk... C, zu zara?... kaka, moztu da.
a: Zer?
b: Ez dakit bera ote zen, ez zen ahotsik entzuten, baina zarata arraro batzuk bai...
a: Orduan... Zer egingo dugu?
b: Zer egingo dugu ba, itxaron, ea berriro deitzen duen.
(Apurka eta pentsakor, bakoitzak bere zereginera buelta.)
a: Irakurri beste zerbait.
b: Ea.
a: Noizkoa da hori?
b: Apirilaren 7koa.
“Basamortuko hiriburua. Kazetari eta elkartasun taldearen hotela. Brigadistaren kronika Egunero egunkariarentzat:
Egunero bezala, ospitaleetara joan gara. Orain arte zailtasunak zituzten jendea artatzeko, baina beraiek oso ongi egiten zuten lan hori. Orain, berriz, beren ahalmena gainditzear daude. Ohatilak eta ohatilak gure aurretik igarotzen ikusi ditugu Basamortuko Ospitale Nagusian. 280 zauritu eraman dituzte eta horietatik 80 beste ospitale batzuetara bidali behar izan dituzte. Informazio ministroa ere ospitalera etorri da, eta kamera asko bildu dira bertan. Une batez, biktimen senideen, sendagileen eta kameren artean liskar txiki bat sortu da, kamerak sendagileen lana oztopatzen ari zirelako. Zaurituen eta senideen artean galdera bera errepikatzen da beti: ‘Zergatik egin digute hau?’.
Lanez gainezka zeuden, eta ezin izan dugu denbora asko egon ospitalean. Hotelera itzuli gara, pixka bat etsita, ezin izan dugulako gure lana egin. Zaurituen izen-abizenak jaso ohi ditugu, zein egoeratan zauritu diren, familiaren historia... kasu bakoitzari buruzko xehetasunak biltzen saiatzen gara, gerra krimenak direlako.
Elkartasun taldekoek ez dakigu noiz arte geratuko garen hemen. Gure asmoa hemen jarraitzea da, baina gure presentziak eragina edo oihartzuna duen bitartean. Borroka oso gogorra eta luzea izango dela ematen du. Herritarren erresistentzia ikusita, ezin da baztertu Basamortuko herritar hauek gerra irabaztea”.
b: Benetan usteko zuen irabaz zezaketela?
a: Ez dakit. Hemengo titularrak irakurrita argi zegoen ezetz, yankiek erabakia hartua zutela eta ez zutela guztia suntsitu arte bakerik emango.
b: Baina han... han dena ezberdin ikusiko da. Ezin dut imajinatu zer izango den han egotea. Ez dakit gai izango nintzatekeen hara joateko.
a: Ezta ni ere. Baina...
b: Baina zer?
a: Ezer ez.
b: Zer duzu?
a: Ezer ez. (Pentsakor) Berak ere ez zuen usteko. Gerra egoera batean han egon zitekeenik, alegia.
b: Zuk uste?
a: Nola asmatu joan baino lehen inbasioak han harrapatuko zituela?
b: Picassoren Guernicaren irudi hura sinbolikoki eramatea zen haien asmo bakarra.
a: Oso ideia originala, portzierto. Ezin dut ulertu nola erabaki zuen han geratzea.
b: Asko izan ziren bueltatu zirenak. Beste batzuk berriz, gelditu. Eta badakizu bera nolakoa den. Zirt edo zart, unean bertan sentitzen duena egin behar. Zer egingo zenukeen zuk inbasioak han harrapatuz gero?
a: Ez dakit. Joder, ez dakit. Ezin dut imajinatu gerra egoera bat ere.
b: Eta hori guk hemen momentu askotan gerran gaudela dirudiela.
a: Ez esan tontakeriarik, ezin da konparatu.
b: Duela hilabete bat egunkari bat demokratikoki itxi digutela oroitarazi behar dizut?
a: Ez, ez didazu oroitarazi behar.
b: Elkartasuna izurrite bat izan behar litzateke, eta ez da. Edo bada, baina ez da aski kutsatzen. Hemen, han, berdin dio. Aski da pertsona bakar baten oinazea elkartasuna beharrezkoa izateko, pertsona horren oinazean dagoelako mundu guztia, pertsona horrek duen guztia bere mundua delako.
a: Bai, baina gu ez gaude bunker batean gordeta, gu antzerki talde baten lokalean gaude.
(Isilunea. ak hainbat txapel ateratzen du.)
a: Gipuzkoako Bertso Txapelketa arritmikoaren lehen kanporaketa.
b: Bigarrenik egon ote zen.
a: Ondarroako Bertso Magia Txapelketa, herriko onenari saria.
b: Urtea?
a: 1993. Eta hau... Kantuan Polboroiak Janez Kantu Txapelketa, 1963.
b: Latza...
a: Bai.
(a pentsakor geratu da.)
a: Ez dut gogoratzen noiz ikusi nuen azkeneko aldiz.
b: Nor?
a: Nor izango da ba! C!
b: A. Nik bai, oroitzen dut noiz eta non ikusi nuen azkeneko aldiz.
a: Non?
b: Boulevardean. Kasualitatez. Antzezlan berriko azken entsegua egin berri genuen bezperan, akordatzen zara? Bera bueltatu arte antzezlana aparkatua utziko genuela erabaki eta gero. Kanpora joateko txertoak hartzetik zetorren. Astebeteko bidaia izango zelakoan zegoen. Hala ere...
a: Hala ere zer?
b: Agur berezia izan zen. Ez dakit. Nik ez nekien hura agur bat zenik. Bera agian ni baino kontzienteagoa zen gerta zitekeenaz.
a: Edo ez.
b: Edo ez. Baina joan beharra zuen.
(Isilunea.)
a: Marmelada jaialdia.
Orrazkerarik lizunenari hirugarren saria.
Lagunduko didazu?
b: Bai. (Trofeoak hartzen hasten da bera ere) Miss Beraun, 1993.
a: Hockey sobre patillas.
b: Irrintzi luzeenari saria.
a: Sarrailarik Gabeko Txori Kaiola onenari saria, 18. postua.
b: Munduko Karaoke txapelketa, Oiartzun 2008, Nino Bravo saria.
a: Taxidermiari buruzko blog onenari saria, 2010.
b: Baloirik borobilenari saria, 1978.
a: Basurdeak ehizatzeko Coca-Cola saria, 1998, Lizarra.
b: Pastor Alemán de Pelo Largo, New York, 1er lugar, barrio latino. 1989.
(Argazki handi bat atera du, lore sorta batez inguratua.)
a: Antonia Etxenike Zuriarrain. 1923-2001.
b: Eta hori?
a: Bizitza oso bati saria.
(Telefonoa. Korrika doaz biok.)
b: C? Zu zara? Ez da ezer entzuten? Kaixo? Hor zaude? Zuk entzuten nauzu? Nik ez dut ezer entzuten. Ez dakit ezer entzuten duzun. Badaezpada hitz egingo dizut. Nola zaude? Non zaudete? Lortu duzue handik ateratzea? Ikusi dituzue tankeak? C? ... C?... (Gero eta hunkituago) Kabroia, zure zain gaude! Entzun? Zure beharrean gaude! Ezin dugu antzezlana bukatu ez bazatoz. Bai ala bai etorri behar zara, entzun? Antzezlan bat estreinatu behar dugu, elkarrekin. Entzun? Hor zaude? Mundiala izango da, sekulakoa izango da, C? Laostia izango da, egin dugun onena! C? C? Moztu egin da.
(Isilunea.)
Bera ote zen. Entzungo ote zuen.
a (hunkituta): Joder. Eta ez bada bueltatzen? Eta ez badute lortzen handik ateratzea?
b: Ez esan hori.
a: Zergatik ostia egiten digu hau?
b: Egin? Guri?!
a: Aski zuen elkartasuna modu normalago batean adieraztearekin, hala nahi bazuen. Ez dakit, iritzi artikulu bat idatzi, edo poema bat. Zertarako gehiago? Zer lortuko du? Guernicaren fotokopia madarikatu hori han utzi bestela, eta kito. Argazkia atera koadroarekin, argazkia publikatuko duten betiko lau komunikabideei bidali, eta listo. Horrekin nahikoa. Bera han egon gabe ere badakigu zertan ari diren yankiak, badakigu sarraskia dagoela, kaleko jendea akabatzen dutela, guztia gezurra dela.
b: Baina han dago, ulertzen? Han. Gu ere pixka bat han egongo bagina bezala da. Ez duzu sentitzen?
a: Ez. Hemen badago ere elkartasuna adierazteko mila aukera, hemengo arazoei, eta hangoei ere nahi baduzu.
b: Eta zer? Ez da gauza bera han egotea. Ulertzen? Jendeari aurrez aurre begietara begiratzen. Han. Bunker batean. Guk hemen bera gabe entseatzen pasa ditugun orduetan, berari izarrek tiro egiten zioten. Ez duzu ikusten?
a: Ez.
b: Kontrainformazioa ezinbestekoa da, zerbitzu bat ari dira eskaintzen.
a: Et-et-et, orain aldarriekin hasiko zara? Ei! Ni naiz! Ez dut uste mundua nola dabilen azaldu behar didazunik. Ez etorri niri “kontrainformazioa” bezalako hitz ponposoak azaltzera.
b: Ba “egia” orduan. “Egia”. Egunkari bat itxi berri digute, demokraziaren izenean. Eta ez da lehen aldia. Ez duzu ikusten gauzak lehen eskutik entzutearen garrantzia?
a: Egia? Kar. Ziurrenik borondate onenarekin ari dira, baina gerra bateko lehen biktima “egia” izaten da beti, ezin da ahaztu alde guztiek interesatzen zaiena esaten dutela beti. Ez eman niri leziorik.
b: Ongi etorri xxi. mendeko ezkertiar zinismo cool-era!
a: Ongi etorri xx. mendeko ezkertiar idealismoen museora, sarrera ordainduta noski! (Geldiunea) Joan zaitez pikutara. Zu bezain beste maite dut C. (Beste trofeo bat hartuta)
Poesia Sari Nazionala.
Zertarako hainbeste ahalegin, inork oroituko ez badu, jendea berdin-berdin akabatuko badute.
b: Behingoagatik zer edo zer egiteko. Benetan egin. Besoak kiskalita galdu dituen jendeari aurpegia jartzen, beren izenak eta abizenak gordetzen, eskuz idatzitako libreta batean bada ere. Elkartasuna adierazi zurekin batere zerikusirik ez duen norbaiti. Ez duzu uste merezi duenik?
a: Batzuetan errazago adierazten diogu elkartasuna urrun dagoenari, etxean dagoenari baino.
b: Baina bera “han” dago. Berarentzat orain “hura” da “hemen”. Momentu honetan hangoek berarentzat ezezagun batzuk izateari utzi diote.
a: Literatur Kritika Saria.
Ipuin ez-sexisten lehiaketa bigarren saria.
(Geldiunea.)
Benetan inporta duten lorpenek ez dute trofeorik behar. Aski da pertsona bakar batek oroitzea.
b: Eta zertarako balio digu guri antzerkia egiteak? Edo idazteak? Edo abesti bat kantatzeak? Ez al da gauza bera? Ez al da okerrago?
a: Kaka.
(Isilunea. bk beste egunkari bat hartu du.)
b: “Apirilaren 9a. Basamortuko hiriburua. Kazetarien eta elkartasun taldearen hotela. Brigadistaren kronika Egunero egunkariarentzat:
Igandea da eta lehenbiziko aldiz kristauen jai egunari ohore egin diogu gehiengo musulmaneko herrialde honetan. Hitz batean, berandu arte geratu garela ohean, dagoen lasaitasuna aprobetxatuz. Batek daki hurrengo loaldian zenbat aldiz esnatuko gaituzten leherketek eta hiltzaileen hegaldiek.
Bat-batean, hego-sortalderako errepidearen gurutze-bidean pasatzen ari garen zubi gainetik, han behean, hilotz bat dago, jendez inguraturik. Milizianoak, soldaduak eta kazetariak bere gainean. Lehenak poz-pozik, beren armak airean, abestuz eta leloak oihukatuz. Hildakoaren izena Abrahams da eta armada estatubatuarrarentzat lan egiten zuen; basamortuko soldaduek txikitu zuten tankea, eta beraiekin batera ospatu dugu garaipen txiki hura. Eta, beti bezala, hemen, garai hauetan, gorakada baten ondoren bajoia, beherakada badator. Oraingoan Nasdaren begietatik iritsiko zaigu. Hiriburuko ospitalerik handienean dago, eta bakarrik gelditu da. Aireportuaren ondoan bizi zen, eta bertan pilotu amerikar batek bere ama, aita, sei ahizpa eta hiru anaia hil zituen, herenegun, bere etxea suntsitzeaz gain. Nasdak ez dauka nora joan bere zauri larriak sendatzen direnean. Ospitaleko erizainen senideek laguntzen dute, bere ohetik doi-doia begiratzen zigun bitartean, serio, ezer ulertzeko ahalmena kendu berri dioten heste zatiarekin batera erauzi baliote bezala.
Ospitaletik irtetean, pilotu batek —beharbada Nasdaren familia osoa ezabatu zuen berberak— bere lana nola betetzen duen ikusteko aukera izan dugu. Sistematikoki, abiadura hartu han goitik; pikatua egin, bere heriotza zama askatu, argi gorri arrosario baten moduan, eta gorantz berriro. Bira egiteko, beste eraso bat jotzeko. Hiru aldiz, hamar-hamabi argi gorri bakoitzean; guztira, hogeita hamar-hogeita hamasei argi gorri hiri gainera erortzen, jende artera erortzen. Nahikoa dugu kristauen jai eguna izateko”.
a: Izar madarikatuak! Badakit, bai, izugarria da, eta zertarako balio dit niri hori jakiteak? Zer aldatuko da nire bizitzan?
(Telefonoa hoska. Biak urduri telefonora.)
a: Nor zen?
b: Kazetari bat.
(Isilunea.)
a: Dominó. Izenik ez, datarik ez.
Patata Tortilla. Izenik ez, datarik ez.
Ping Pong. Izenik ez, datarik ez.
Ballet. Izenik ez, datarik ez.
b: Eta ez badut inoiz gehiago berarekin hitz egiteko aukerarik?
a: Ez esan txorradarik. (Pentsakor. Larriturik) Joder...
(Isilune oso luzea. ak trofeoak ateratzen jarraitzen du.)
a: Itzalean geratzen diren garaipenak. Axola ez duten garaipenak.
b: Garaipen guztiek axola dute.
a: Baita itzalean geratu direnek ere?
b: Horiek batez ere. Pertsona bakar baten bizitzan eragina izan baldin badute, aski horrekin.
a: Erromantikoa! Ez zaizu iruditzen dagoeneko pasa dela heroien garaia?
b: Zer esan nahi duzu?
a: Inor enteratzen denean da norbera heroi. Bestela ez. Inor enteratzen denean ematen da garaipena. Bestela ez da. Horregatik behar ditugu komunikabideak. Ez garaipena lortzeko, baizik eta itzalean geratu diren garaipenak egon direla ospatzeko.
b: Eta horretarako daude heroiak, zer ospatua edukitzeko.
a: Heroien zabortegia da historia. Zein kubotan birziklatzen dira heroiak? (Isilunea) xxi. mendeko iraultzak isilak izango dira, edo ez dira izango.
b: Zergatik diozu hori?
a: Informazio saturazioa dagoelako. Hainbeste titular eta suplenteren artean ez dago ezer ulertzerik.
b: Horretan behintzat bat gatoz. Nik ere ez dut gustuko “heroi” hitza baina...
a: Baina zer?
b: Elkartasuna ez da berez ematen. Norbaitek adierazten du beti elkartasuna, pertsonaren batek.
a: Elkartasuna beharra duen norbaiten alde zerbait egitea da. Ez zerbait esatea, egitea baizik. Eta hortik inolako etekinik ez ateratzea.
b: Baina elkartasuna isilean, mutu, ekintzen bitartez adieraztea ez zaizu iruditzen ekintza heroikoa?
a: Ze ostia inporta du horrek? Elkartasuna jasotzen duenak du garrantzia, ez alderantziz. Areago, elkartasuna jasotzen duen horren gorputzean bizitzak islatzen duen gatazka. Pikutara heroiak eta heroiak behar dituztenak! (bri barre) Badakizu? Idealista hutsa zara.
b: Baita zu ere. Zinikoak zarete idealistarik erradikalenak.
(Isilunea. Lehengo ekintzei heldu diete berriz ere.)
a: Begira hau.
b: Zer?
a: Egun bakarrean laztan gehien eman dituenari guinness world record 1987.
b: Nork irabazi zuen?
a: Ez dakit.
b: Ez du jartzen?
a: Ez.
b: Eta lekua? Non gainditu zen errekorra?
a: Hori ere ez du jartzen. (Geldiunea) Norbaitentzat egun ahaztezina izan zen hura.
b: Bai.
a: Bakarren batek oroituko al du egun hura? Laztan horiek jaso zituztenetatik zenbat daude bizirik?
(Isilunea.)
a: Badakizu zer falta den hemen?
b: Zer?
a: Lore sortak. Zimeltzen diren trofeoak.
(Isilune laburra.)
b: Zerbait aitortu behar dizut.
a: A bai? Zer?
b: Ez esan inori, ados?
a: Hainbesterako al da ba?
b: Ez dakit. Baina uste dut askok ez luketela ulertuko.
a: Ulertu zer?
b: Apur bat lizuna da agian, segur aski burges nazkagarri bat besterik ez naiz, baina...
a: Zer, ostia!?
b: Inbidia ematen dit.
a: Gerran egoteak?
b: Ez. Egiten duzunak zeozertarako balio duen sentsazioa edukitzeak. Nahiz eta gezurra izan.
(Isilune luzea. bk beste egunkari bat hartu du. Testua begiratu du, eta pausa baten ostean, irakurtzen hasi da.)
b: “Apirilaren 10a. Basamortuko hiriburua. Kazetari eta elkartasun taldearen hotela. Brigadistaren kronika Egunero egunkariarentzat:
Tristurak jota gaude estatubatuarrak erdiguneraino sartu direlako, baina hau ez da amaitu; luze joko du.
Gu oso-oso lasai geunden. Arratsaldean, ordea, telefonoz hitz egiten ari nintzela, bat-batean, deia bukatutakoan batzuk etorri dira: ‘Hor daude!!’. ‘Hor daude, baina nortzuk?’, galdetu diet. ‘Amerikarrak’, beren erantzuna. Izan ere, hotelaren gibelean 50 metrora-edo tanke ilara bat zegoen, hiri erdialderako bidean.
Orduan motxilak egin eta gestioak egiten hasi gara enbaxadaren batera joateko, babes bila. Bagenekien Kubako enbaxada oso arriskutsua izango zela, inguru horietan oso borroka gogorrak izaten ari zirelako. Beraz, Vatikanokoan saiatu gara; baina, berriro ere —aurreko batean galdetu genuen— ezezko biribila eman digute. Bertatik oinez atera gara, trapu zuri eta guzti, eta, justu, hoteletik 200 bat metrora dagoen plazan... ttak! Hor agertu dira beste aldetik, bertara doan etorbidetik: marine-ak. Beraz, buelta eman dugu.
Sentsazio mingots batekin geratu gara. Alde batetik, tristura, ez baikenuen espero dena hain bizkor joatea, eguerdian oraindik pentsatzen baikenuen estatubatuarrak oso urrun zeudela. Esperantza bagenuen oraindik ez zirela sartuko. Baina gero esperantza hori bertan behera geratu da. Botere militarra garaile atera da, aurreikustekoa zen, baina beti gordetzen duzu esperantza bat. Alde horretatik, triste. Orain herri hau atzerriko potentzia baten mende egongo da, munduan beste hainbat herri bezala. Bestalde, guk, oraingoz arriskutik at gaudenez, halako lasaitasun bat dugu gure elkartasunarekin segitzeko. Hau ez da amaitu: borrokak jarraitzen du oraindik eta horretarako denbora egongo da aurrerantzean ere”.
a: Sekulako ostia hartuko du.
b: Nork?
a: Ck.
b: Ez zaituzte hunkitzen bere hitzek?
a: Bai, noski. Horregatik diot.
b: Esan zer?
a: Sekulako ostia hartuko duela.
b: Aski da. Ostia, zergatik?
a: Ez duzu ikusten?
b: Ez.
a: Bueltatuko da. Ezer lortu gabe. Ezer aldatu gabe. Beno, bai. Berak aurpegia jarri die zenbaki batzuei. Liburu gogokoak, maitaleak, janari faboritoak dituzte han utzitako gorputz zatiek. Izena dute, etorkizuna dute, zer galdua dute hango gorputz zatiek. Hori da aldatu den bakarra. Eta berak orain badaki, eta, bueltatzen denean, lan egunetik lan egunera, gabon jaietatik gabon jaietara, parrandatik parrandara… ezingo du sekula ahaztu.
b: Energia horrekin emango diozu ongi etorria bueltatzen denean…?
a: Zer esan nahi duzu?
b: Zuretzat guztia da ezer egin gabe jarraitzeko aitzakia bat. Porrota barne.
a: Zuretzat ez, ala?
b: Zer da porrota?
a: Zure helburuak ez betetzea.
b: Ados. Ba ikas dezagun helburuak hobeto finkatzen.
a: Zuk ez al zenuen ba, mundua aldatu nahi? Gaurko progreek teoria berritzaileak sortzen dituzue inolako sinesgarritasunik gabe: postekonomia, postiraultza, postezkerra... Baina fondoan, gauza bera jarraitzen duzue amesten: mundu hobeago bat. xx. mendeko iraultzekin amesten jarraitzen duzue, borroka aspaldi galdu dela onartu gabe.
b: Joan zaitez pikutara.
(Isilunea.)
a: Barkatu. (Pausa) Sentitzen dut. (Pausa) Urduri nago.
b: Bai, badakit. (Pausa) Eta badakit neurri batean arrazoia duzula.
a: Ez da heroientzako garaia.
b: Ez da…
a: Ez da existitzen garaipenik.
b: Badakit…
a: Elkartasunak une bat besterik ez du irauten. Sistemaren barruko elkartasuna da soilik iraun dezakeena. Limosna. Norberaren estatusa mantentzearren banatzen den gupida.
b: Horregatik ba…
a: Horregatik zer?
b: Horregatik da hain garrantzitsua zerbait galtzeko prest egotea, norbera ez den zerbaiten alde porrot egiteko prest egotea. Zer egon daiteke gaur egun hori baino probokatzaileagorik? Zer egon daiteke zer edo zer galtzeko prest dagoen elkartasuna baino asaldagarriagorik?
a: Bravo! Bravo! (Txaloka) Yanki bat egongo balitz hemen Hollywoodeko pelikula bateko amaiera epiko bat idatziko luke zure hitzekin. Eta aberastu egingo litzateke gainera.
b: Aski da. Oraingoz hemen ez dugu ezer egiten… Joango gara tabernara?
a: Errenditu egingo zara?
b: Une bat besterik ez da izango, tregoa txiki bat. Ospatu dezagun gure lagunaren porrota, zer pentsatu franko eman digu eta. Ederra da hori.
a: Urtebete barru ahaztua izango dugu.
b: Agian bai. Baina nik benetan uste dut aldatu egin naizela bera han egonda, eskertzen diodala teorietatik harago zer edo zer egin izanak.
a: Optimistak zarete kontsumitzailerik fidelenak.
b: Pesimistak zarete optimistarik erradikalenak.
(Barre egiten dute.)
a: Goazen… tabernarik gabe, bakerik ez!
b: Ospakizunik gabe, garaipenik ez!
(Badoaz. Jarraian arte instalazio moduko bat sortuko da: argi-ilunen artean espazioan banatutako trofeo guztien silueta nabarmentzen da. Trofeo guztiek kanposantu bateko hilarriak bailiran espazio osoa hartzen dute. Kea.
Ilunera goazen heinean, telefonoa joka hasiko da, behin eta berriz, urgentziaz bezala. Argien bitartez trofeoek sortzen duten kanposantu antzeko irudia gero eta nabarmenagoa da.
Telefono hotsa amaitzen denerako, kanposantuaren gisako irudia osatua dago argi-ilunetan).