Aztitza
Aztitza
Oier Guillan
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
270 orrialde
978-84-19570-42-0
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2013, poesia
2009, poesia
 

 

DETEKTIBE EMOZIONALA

 

 

Testu hauek bi performanceren oinarria izan ziren. Batetik, Zauri Bolodia pertsonaiaren ahotsean, Bilboko Dantzerti eskolan 2019ko apirilaren 5ean egindako performancean. Bertako parte hartzaileak Javier Barandiaran, Asier Sarasola, Idoia Beratarbide, Maite Aizpurua, Ainhoa Alberdi eta Oier Guillan izan ziren.

 

Bigarren aldian Iruņeko Karrikiri elkartearen enkarguz, VHS (Susa, 2020) nobelan oinarrituta egindako performancean, 2023ko martxoaren 16an. Emanaldi hartan Ainhoa Alberdi, Oscar Picazo eta Oier Guillan jardun ziren aktore. Kasu honetarako liburuko protagonista den Aitziber “Detektibe emozionala”ren ahotsera egokitu ziren. Bigarren bertsio hau da liburu honetara dakarkiguna.

 

 

Sarrera

 

Gaurko emanaldian parte hartu behar zuen aktoreak kale egin digu, baina, horren ordez, ekitaldia bertan behera ez uztearren, aktore horrek antzeztu behar zuen pertsonaiak gutun bat idatzi du, gaur hemen irakur dezagun. Neronek irakurriko dizuet istorio honetako pertsonaiak idatzi dizuen gutuna. Ez da aktore batek interpretatzea bezala, baina horrela behintzat ez zarete hemendik belarri hutsik joango.

 

 

1.

 

2023ko martxoaren 16an, Iruņean, Karrikirira bidalitako email analogikoa, alegia, gutuna.

 

Arratsalde on, Karrikirira gerturatu zareten guztioi:

 

Aitziber dut izena, VHS sasinobelako protagonista. Agian zeuen buruari galdetuko diozue, nola da posible fikziozko pertsonaia batek gutun bat idaztea. Galdeiozue, lasai, nik ez daukat erantzunik. Nire lana ez baita erantzunak topatzea, galderak egitea baizik. Hori baita, izan, nire lanbidea: detektibe emozionala naiz ni. Baten batek esango du, zer arraio da detektibe emozional bat? Ez dakit, aizue, galdeiozue Oierri, berak idatzi bainau. Nire lana, funtsean, misterioak topatzea da, baina ez haiek argitzea. Ez ote gabiltza, egunerokotasun postpandemiko honetan, misterio apur baten beharrean? Ba horixe da planteatuko dizuedana, gaur gorpuztu behar ninduen aktoreak kale egin digunez: gorputza galdu duen pertsonaiaren kasua. Kasu honetan ez da gorpu bat agertu dena, desagertu dena baizik. Nirea. Nolakoak ote dira fikziozko pertsonaien gorputzak? Baina ez zaitezte okertu, hau ez da metantzerkia, ez da metaliteratura, metastasis poetikoa baizik. Zer esan nahi du horrek? Ez dakit, baina hitz jokoa oso ondo geratzen da.

 

Neure burua, naizen pertsonaia Oierren ahotsarekin imajinatzen dut. Berak idatzi nauelako. Eta galdetuko duzue: Nor da nor? Zein da zein? Nor da orain, zuen aurrean, hitz egiten ari dena? Antzezlan honetako pertsonaia da, ala hura idatzi duena eta aktoreak kale egin duela esanez fikziozko pertsonaiaren, alegia, nire izenean, gutuna irakurtzen ari zaizuen idazlea, Oier deritzotena? Misterioa. Fikzioa. Galderak pausatzea da nire lana. Erantzunak nahi badituzue, itxaron maiatzeko hauteskundeetara.

 

Lagunak, lagunok, lagunek:

 

Gutun hau idazten ari naizen unean hor irudikatzen zaituztet, oholtzara begira, nire hitzak ahoskatzen ari den tipo bitxi hau zertan ari ote den pentsatzen. Goxo, eguraldi ona egiten duelako orain, 19:17an, Karrikiriko kanpoaldean. Espero dut gustura egongo zaretela, lerro hauek entzuteko unean. Zuekin egon nahiko nuke, han, fisikoki, baina ezinezkoa zait. Ez naizelako existitzen, esan bezala fikziozko pertsonaia bat naizelako. Aitziber dut izena. Fikziozko pertsonaia bat izatearen kontzientzia duen fikziozko pertsonaia bat naiz ni. Fikziozko pertsonaia ahaldundua, badelako garaia fikziozko pertsonaiok literaturaz, antzerkiaz eta arteaz dugun iritzia plazaratu dezagun. Aitziber dut izena. Detektibe emozionala.

 

Detektibeok gure bezeroek beren kabuz erantzun ezin dituzten galderei erantzuna ematen saiatzen gara fikzioaren bitartez. Erantzunen bila joaten gara susmagarriengana, eta galderen bila haien istorioetara. Berdin aktoreek, zein idazleek, zein performerrek, zein iluminadoreek, zein pasteleroek. Nik badakit hitz hauek esateko unean fikziozkoa naizela. Idatzi nauenak, Oierrek, edo gorpuztu behar ninduenak, kale egin duen aktoreak, ezingo dituzte inoiz esan nik esaten ditudanak. Horregatik ematen didate ahotsa, horregatik ematen didate gorputz politiko bat.

 

Gorputz politikoa, bai.

 

Aitziber dut izena eta titi iletsu bakarrarekin esnatu naiz gaur. Gauza hauek posible dira fikziozkoa naizelako. Publikoak idazten du fikzio hori. Zuek erabakiko duzue zer naizen. Zergatik esnatu naizen gaur titi bakarrarekin. Zer nolako gorputza den Aitziber: gorputz politiko bat, gorputz poetiko bat, gorputz ireki bat. Zuek idatziko dituzue gorputz honen mugak. Eta, zorte apur batekin, etxera eramango duzue misterioa.

 

Non ote daude bizitzan zehar galdu ditugun gorputz zatiak. Zerura edo infernura ote doaz, galdu ditugun gure gorputz zatiak. Azazkalak, ileak, hatzak; bete ez diren ametsak, galdu ditugun gorputz zatien modukoak ote dira.

 

Fikziozkoa naiz. Batzuetan ispilura begiratzen dut, neure buruaren bila, eta beti ikusten dut aurpegi ezberdin bat. Zuen aurpegia.

 

 

2.

 

Hemen gaurko misterioa: nolakoak dira ikusi ezin ditugun fikziozko pertsonaien gorputzak? Nolakoa imajinatzen nauzue zuek irakurleok, entzuleok?

 

Gutun hau idazten ari naizen unean, pintxo bat jaten ari naiz terraza batean, ardoaz lagundurik. Ardo nafarra. Aitziber in Donosti. Pintxoen eskaintza oparoen aurrean begiak bete eta beti pintxo bera hartzen duten horietakoa naiz ni: gazta untatua, antxoa zati batekin. Askatasuna agian ez delako gauza berriak probatzea, askatasuna beti hautu berdina lasaitasunez egin ahal izatea da. Agian.

 

Txoriak gerturatzen zaizkit ogi papurren bila, pintxoa jaten ari naizen bitartean. Eta pentsatzen dut: txoriei bost axola zaizkie askatasunari buruzko metaforak. Are gehiago, ez dakite metafora horiek existitzen direnik ere. Txoriei bost axola zaie euskal kantagintza. Jende askok egiten ditu txoriei buruzko metaforak. Baina inork ez oilaskoei buruzkoak. Oilaskoak jan egiten dira.

 

Herriaz mintzo gara, eta herria kaiola batean dagoen txoria dela uste dugu zenbaitetan. Herria bat eta bakarra balitz bezala, beti. Baina herria agian ez da txori bat, agian oilasko bat da.

 

Nora noa gogoeta hauekin? Ez daukat ideiarik ere.

 

Herria esatea publikoa esatea bezala da. Irakurlegoa. Ikuslegoa. Entzulegoa. Ukilegoa. Abstraktua eta zehatza era berean. Publikoa orain eta hemen fisikoki espazio bat okupatzen duen jendartea besterik ez da. Zuek. Zuek hau agian ez da inoiz errepikatuko. Zenbat aukera daude gaur hemen zaudeten pertsona guztiak kointziditzeko beste behin ere emanaldi batean, edo taberna batean. Orain eta hemen zaudetenok, ez beste inor. Orain eta hemen zaudetenok erabakiko duzue, emanaldiaren ostean garagardo bat hartzen, edo intimitatean bestela, nolakoa den nire gorputza.

 

Nolakoak dira fikziozko pertsonaiek jaten dituzten fikziozko pintxoak Donostian? Merkeak, oso merkeak.

 

Nik idazle arrakastatsua izan nahiko nuke. Alegia, autolaguntza liburuak idatzi nahiko nituzke. Autolaguntza liburuak gustuko ez dituztenentzako autolaguntza liburuak. Ni bezalakoentzat. Autoak errepidean botata uzten zaituenerako auto-laguntza liburuak dira garrantzitsuenak: txaleko horia jantzi ala ez, non demontre dagoen ordezko gurpila, eta bizitzaren beste mekanika batzuk.

 

Nire lagun batek, artista bera, honakoa esan zidan behin antzezlan baten sormen prozesuaz ari zela: inbidia ematen ziotela besteen traumek, berak ez duela inoiz izan konplexurik, gertuko heriotzarik edo maltratorik bere bizitzan. Artista txarra zela traumarik ez zuelako. Nola lortu ahots propio bat izatea traumarik gabe? Hori bera izan daiteke nire autolaguntza liburuaren titulua: nola izan artista traumatizatu bat, berez ez zarenean, hamar pausotan (eta Eusko Jaurlaritzako edo Nafarroako Gobernuko edo intermitentzia lortzeko beka batekin).

 

Pentsamendu hau bera lotsagarria iruditzen zait. Ez nintzateke inoiz ausartuko esaten jendearen aurrean. Baina fikziozkoa naiz, ze demontre. Eska iezazkiozue kontuak bozgora hau irakurtzen ari denari.

 

 

3.

 

Aitziber naiz ni. Fikziozko pertsonaia bat. Detektibea. Bere galderen bitartez fikziozko pertsonaien azalean sartzen den fikziozko pertsonaia. Detektibea izatea ere, paper bat interpretatzea delako. Detektibea naiz eta fikziozko pertsonaien azalean sartzen naiz, misterioak argitzeko. Errealitatearen maskara janzten dut errealitatea ulertzeko. Baina ez dut maskara jartzen beste bat izateko. Maskara jartzen dut soilik horrela posible delako neure buruaren beste bertsio bat. Ze esaldi ona. Karrikiriko liburuen kontra igurtziko nuke hankartea esaldi hori entzunda: maskara jartzen dut soilik horrela posible delako neure buruaren beste bertsio bat. Neure buruaren bertsio utopikoa, edo nazkagarria, edo lizuna, edo bortitza, edo ausarta, edo...

 

Nola imajinatzen duzue nire gorputza?

 

Detektibea izatea, eta idazlea, eta irakurlea, eta aktorea, gauza bera da. Misterioak iratzarri nahi ditugu. Funtsean, pertsonaiak jantzi mundu posibleak ulertzeko. Teatroa ez da ordubetez beste bat izatea. Teatroa ordubetez benetan zarena izan ahal izatea da, fikzio baten barruan. Eta ez al da liburu bat irakurtzea gauza bera? Neure buruaren bertsio utopikoak dira janzten ditudan pertsonaia guztiak, utopia zikin eta aitorrezinak direnean ere. Baina inor ezin da izan bere buruaren bertsio utopikoa denbora guztian. Arropa pilatzen delako labadoran. Pentsatu egin behar delako zer bazkaldu, zer afaldu, aldiro, egunero. Egunak milaka erabaki ezkutatzen dituelako, erabakiei kateatua egotea delako bizitza. Bizitza egunero errepikatzen den autodeterminazio erreferendum bat da. Bai edo ez. Ez edo bai. Baina zein ostia zen galdera?

 

Agian hori besterik ez da teatroa. Eguneroko autodeterminazio erreferendumean galderak zein diren oroitzea.

 

Eta galdera oro da, funtsean, misterio bat.

 

Nolakoa da fikziozko pertsonaien gorputza?

 

Misterio hau argitzeko pista batzuk, bueno, pistatxo batzuk emango dizkizuet.

 

(Pistatxoen zorro bat zabaldu eta publikoari ematen dizkio.)

 

Txiste txarrak egitea gorputz politikoen ekintza politikoa da. Alaitasunerako arrazoirik ez dagoelako, alaitasuna iraultzailea da. Txiste txarrek ez dute graziarik egiten. Grazia egiten duena txiste txarrak egiterakoan jendeak jartzen duen aurpegia da. Aurpegiei hatxe bat ikusten diedalako nik: haur-pegia.

 

Umorea oso gauza serioa da. Hain da serioa ezen barregarria ere suertatzen den. Gauza serio guztiak bezala. Min gehiegi dago eguneroko bizitzan, munduan, eta umorea, intsumisio ekintza bat da. Heriotzaren aurreko erresistentzia keinu bat. Oraina aldatzeko aukera ematen du umoreak, iragana eta etorkizuna norberaren esku ez daudenean. Eta horregatik maite dut feminismoa ere: u-morea delako.

 

 

4.

 

Batzuetan pentsatzen dut bizitzak, edo munduak, anarkismo berri bat behar duela. Nik ez dakit gehiegi anarkismoaz, ez naiz gertakizun historikoez ari. Uste dudana da, ezintasunaren aurrean benetan ezin dela iraultzaren kaosa antolatu eta administratu. Agian maitasun ekintza anonimoak, bat-batekoak, solidarioak behar ditu garai honek, izurrite bat bezala. Maitasunezko ekintzen terrorismoa, enpatia ilogikoa, elkartasun indiskriminatua eta anonimoa.

 

Ezezagun bati mina arintzea, ezezagun bati elkartasuna adieraztea, ezezagun bat laguntzea, hark zure berri sekula izan gabe. Slavenca Drakulic-ek kontatzen du behin ezezagun batek giltzurrun bat donatu ziola. Obsesionatu egin zuen horrek, eta bilatu egin zuen. Erizaina zen giltzurruna oparitu zion ezezaguna. “Zergatik oparitu didazu giltzurrun bat ni ezagutu gabe?” galdetu zion. “Norbaitek egin behar zuelako”, erantzun zion berak. “Eta zure seme edo alaba batek inoiz beharko balu?” berriz ere Slavencak, harriturik. “Ba orduan espero dut beste norbaitek inoiz gauza bera egingo duela beraiengatik”, erantzun zion besteak. Drakulicek liburu bat idatzi zuen elkartasuna ezezagunei adierazten dieten pertsonei buruz. Eta liburua erabateko porrota izan zen, inori ez zaizkiolako pertsonen gauza onei buruzko istorioak interesatzen.

 

Elkartasuna probokazioa baino probokatzaileagoa da. Eta hala da, egungo garai beltzetan zer izan daiteke sistemarentzat beldurgarriagoa trukean ezer jaso nahi ez duen elkartasun keinu anarkiko bat baino.

 

Eta gogoeta patetiko baina zintzo eta bihotzeko honekin agurtzen zaituztet, Karrikirin martxoaren 16an elkartu zareten izaki bitxiok. Gaur, ordu erdiz fikzioan jaio eta hil egin naiz berriz ere.

 

Nolakoa da fikziozko pertsonaien gorputza? Agian, zuetako bakoitzak du erantzuna, eta ezberdinak izanik ere, erantzun guztiak dira balekoak. Fikziozko pertsonaiena gorputz politikoa da. Maskara jantzi dut gaur, maskara jartzen dut soilik horrela posible delako neure buruaren beste bertsio bat. Norberaren aurpegia delako gezurrik benetakoena.

 

Sinatuta: fikziozko pertsonaia izateaz harro eta ase den Aitziber, detektibe emozionala.