Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
27. eszena
(umea plataforma borobilean gurasoen eztabaida entzuten. hiru emakumeak eskutik helduta bat eginda. gizona amorratuta, bere onetik ateratzen.)
gizona: Ez zoazte inora!
emakumea 2: Zergatik ez?
gizona: Neuk esan dudalako. Eta kito.
emakumea 2: Ahizpari agindu nion. Aspaldi ez gara elkartu.
gizona: Ezetz esan dizut.
emakumea 2: Umea ikusteak ilusioa egiten die.
gizona: Ilusioa! Ez zaitez inozoa izan! Noiz arduratu dira gure umeaz? Noiztik ez diote opari bat ekarri? Noiz eman diote euro bat, litxarreriatarako besterik ez bada?
emakumea 2: Dirua! Dirua!! Ahaztu diru madarikatua! Umeak ez du dirurik behar. Mendira joatekoak ginen.
gizona: Infernura bada ere, berdin zait. Umea ez da joango.
emakumea 2: Mesedez.
gizona: Tuntuna zara, ala zer ostia?
emakumea 1: Tuntuna, inutila, ergela, txolina... ganoragabea…
gizona: Eta madarikatua!
emakumea 3 (emakumea 2ri): Zoaz, bestela bizi osoan damutuko zara.
emakumea 2: Bagoaz.
(Hiru emakumeak umearengana hurbiltzen saiatuko dira. gizona tartean jarriko zaie.)
gizona: Ez zara ausartuko! Antton, zu nirekin zatoz kotxean buelta bat ematera.
(umea ez da ezer esaten ausartuko.)
emakumea 3: Anttonek lehengusuekin nahiago du.
gizona: Isiltzeko, ostia! Antton, norekin nahiago? Amarekin ala nirekin?
emakumea 2: Uztazu bakean. Ez gara joango eta kito. Zuk nahi duzuna egingo dugu.
gizona: Ez! Ez aldatu orain gaia. Erantzun, Antton!
umea: Nik...
emakumea 2: Umea estutzen ari zara.
gizona: Zer esan duzu?
emakumea 2: Ezer ez. Ez dut ezer esan.
emakumea 1 (emakumea 2ri esango dio): Hau amaitzea nahi dut.
emakumea 2: Hau amaitzea nahi dut.
gizona: Hau amaituko dugu behin gauzak argitu ondoren. Nik ez dut umea estutzen, entzun! Nahikoa zara zu horretarako. Bizitzen ere ez diozu uzten. Antton, altxa hortik. Egun pasa goaz zu eta biok.
umea: Ama ez da gurekin etorriko? Etortzea nahi dut.
gizona: Gaur ez.
umea: Zergatik ez?
gizona: Potroetan jartzen zaidalako, bale!? Ez hasi orain zu ere galdera txolinak egiten! Goazen!
umea (aho txikiz): Ez. Ni ez noa.
(gizona izoztuta geratuko da, begirada basatiarekin. emakumea 2 bera lasaitzera hurbilduko da. emakumea 1 eta 3 umea babestera.)
gizona: Zer esan duzu?
emakumea 2: Uztazu bakean.
gizona: Zu ixo, jode! (umeari) Antton, uzteko hori! Eta goazen!
(gizona zain dago kotxean. Oraingoan ere autoaren irudia aulkiekin osatuko da. emakumeak oso gozo arituko dira umearekin.)
emakumea 1: Esaiozu ezetz.
emakumea 3: Ez baduzu nahi ez duzu joan beharrik.
emakumea 2 (emakumea 1 eta 3ri hitz egiten die): Uztazue bakean, mesedez.... Ez al duzue ikusten beldurtuta dagoela?
gizona: Etortzeko esan dut!
umea: Ez.
gizona: Kabuen zotz! Ez niri aurka egiten ausartu, entzun?
(emakumea 2 umeari hurbiltzen zaio.)
emakumea 2: Zoaz, laztana. Oso ondo pasatuko duzu aitarekin.
emakumea 1: Zer esaten ari zara?! Ezin diozu umeari hori egin.
emakumea 2: Zu zaude isilik! Ez hasi niri esaten zer egin behar dudan edo zer ez. Oso ondo ezagutzen dugu elkar eta biok dakigu zer egin zenuen alde egiteko aukera izan zenuenean, oilobustia!
emakumea 3: Mesedez, lasaituko al zarete? Ez al duzue ikusten horixe dela berak nahi duena? Zuek nahastea eta ezer ez egitea?
gizona (barre sarkorra): Oilobustia! Oso izen egokia zuretzat. Ari zara konturatzen nolakoa zaren. Zuk ez duzu nortasunik, ez duzu ausardiarik ezer egiteko. Sekula ez duzu izan eta ezta izango ere. Tira, Antton.
(gizonak aulki bat hartu du kotxearena egiteko. Eseritakoan arrankatu egingo du.)
gizona: Igo kotxera.
(umeak emakumea 2ri begiratuko dio beldurrez. emakumea 1ek emakumea 2 besoetan hartu du eta hau negarrez hasiko da.)
emakumea 3 (umeari): Ez baduzu nahi ez duzu joan beharrik.
(Kotxearen motorra gero eta nabarmenago entzungo da: Brum! Brum!)
gizona: Igotzeko esan dizut!!!
(umeak beste aulki bat hartu eta gizonaren alboan eseriko da. Azeleragailua zanpatu eta alde egingo dute.)
emakumea 1, 2 eta 3: Kontuz!!!