Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
16. eszena: Loreak
gizona: Hil egin naiz. Horixe da esan behar nizun hirugarren gauza.
emakumea (zaplazteko bat emango dio): Minik sentitu al duzu?
gizona: Ba bai! Jode, a ze ostia eman didazun!
emakumea: Ikusten? Ezin zara hilda egon.
gizona: Gaur ezkerreko oinarekin altxatu zara, ezta?
emakumea: Hildakoek ezin dute minik sentitu, ezin dute ezer sentitu.
gizona: Antza bai, ze ni hilda bainago. Eta nik mina sentitu dut.
emakumea: Ze koldarkeria da hori? Hilda? Mesedez, e... Amarenarekin nahikoa izango ez banu bezala.
gizona: Nik esan dizut. Dagoeneko hiru gauzak esan dizkizut.
emakumea: Eta zer hiru gauza nahi duzu nik esatea? “Ze ondo”, “Aiba, zorionak hiltzeagatik” eta “Pozez zoratzen nago”?
gizona: Pena pixka bat sentitzea ondo legoke.
emakumea: Ba ez dut penarik sentitzen! Nik eskatu dizut hiltzeko? Esan dizut horretaz zerbait?
gizona: Gauza hauek normalean batek nahi gabe gertatzen dira.
emakumea: Nire bizitzan ez. Amak dena kontrolpean edukitzen irakatsi zidan, ume-umetatik. Beraz, ez etorri hona hilda zaudela esaten. Eta orain, inporta ez bazaizu, bakarrik egon nahi dut.
(emakumeak kutxa handia hartuko du eta bertan ezkutatuko da. ama sofan eserita dago, hiletarako zain.)
gizona: Hileta ordubete barru da.
emakumea (kutxa barrutik): Bale, oso ondo. Joan zu eta ondo pasa.
gizona: Ez izan gaiztoa.
emakumea: Eta maltzurra ere bai gogoa ematen badit.
gizona: Hori da esateko daukazun guztia?
emakumea (burua kutxa barrutik agertuz): Barkatu. Esan, hemen dena zuk esan duzu: niri hilda zaudela eta nire amari hona bizitzera etortzeko.
gizona: Horrexegatik, zu bakarrik ez egoteko eta bera ere konpainian egoteko.
emakumea: Ixo!
gizona: Zergatik zara horren gogorra?
emakumea: Zergatik? Zeurekoi hutsa zarelako. Bizitza izorratu didazulako. Nire bizitzan muturra sartu duzulako eta orain niri txintik esan gabe, amak gurekin bizitzera etorri behar zuenean, alegre, alegre, hanka egin nahi duzulako. Madarikatua zu, eta koldarra!
gizona: Nik ez nuen hil nahi.
emakumea (publikoari): Entzun diozue? Gainera eskerrak eman beharko dizkiot!
gizona: Momentu bat... Istripua izan da, Lore. Kotxe istripua.
emakumea: Noiz? Non? Nik ez dut istripurik entzun, ez dut istripurik ikusi… sinetsi egin behar dizut?
gizona: Bai! Hilda nago, Lore. Ez nuen ikusi, hogeita hamar urte txofertzan eta ez nuen ikusi gainera zetorrela. Eguzkiak bete-betean eman zidan!
emakumea: Berriz ere eguzkia. Tematuta zaude eguzkiarekin.
gizona: Atzo gertatu zen. Anbulatoriorako bidean. Zure ama ondo dago.
emakumea (galduta): Amarekin, nire amarekin zeunden?
gizona: Bai. Anbulatoriora eramateko eskatu zidan.
emakumea: Eta ni, ni non nengoen? Ze nik eraman behar bainuen ama anbulatoriora.
gizona: Lanean zinen.
emakumea: Eta zu?
gizona: Ni ere bai, baina nik telefonoa hartu nion...
(emakumeak gehiago ezinda, lur artean desagertzeko asmoz, lurrera botako du bere burua.)
gizona: Lore, ez egin hori mesedez. (Pausa) Ni hilda nago, baina zaude lasai, ondo sentitzen naiz.
emakumea: Jode, pila bat pozten naiz zuregatik! Ze poz, benetan! Eta nik, nola sentitu behar dut nik?
gizona: A, ni horretan ja ez naiz sartzen...
emakumea: Kabroia!
gizona: Hilda nago eta orain zurekin dagoena zure ama da.
emakumea: Zertan?
gizona: Zuri eusten. Gauetan eskua emateko prest dago.
emakumea: Eta aita?
gizona: Zure aita aspaldi hil zen.
emakumea: Eta satorrak?
gizona: Zure aitak hil zituen denak.
emakumea: Ez, ni satorra naiz.
gizona: Ez, zu ez zara satorra.
(emakumeak kutxa handia hartu eta, sofara itzuli eta eseri ondoren, kutxa buru gainean jarri eta bertan desagertuko da.)
emakumea: Bai, banaiz.
gizona: Ez, zu ez zara. Zu gure Lore zara. (Maitasunez, kutxari kolpetxoak emanez) Gorbata emango, mesedez? Hiletarako behar dut.
(emakumeak kutxa jaurtiko du eta behingoz egoera onartuko du.)
emakumea: Amarenean dago. Ez dizut lehen esan?
gizona: Eta zer egiten du han?
emakumea: Nire loredun soinekoarekin zegoen.